Mesterikako dama
Mesterikako dama edo Mesterikako burua, Mesterikako San Lorenzo baselizan aurkitutako hareharrizko eskultura bat da, buru bat irudikatzen duena.
Mesterikako dama | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | K.a. I. mendea |
Aurkikuntza lekua | Mesterika |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | hareharria |
Genero artistikoa | Burdin Aroa |
Kokapena | |
Lekua | Arkeologi Museoa |
Burua baselizaren horman sartua zegoen, baina, 1982. urtean, ermita zaharberritu zenean, handik atera eta gaur egun Bizkaiko Arkeologia Museoan dago, Burdin Aroaren gelan. Baseliza inguruan dagoen lur eremua, kultur ondare izendapena du, Balizako Arkeologia Eremua kategoriaren barruan eta ustezko arkeologia eremua babes-maila eman zion Eusko Jaurlaritzak 1997ko maiatzaren 5ean, beti ere 1990ko Kultur Ondareari buruzko 7/1990 legearen arabera[1].
Testuingurua
Horma berean beste disko formako lau estela zeuden, anepigrafikoak (testurik gabekoak) eta irudi geometrikoak zituztenak, gurutze eta galburu formakoak, Finagan agertu ziren bezalakoak. Finagakoak Malmasingo Burdin Aroko herrixkatik hartuak eta horman berrerabili zituzten. Gainera, zaharberritze lanetan bi estela berri aurkitu zituzten aldarearen azpian, Erdi Arokoak. Horien iruditeria, zirkulu zatiez eta ertzaren perimetroan marraztutako orlaz ostuta dago. horrek, Arrigorriagako VII. eta VIII. mendetako estelen taldean sailkatzera eraman ditu ikerlariak[2], akitaniar-frankoen aztarna taldearen barruan.
Bestalde, nekropolian egin ziren zundaketetan arkeologikoetan, erromatarren aurreko aztarnak aurkitu ziren, K.a. I. eta K.o. I bitartekoak[3][4]. Bizkaiko beste gune batzuetan gertatu bezala, bi motako zeramika puskak ere aurkitu ziren: pasta laranjakoak, tornuan eginak, eta pasta ilunekoak, eskuz eginak, bertakoak[5].
Buruaren ezaugarriak
Eskultura pertsona baten burua irudikatzen du, gizon edo emakume batean. Aurpegiaren itxura nahiko oinarrizkoa da, gainetik landu dena. Atzealdean marraz egindako irudi geometrikoa ikusten da, trentza bat bide dena. Bere itxuragatik Iberiar Penintsulako ipar-ekialdeko buru moztuekin erlazionatu daiteke[5]. Lepoan moztuta dago.
Bere funtzioa ezezaguna da, hileta edo erlijio errituetan erabili ahal izan zuten, babesa emateko objektua izan zitekeen edota gerla trofeoa[3].
Erreferentziak
- «ERABAKIA, 1997ko maiatzaren 5ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Meñakako (Bizkaia) Balizko Arkeologia Guneen Izendapena egiten duena.» EHAA (Gasteiz: Eusko Jaurlaritza) 107: 9730. Ekainak 6.
- Garcia Camino, Iñaki. (2002). Arqueología y poblamiento en Bizkaia, siglos VI-XII: la configuración de la sociedad feudal. Diputación foral de Vizcaya, Departamento de cultura = Bizkaiko foru Aldundia, Kultura saila ISBN 978-84-7752-332-1. (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
- (Gaztelaniaz) triskelpablo. (2020-04-08). «Ermita SAN LORENZO de MESTERIKA (Meñaka. Bizkaia).» ARKEOHISTORIA TRISKEL (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
- «MESTERIKA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
- García Camino, Iñaki. (2001). «La aportación de la arqueología al estudio del tránsito entre la antigüedad y el medievo en Bizkaia» Arqueología y territorio Medieval (AyTM) (Universidad de Jaén): 102. ISSN 1134-3184..