Mesaoria
Mesaoria (grezieraz: Μεσαορία, Mesaoria; turkieraz: Mesarya) Zipre uhartearen iparraldean dagoen lautada zabala da. Nikosia hiriburua bertan kokaturik dago. Zipreko nekazal eremu zabalena hartzen du eta "Zipreko aletegia" ezizena ematen zaio.
Mesaoria | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 70 m |
Mota | ordoki |
Geografia | |
Koordenatuak | 35°10′N 33°40′E |
Mesaoria lautadaren zatirik handiena Ipar Zipreko Turkiar Errepublikari dagokio.
Ezaugarriak
Geografia
Mesaoria izenak grezieraz "mendi artean" esan nahi du, izan ere Kirenia mendikatearen (iparraldean) eta Troodos mendien (hego-mendebaldean) artean dagoen lautada baita, Nikosia hiriburutik ekialderantz zabaltzen dena Famagustako badian amaitu arte. 96 kilometrotako luzera du eta zabalera 16-32 kilometrotakoa da. 325 metrotako altuera hartzen du mendebaldean eta guztira 1.000 km²-ko azalera du.
Hidrografia
Pedieos eta Ialias ibaiek zeharkatzen dute. Neguko ibaiak dira, udan sarritan lehortu egiten baitira. Ibai hauek Famagustako badian itsasoratzen dira eta antzinako Salamina eta Famagusta inguruko hezeguneak elikatzen dituzte. Antzinatik erabili izan den colmatage sistemari esker itsasoari lur eremuak kendu zaizkio, lautada luzatzea lortuz[1].
Udan ohikoa izaten da 40 °C hartzea eta prezipitazioak urriak izaten dira. Azken hamarkadetan hainbat urtegi eraiki dira mendietatik datorren ura bildu eta gordetzeko, izan ere uharteko eremu populatuena baita. Era berean neguan sortu ohi ziren uholdeak ekiditeko helburua ere badute urtegiok. 2002an Pedieos ibaiaren ibilbidean Tamassosen eraikizen urtegia da handiena, bi kilometrotako horma du eta 2.800.000 metro kubo ur hartzen ditu bere baitan[2].
Geologia
Duela 20 milioi urte bi uharte zeuden gaur egun Zipre denaren tokian, gerora Kirenia mendikatea eta Troodos mendiak izango zirenak. Gaur egun Mesaoria lautada dagoen eremuak gorantz ekin zion uharte biak batuz eta Zipre eratuz. Mediterraneo itsasoak izan zituen itsasmailaren aldaketek sarritan urperatu eta azalerazi zuten lautada denbora tarte horretan.
Historian zehar deforestazio handia jasan du Mesaoria lautadak eta karezko geruza trinko batek estaltzen du orain. Bertakoek "kafkalla" esaten diote[3]. Zuhaitz landaketa batzuk egin dira haizearen higadurari aurre egiteko.
Historia
Neolito garaikoak dira aurkitu diren nekazal aztarna zaharrenak. Aro klasikoan baso zabalek estaltzen zuten Mesaoria, baina zuhaitz hauetako asko moztu ziren Ptolomeotarren itsasflota eraikitzeko (K.a. I. mendean) eta baita kobre meategiak ustiatzeko ere. Dena dela XVI. mendean oraindik baso zabalak bazirela dokumentaturik dago. Gaur egun baso bakarrak mendikateen oinean baino ez dira mantentzen.
Aita Santuaren 1196ko agiri batean agertzen denaren arabera Mesaoriaren ekialdean herrixka sare zabala bazen eta Zipreko nekazal eskualde garrantzitsua zen[4].
1905ean trenbidea eraiki zen Famagustatik Nikosiara eta handik beste bat Karavostasira, uhartea alderik alde zeharkatuz[1]. 1951. urtean trenbidea itxi egin zen[5].
Erreferentziak
- Sir J. T. Hutchinson. (1907). A Handbook of Cyprus. Edward Stanford, 2 or..
- Tamasoso Dam - Beautiful place by the water and amazing landscape view. www.cyprusalive.com.
- (Ingelesez) Fisher, W. B.. (2013-09-13). The Middle East (Routledge Revivals): A Physical, Social and Regional Geography. Routledge ISBN 978-1-134-48169-9. (Noiz kontsultatua: 2020-11-22).
- Papacostas, Tasos. (2012). Byzantine Nicosia: 650-1191. In Michaelides, D. (ed.). Historic Nicosia. Nicosia: Rimal Publications., 87 or..
- Hugh Ballantyne. (2007). Cyprus Narrow Gauge. Middleton Press ISBN 978-1-906008-13-0..