Metafora
Metafora hitza grezieratik dator, μεταφορά (μετά + φορεῖν), euskaraz “haratago daraman hitza”. Metafora tropo bat da. Sustraian bi osagaien arteko antzekotasuna dago non errealitate bat beste baten izenarekin ordezkatzen den; bati erreferentzia egiterakoan bestearen izena erabiltzen da.[1] Adibidez, perlak eta hortzak konparatzea metafora klasikoa da: “zure ahoaren perlak”. Hortzak esan beharrean, perlak aipatu ditugu.
Metafora erretorikan
Metafora literaturan antzinatik erabilitako figura da. Tradizionalki hiru elementu aipatzen dira: irudi erreala, irudi asmatutakoa eta haien arteko antzekotasuna. Horren arabera, lehen aipatu dugun adibidean “hortzak” elementu erreala dira, “perlak” irudietakoa eta haien arteko antzekotasuna, kolorea, dirdira, eta abar dira.
Mota desberdinetakoak dira:
- Metafora soila edo arrunta: bi hitzak bata bestearen ondoan agertzen direnean.
- Zure hortzak perlak dira
- Metafora purua: hitz erreala desagertzen denean, bakarrik asmatutakoa agertuz.
- Zure perlek liluratzen naute[2]
Tradizioz ere, metafora eta konparazioa bereizten egin dira. Haien arteko desberdintasuna honetan datza: konparazioan bi elementuen arteko antzekotasuna markatu egiten da (“zure begiak itsasoa bezalakoak dira”) eta metaforan identifikazioa ematen da (“zure aurpegiko itsasoa”). Dena dela, gaur egun, egile askok biak identifikatzen dituzte, konparazioa metafora mota bat bezala aurkeztuz.
Egungo literaturan, beste metafora mota bat erabiltzen da: metafora ameslaria. Mota horretan, bi terminoen arteko lotura ez dago garbi, irrazionalagoa da. Esaterako, “ilargia zeruan aizto bat da” hasieran behintzat ez dago oso garbi “aizto” eta “ilargi” arteko lotura.
Metafora eguneroko hizkuntzan
Eguneroko hizkuntzan sarritan metafora erabiltzen dugu, horretaz kontzientea izan gabe. Fenomeno hori hitz berriak sortzeko bidea da. Adibidez, ordenagailuko sagua aipatzen badugu, hor tresna teknologikoa eta animalia konparatu egin ditugu eta, ondoren, identifikatu. Beraz “ordenagailuko sagua” metafora baten bitartez sortutako hitz berri bat da.
Erreferentziak
- Jon Kortazar, 557 or.
- Jon Kortazar, 558 or.
Bibliografia
- Euskaltzaindia: Literatura terminoen hiztegia. Bilbo: 2008. 557-559.or. Jon Kortazarren artikulua.
- Angelo Marchese eta Joaquín Forradellas: Diccionario de retórica, crítica y terminología literaria. Bartzelona: Ariel, 1982. 256-260.or.