Mertxikondo
Mertxikondoa (Prunus persica) Rosaceae familiako fruta-arbola bat da. Fruitua mertxika da.
Mertxikondo | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Rosales |
Familia | Rosaceae |
Leinua | Amygdaleae |
Generoa | Prunus |
Espeziea | Prunus persica |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | mertxika, peach pit (en) , peach juice (en) , persic oil (en) eta peach wood (en) |
Genomaren kokapena | plants.ensembl.org… |
Terminologia
Mertxikondoaren fruituak izen ugari hartzen ditu: mertxika, muxika, muxurka, melokotoia, tuaxa, peska, fresku, prixku...[1] Blanca Urgell hizkuntzalariaren arabera, Ibarguen-Cachopin kronikak (XVI. mendea) esaera hau jasotzen du: «Madaria eta Muxika, frutu on bi dira».[2]
Ezaugarriak
Hosto erorkorreko eta adaburu zabaleko fruta-arbola da mertxikondoa; 3-6 m garai izan daiteke.
Zurtoina – Azala
Enborra txikia, zimurra eta gorrixka izaten da.
Hostoak
Hostoak leunak, lantza-formakoak eta meheki zerradunak dira.
Loreak
Martxotik maiatzera loratzen da mertxikondoa. Hostoak baino lehen ateratzen dira loreak -galtzarbetan-, eta zuriak edo arrosak dira.
Fruitua
Mertxikondoaren fruitua drupa da; pubeszentea, horia edo morea, eta kolore bereko mamia duena. Hazia hezur gogor batez inguratuta dago.
Mertxika bizitza luzearen eta hilezkortasunaren sinbolo dira. Mertxikak Txinan eta herrialdeko portzelana ezagunak horien marrazkiekin apaindu ohi dituzte.
Nutrizio informazioa
Nutrizio informazioa (100g)
- Ura %87
- Kaloriak - 37
- Karbohidratoak - 9 g
- Zuntza - 1,4 g
- Potasioa - 140 mg
- Magnesioa - 9 mg
- Iodoa - 3 mcg
- C bitamina - 8 mg
Historia eta habitata
Mertxikondoa jatorriz Txinakoa da eta badira 3.000 urte landatzen dutela. Mendiko merkatari-bideetatik eraman zuten Pertsiara (Iran). K. a. 330 urtean, Greziara iritsi zen mertxikondoa eta Erdi Aroan bere ekoizpena Europa osora hedatu zen. Gaur egun, munduko fruta arbola hedatuena da eta ekoizle nagusiak hauek dira: Txina, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Txile, Grezia, Frantzia eta Espainia.
Iraila udaren eta udazkenaren arteko igarotze hila da. Euriak hasten dira, eta mertxikak, maiatzaren lehen hamabostaldiaz geroztik Iberiar penintsulako hego-ekialdetik iritsi direnak, orduan Lleidan eta Aragoin agertzen dira.
Barietateak
- Paviak
- Nektarinak/Brinoiak
- Paraguaioak/Mertxika zapalak
- Pentoo edo Pan Tao (txinatarra)
- Mami zuria: Charles roux - May flower - Redwing - Ribet - Robin
- Mami horia: Cardinal - Dixie Red - Early Red -Early O'Henry - Red Haven - Sun Haven - Spring crest
Galeria
- Loreak
- Azukre-uretan
- Mertxikak
- Loreak
- Nektarinondoko loreak
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Botanika.wikispaces.com webgunetik hartu da, CC BY-SA 3.0 lizentziapean.
- Euskaltzaindia. «Euskararen Herri Hizkeren Atlasa > Prunus persica» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
- Urgell, Blanca. (2023-06-28). «Mazedonia euskaraz» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).