Messinako gudua (K.a. 397)

Messinako gudua K.a. 397an gertatu zen. Kartagok, Himilkonen esanetara, gudaroste bat bidali zuen Siziliara, Dionisiok Motia eraso zuelako. Himilkon Palermorantz abiatu zen eta handik, itsasotik eta kostaren ertzetik, Cape Pelorumera joan zen, ipar Messinatik 19 kilometrora. Messinarrak kartagotarren bila irten zirenean, afrikarrek 200 itsasontzi, soldaduz beterik, bidali zituzten hiriaren kontra. Messina konkistatu, arpilatu eta suntsitu zuten. Hiritarrak eskualdeko gotortekuetatik sakabanatu ziren. Gerraren ondoren, hiria berreraiki zen.

Messinako gudua
Siziliar gerren parte bat
Greziar-punikoaren maskaren nahasketa.
DataK.a. 397ko udaberria
LekuaMessina, Sizilian
Koordenatuak38°11′00″N 15°33′00″E
EmaitzaMessina sarraskiturik
Gudulariak
Siziliako grekoak
Messina
Kartago.
Buruzagiak
Ezezaguna Hanibal Magon
Himilkon Hannon
Indarra
Ezezaguna 50.000 oinezko
600 trirreme eta garraiokoak
Galerak
Ezezagunak Ezezagunak

Aurrekariak

Kartago, Siziliako arazoetatik at egon zen 70 urtez, Himerako porrotaren ostean K.a. 480an. Hala ere, Kartagok Segesta laguntzeko Selinonteren kontra, Hanibal Magonen esanetara espedizio bat bidali zuen, Selinonte eta Himera birrindu zituena K.a. 409an[1]. Hala ere, greziarrek jarraitu zutenez kartagotar eskualdeetan erasoak eginez, Hannibalek erantzun zuen beste espedizio batekin eta Agrigento (K.a. 406an), Gela eta Camarina (K.a. 405ean) konkistatu zituen. Urte horretan bukatu zen gatazka Himilkonek eta Dionisiok (kartagotarren eta Sirakusako buruzagiak, hurrenez hurren) bake itun bat sinatu ondoren[2]. Akordioaren arabera, Kartagok eskuratuko zuen Siziliako %60, baina ez zuen oztoporik jarri Dionisio Sirakusako agintari gisa jarraitzeko. K.a. 405-398 artean, Dionisiok gotortu zuen Sirakusa baita bere boterea ere. Armada eta ontziteria handitzeaz gain, lurralde gehiago kontrolatu zuen eta sortutako matxinadak zapaldu zituen. Horretaz gain, langileak kontratatu zituen arma berriak egiteko hala nola, katapulta eta quinquerremeak[3].

Dionisiok Kartago erasotu zuen

K.a. 398an, Dionisiok enbaxada bat bidali zuen Kartagora gerra deklaratzeko punikoek kontrolaturiko greziar hiriak askatzen ez bazituzten. Mezulariak Sirakusara itzuli baino lehen, Dionisiok baimena eman zien mertzenarioei greziar lurraldeetan kartagotar biztanleak hiltzeko eta haien jabegoetan sarraskiak egiteko. Horren ostean, Motiara abiatu zen 200 gerra-, 500 garraio-itsasontzirekin eta gerra-makinekin[4]. Motiara heldu baino lehen, greziar hiri guztiak eta zenbait sikulo eta sikano Dionisioren alde lerrokatu ziren eta kartagotarrak erailtzeaz gain soldaduak armadara bidali zituzten. Palermok, Soluntek, Anziraek eta Entellak Kartagorekiko leialtasunekin jarraitu zuten. Dionisioren armadak 83.000 gudari zituen Motian[5]. Dionisiok Erice konkistatu zuen, Segesta eta Entella setiatu eta Motia kontrolatzeari hasi zen.

Motia konkistaturik

Motia ondo gotortutako hiria zen laku baten inguruan. Hiritarrek defendatzeari ekin zioten kaia moztuz, lehorrarekin lotzen zuena. Baina Dionisiok kaia konpondu zuen eta dorreak erabili zituen arieteak harresien ondoan edukitzeko. Murrua apurtu eta gero, soldaduek hiria eraso zuten. Egoera horretan, Himilkon Kartagotik Motiara irten zen eta greziar ontziteria ustekabean harrapatu zuen, zeinaren parterik handiena hondartzaratu zen[6]. Himilkonek hainbat garraio-itsasontzi txikitu zuen eta lakuaren iparraldean greziar gerra-itsasontziak harrapatu ere. Estualdi horretatik irtetzeko, Dionisiok egurrezko plataforma bat eraiki zuen Motiako itsmoko iparraldean, itsas zabalera arrastaka itsasontziak eramateko. Harrituta, Himilkonek flota erretiratu zuen. Orduan, Dionisiok Motia erasotzeari ekin zion eta hau erori zen nahiz eta erresistentzia gogorra jarri. Konkistatu ondoren, hiria arpilatua izan zen, nahiz eta beranduago, hondarrak gotortu. Segesta eta Entella setiatu zituen ere baina azkenean, Sirakusara erretiratu zen flota eta armada gehienarekin negua igarotzeko. Haren anaiak, Leptinesek, 120 itsasontzirekin jarraitu zuen Ericen ondoan, horien artean, gutxienez 30 quinquerreme zeuden[7].

Kartago kontraerasoan

Ezer gutxi dakigu Kartagoren jarduerei buruz K.a. 405-397 artean. Urte horietan, Dionisio indartu zen eta bake-ituna apurtu zuen sikuloak erasotzean. Baliteke, K.a. 405eko Sizilian sortutako izurriarengatik Kartago ahultzea. Dionisiok Motia setiatzean eta kartagotarren menpeko greziar hiriak askatzean Kartagori eragin zion aipatutako indarra bidaltzeko, baina emaitza eskasekin. Kartagok ez zuen armada finkorik, beraz, mertzenarioak kontratatu eta armadan sartu arte ezin zuen ezer gehiagorik egin. Siziliarako alokatutako armadak 50.000 oinezko, 4.000 zaldun eta 400 gurdi zituen. Flota, berriz, 400 trirremez eta 600 garraiotako osatuta zegoen[8]. Himilkon, berriki errege aukeratuta izan zena, armada eta flotarekin irten zen Siziliarantz K.a. 397an, baina kapitanei agindu zien helmuga ez esatea.

Flota punikoa Palermorantz zihoala Leptinesena aurkitu zuen. Honek 50 garraio-ontzi, 5.000 gizon eta 200 gurdi hondoratu zituen. Haize mesedegarri bati esker gainontzeko garraio punikoek ihes egin zuten[9].

Palermon 30.000 siziliar armada punikoan sartu ziren eta Himilkon Motiara abiatu zen. Bidebatez, traizio bati esker, Erice konkistatu zuen. Motia sikuloen garnizio batek defendatzen zuena, Bitonek aginduta, oso erraza zen konkistatzea. Himilkonek Motia berreraikitzearen ordez Marsala sortu zuen. Hurrengo lanak, Segestako setioa altxatzeak, ez zien kartagotarrei arazorik eman, greziarrek etsaia ikustean abandonatu zutelako.

Messinarako bidean

Himikon Motian aritzen zenean, Dionisiok Segesta eta Entellako setioak kendu zituen Sirakusara joateko. Segestarrek, setiatuta zeuden bitartean, buruhausteak eman zizkieten greziarrei, gauez egindako irteera batean greziar kanpalekua erre zutelako. Beharbada, Dionisiok ez zion kartagotar armadari aurre egin elimoen eskualdean ahulago zelako; harekin bakarrik bi hiri lerrokatuta zeudelako. Hauetariko bat, Erice, erori zen eta Halizia, Motia konkistatu bezain pronto, Dionisiorekin aliatu zena, berriro etsaiarekin igarotzear zegoen[10]. Messina, garai hartan Zankle izenekoa, greziar hiri bat bazen ere, kartagorrekin K.a. 480tik itunduta zegoen. Kartagok eta Sirakusak, K.a. 405eko itunean, elkarri agindu zioten Sirakusa eta sikuloen independentzia bermatuko zutela, baina Dionisiok akordioa apurtzean K.a. 404an, Messina Sirakusarekin aliatu zenez eta Kartagok ituna apurtutzat jo zuen ere. Himilkonek K.a. 406an, Siziliako hegoaldeko kostatik ekialderantz abiatu zen eta Akragas, Camarina eta Gela menperatzean ospil ugari lortzeaz gain, Sirakusari aliatuak kendu zizkion. Halere, Himilkonek beste aukera bat hartu zuen Sirakusa zuzenean erasotzeko. Kartagotar armadak Palermora itzultzean hainbat soldadu errekrutatu zituen haren jabaria defendatzeko[11], Himilkon Messinarantz itsasoratu zen 600 gerra- eta garraio-itsasontzirekin. Ez zuen eten bat egin Himera zigortzeko matxinatzeagatik, horren ordez, Lipariraino jarraitu zuen non, zerga gisa, 30 zilarrezko talentu jaso baitzituen[12]. Harrezkero, Sikulo guztiek, Aserinikoek izan ezik, Dionisioren kausa utzi zuten. Bitartean, Himilkonek itunak egiten zituen Himera eta Zefaledionekin hordidurazko bidea zaintzeko. Liparitik armada ekialdera abiatu zen eta Cape Pelorumenean lehorreratu, Messinatik 19 kilometrora. Himilkonek Siziliara eramandako indarra, K.a. 397an, 50.000 soldaduz osatuta zegoen, gehi 400 trirreme eta 600 garraio-itsasontzi[13]. Armada hau 30.000 siziliarrekin gehitu zen (sikuloak, elimoak eta sikanoak)[14], baina ez dago argi zenbat indar utzi zen mendebaldeko Sizilia babesteko, 300 trirreme eta 300 garraiokoekin Liparirantz irten zenean. Kartagotarrak Cape Pelorumean kanpatu ziren, Poseidon santutegiaren ondoan[15]. Siziliako hiri handienek, Sirakusak eta Agrigentok adibidez, 10.000-20.000 biztanleen artean izango zituzten[16], beste hiri txikiago batzuek, hala nola, Himerak eta Messinak, 5.000[17] eta 6.000[18] soldadu bilduko zituzten. Messinak 30 trirreme antolatu zituen Sirakusaren kontra K.a. 399an[19].

Kartagoko kohorteak

Libiar infanteria astuna eta arina armadaren unitate disziplinatuenak ziren. Astunak formazio itxian borroka egiten zuen, ezpata luzeekin eta ezkutu biribilekin armaturik. Kaskoak eta lihozko korazak zeramatzan ere. Libiar infanteria arinak, berriz, xabalinak eta ezkutu txikiak zituen. Iberiar infanteriak tunika zuriak, purpurazko ertzekin, jantzi zituen baita larruzko kaskoak ere. Infanteria astunak falange trinko batean borroka egiten zuen,xabalinak, ezkutu luzeak eta ziztatzeko ezpata txikiak zituelarik[20]. Campaniako, Sardiniako eta Galiako infanteriek berezko tresneria zuten[21], zenbaitetan, Kartagok ekipatzen zituen. Sikuloen eta beste siziliar batzuen ekipamendua greziar hopliten antzekoa zen. Libiarrek, kartagotarrek eta libio-feniziarrek ondo prestatutako eta disziplinatutako zalditeria zuten eta ezpata sastatzaile eta ezkutu biribilak zeramatzaten. Numidiatik zalditeri arina ezin hobea zetorren xabalin multzo batekin horniturik eta zaldiak gidatzen zituzten brida eta estriburik gabe. Iberiarrek eta galiarrek zalditeria zekarten. Libiarrek lau zalditako gurdi gehienak zituzten[22], baina Kartagok, oraindik ere, ez zituen gerrarako elefanteak erabili[23]. Himilkonek gurdiak galdu zituen greziarrek Ericen 50 gerra-itsasontzi hondoratu zituztenean. Dirudienez, horietatik sirakusarrek ezin zuten bakar bat berreskuratu. Kartagotar ofizialek armada osoan agintzen zuten, zenbait unitatek berezko buruzagiak bazuten ere. Itsas-armada punikoan, gehienbat trirremez osatuta zegoena, tripulazio gehiena kartagotarra zen, baina bazeuden libiarrak eta beste kartagotar eremuetatik etorritakoak ere. Kartagotarrek nahiago zuten maniobratzeko itsasontzi errazak, bela handiagoak zituztenak azkarrago nabigatzeko, baina itsasontzi bakoitzean marinel gutxiago zituzten greziarrek baino[24]. Ezaguna da kartagotarrek Sirakusako quinquerremekin topo egin zutela Motian. Dirudienez, greziarrek itsasontzi mota horiek asmatu zituzten[25], baina ez dago argi holako itsasontziak Messinako kanpainian agertu ziren.

Greziar armada

Greziar armadaren mamia hoplitak ziren, gehienbat hiritarren artean lortutakoak, Italiatik eta Greziatik bazeuden ere. Zalditeria hiritar aberatsen eta mertzenarioen artean aukeratzen zen. Hiritar batzuk peltastak ziren, mertzenarioak, berriz, arkulariak, habailariak eta borrokatxoak hasteko. Nahiz eta Messinako flotak trirremeak erabili, honen kopurua eta kokapena ezezaguna zaigu.

Siziliako antzinako hiriak

Messinako gudua

Messinako harresiak aspalditik ez ziren konpondu[23], beraz, hiria ez zegoen prest setio bat pairatzeko. Are gehiago, horren zalditeria eta hainbat soldaduk Sirakusako armadan parte hartzen zuten, horregatik Messinako gobernuak erabaki zuen kartagotarrei hiritik kanpo aurre egitea, hots, haien kanpamentuaren ondoan[26]. Armada punikoa greziarra baino askoz handiagoa zenez, Mediterraneoa menperatzen zuen. Greziarren helburua ez da argia. Beharbada, bakarrik nahi zuten etsaien mugimenduak zelatatzea, baina ez zuten haintzat hartu Itsasotik eraso bat letorkiekeela. Profezia batek zioen kartagotarrak urketariak[27] izango zirela Messinan, horrek, agian, mesinarrei adore eman zien handiagoa zen idar baten kontra borrokatzeko. Hainbat emakume eta ume hiritik joan ziren greziarrak irten baino lehen.

Messinako erasoa

Himilkonek ez zien aurre egin greziarrei bere kanpamentura hurbiltzean. Ezezaguna da Messinak zenbait itsasontzi zituen gudurako. Greziarrak hurbitzen zirela ohartarazita zegoenean, soldaduak itsasoratu ziren 200 itsasontzietan eta Mesinarantz jo zuten, greziarrak saihesteko eta babesik gabeko Messina erasotzeko. Trirreme bakoitzak 200 arraunlari, 16 tripulatzaile (kapitaina barne)[28] eta 14-40 soldadu zituen[29], beraz, kartagotar armadak 2.400 eta 8.000 soldaduen artean izango zituen. Oso zaila izango zenez arraunlariak soldadu profesionalak bihurtzea, tropa handituko zen beste 3.000 soldadurekin. Itsasontziek ohiko zama baino gehiago eramango zuten, trirremeak ezegonkorrak bihurtu zitezkeen ondo armatutako soldaduak itsasontzien bizkarrean mugitzen baziren, hortaz, zeharbidean eserita bidaiatu behar zuten. Ez dago jakiterik nor zen buruzagia, beharbada Magon eta Himilkonen senide bat. Kartagotar armadaren zati bat Cape Pelorumean bildu zenean, 200 trirremeak soldaduz beterik hegoalderantz abiatu ziren, Messinarantz, alegia. Armada, ipar haizeak lagunduta, azkar heldu zen helmugara eta soldaduak Messinaren ondoan kanpatu ziren greziarrak itzuli baino lehen[30]. Portua kontrolatu eta gero, kartagotarrak hirian sartu ziren lehorreko eta itsasoko konbinaturiko eraso batekin[31], beste erasotzaile batzuk harresien arrakaletatik igaro ziren bitartean[32]. Kartagotarrak arrapaladan sartu, eta berrehala konkistatu zuten hiria, baina harrezkero populazio mordo batek eskualdeko gotorlekuetan babesa aurkitu zuen. Messinako soldaduak hiria erori zela entzutean, familiekin elkartu ziren.

Ondorioak

Greziarrek Liparin, Messinan eta Reggion koloniak ezarri ondoren, etruskoek haien kontra borroka egin zuten eskualde estrategiko hori lortzearren[33]. Sibarisen aberastasunaren jatorria oinarritzen zen Sibarisetik Paestumerako itsasbidean, zeinak merkatariak ahalbideratzen zituen Messinako itsasarteko piratak saihestea. Horren kontrola Messinarako diru iturria zen. Himilkonek bi egunetan konkistatu zituen Lipari eta Messina, etruskoek mende batean lortu ez zutena. Messinaren harrapaketak kartagotarrei Messinako itsasarteko kontrola ematen zien baita portu handi bat ere, non 600 itsasontzietako flota punikoa amarratu zen. Horrek ahalbideratzen zuen Italia eta Siziliaren arteko trafikoa kontrolatzea. Horretaz gain, kartagotarrak Reggiokoekin aliatu litezke, Sirakusaren ohiko etsaia.

Gogoeta estrategikoak

Himilkonek aukeratu zuen Messinan base bat ez jartzea, agian gai ez zelako Kartagotik horren hurrun zegoen hiri hori kontrolatzeaz[34]. Jarraian, saiatu zen Messinaren inguruko gotorlekuak konkistatzen, baina amore eman zuen denbora galtzea zelako, Dionisio Sirakusan indartzen zen bitartean[35]. Kartagotarren azken helburua Sirakusa erasotzea zen. Messinarena, berriz, saio bat baino ez zen izan. Afrikatik errefortzuak ekartzea ez zen aukera bat, mertzenario berriak antolatzeko denbora beharrezkoa zelako, bestalde, Siziliako armada banatzeak, Messina zainduz, armada punikoa ahulduko zuen. Messina sarraskitu ondoren, kartagotarrak hegoalderantz abiatu ziren, kostaren ondoan, flotak paraleloan bide bera eginez. Dionisiok bere lurraldea hedatzean, Naxos eta Catania suntsitu zituen. Lehena sikuloei eman zien, bigarrena, ostera, Campaniako mertzenarioei. Horregatik, hegoaldeko kostatik joan beharrean, errazago zen ekialdetik joatea. Himilkonek ezin zituen ahaztu atzean utzitako gotorlekuak, arazoak sortu litzaketelako. Irtenbidea soila eta argia zen: hiri berri bat fundatzea[36].

Taorminaren fundazioa

Himilkonek erabaki zuen Taurus mendian hiri bat sortzea. Aurretiaz sikuloak han bizi ziren[37],beraz, sikuloekin berpopulatu eta hiria gotortu zuen. Fundazioa ospatzeko, hainbat txori hil zituen harri bakar batekin. Hiria nahiko hurbil zegoen Messinatik edozein eraso ekiditzeko, baina aski urrun ustekabean harrapatua izateko eta, gainera, operazio berrirako base bat izan zitekeen. Gainera, sikuloek Dionisio gorrotatzen zuten[38] eta Assorokoak izan ezik, enparauek Dionisioren armada laga zuten haien etxeetara itzultzeko. Honela, Dionisioren indarra ahuldu zen borroka hasi baino lehen. Epaminondasek K.a. 370ean, estrategia bera erabili zuen Mesene berreraiki eta Megalopolis fundatu zuenean Espartako lurraldean, azken hiri hori indarrez hartu ezin zuenean. Horrek funtzionatu zuen lazedemoniarren eskualdea gutxituz[39]. Messinako hiria geroago berreraiki zen Kartagori eta Sirakusari arazoak emanez. Bitartean, Dionisiok lanean ziharduen mertzenarioak kontratatzen, itsasontziak egiten (hauek erabiltzeko esklaboak askatu zituen) eta Sirakusa eta Lentini hiriak gotortuz[40]. Cataniako biztanleak limurtu zituen hiria uzteko eta Ennara joateko, nahiz eta campaniar hauek Dionisiok berak Catanian ezarri zituen jatorrizko greziarrak kanporatu ostean[41], Dionisio Taorminara abiatu zen flota eta armadarekin, baina patuak ez zuen nahi izan etsaiek hiri horretan borroka egin zezatela.

Erreferentziak

  1. BAKER, G.P.: Hannibal, 18-19 or.
  2. BATH, Tony: Hannibal's Campaigns, 12 or.
  3. DIODORO SIKULO: 13.114, 14.7,8,9, 15.13.5
  4. DIODORO SIKULO: 14.47.7
  5. DIODORO SIKULO: 14.50.4
  6. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 48-49 or.
  7. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 179-183 or.
  8. KERN, Paul B.:Ancient Warfare, 183-184 or.
  9. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 51 or.
  10. CAVEN, Brian: Dionysius I, 108-110 or.
  11. FREEMAN, Edward A.: Sicily, 173 or.
  12. FREEMAN, Edward A.: Sicily, p. 173
  13. CAVEN, Brian: Dionysius I, 107 or.
  14. DIODORO SIKULO: X. IV. 54
  15. DIODORO SIKULO: X. IV. 56
  16. DIODORO SIKULO: X. III. 84
  17. DIODORO SIKULO: X. IV. 40.5
  18. DIODORO SIKULO: XIII. 60
  19. DIODORO SIKULO: X. IV. 40
  20. GOLDSWORTHY, Adrian: The fall of Carthage, 32 or. ISBN 0-253-33546-9
  21. FREEMAN, Edward A.: Sicily Phoenician, Greek & Roman, 173 or.
  22. WARRY, John (1993): Warfare in the Classical World. 98-99 or.
  23. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 184 or.
  24. WARRY, John (1993). Warfare in the Classical World, 97 or.
  25. PLINIO: Natural History 7. 207
  26. DIODORO SIKULO: 14. 56
  27. CHURCH, Alfred J.: Carthage, 52 or.
  28. WARRY, John: Warfare in the Classical Age, 30 or.
  29. HERODOTO: VII. 184. 2
  30. KERN, Paul B.: Ancient Warfare', 183-184 or.
  31. FREEMAN, Edward A.: History of Sicily Vol IV., 106 or.
  32. DIODORO SIKULO: X. IV. 57
  33. ESTRABON: VI. 2. 2
  34. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 184 or.
  35. DIODORO SIKULO: 14.58.3
  36. HART, B.H. Liddle: Strategy 2. argitaratzea, 15 or.
  37. DIODORO SIKULO: X. IV. 59
  38. DIODORO SIKULO: X. IV. 90
  39. HART, B.H. Liddle: Strategy, 2. argitaratzea, 15 or.)
  40. KERN, Paul B.: Ancient Siege Warfare, 184 or.
  41. FREEMAN, Edward A.: Sicily 161 or.

Bibliografia

  • BAKER, G. P. (1999): Hannibal. Cooper Square Press. ISBN 0-8154-1005-0.
  • WARRY, John (1993): Warfare in The Classical World. Salamander Books Ltd. ISBN 1-56619-463-6.
  • LANCEL, Serge (1997): Carthage A History. Blackwell Publishers. ISBN 1-57718-103-4.
  • BATH, Tony (1992): Hannibal’s Campaigns. Barns & Noble. ISBN 0-88029-817-0.
  • KERN, Paul B. (1999): Ancient Siege Warfare. Indiana University Publishers. ISBN 0-253-33546-9.
  • FREEMAN, Edward A. (1892): Sicily Phoenician, Greek & Roman, Third Edition. T. Fisher Unwin.
  • CHURCH, Alfred J. (1886): Carthage, 4th Edition. T. Fisher Unwin.
  • WHITAKER, Joseph I.S. (1921): Motya, A Phoenician Colony in Sicily. G. Bell & Sons.

Ikus, gainera

Ez nahastu horri hau Messinako guduarekin (K.a. 265-264), 1. Gerra Punikoari hasiera eman ziona.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.