Mero zuri
Mero zuria (Epinephelus marginatus) Epinephelus generoko animalia da. Arrainen barruko Serranidae familian sailkatzen da. Mediterraneoan eta iparraldeko Afrikako itsasertzean ugari dago, baina Ozeano Atlantikoan eta Indiar ozeanoan hedaturik dago.
Mero zuri | |
---|---|
Iraute egoera | |
Kaltebera (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Actinopteri |
Ordena | Perciformes |
Familia | Serranidae |
Leinua | Epinephelini |
Generoa | Epinephelus |
Espeziea | Epinephelus marginatus R. T. Lowe, 1834 |
Arrain handia da, metro eta erdiko luzera eta 60 kg har ditzake. 50 urtez bizi daiteke. Jateko ona da.
Taxonomia
Richard Thomas Lowe iktiologo ingelesak deskribatu zuen 1834. urtean eta Serranus marginatus izena eman zion. Madeiran jasotako ale bat erabili zuen deskribapena egiteko[1].
Deskribapena
Gorputz obalatua eta buru handia du. 140-150 cm arteko luzera har dezake, baina normalean 90 cm ingurukoak izaten dira[2].
Buru handia du eta ahoa ere handia da. Ezpain lodiak ditu eta ahoa ateratzen du harrapakinak hartzeko. Azpiko barailak 2-4 hortz lerro ditu[2].
Bizkarraldea gorrixka edo grisa izan daiteke eta sabelaldea argiagoa da, distira urrekarak dituena. Gazteak berde-urdinxkak izaten dira eta zahartzen doan heinean bizkarralde marroian puntu horiak nabarmentzen zaizkio. Dena dela kolorea baldintza ugarik moldatzen dute; estresak, adinak, ugalketa sasoiak...
Bizkarraldeko hegatsa luzea da. 11 arantza eta 14-16 erradio bigun ditu eta urre koloreko ertza du, alboetako hegatsek bezala. Gainerako hegatsak gorrixkak, marroiak edo ilunak dira[2].
Banaketa
Bi populazio bereizi existitzen dira:[2]
- Populazio handienaren hedadura Iberiar penintsula eta Mediterraneo itsasoan hasi eta Afrikako mendebaldeko kostaldean zehar Esperantza Oneko lurmuturrean bira egin eta Afrika inguratuz Mozambikeraino iristen da. Ez da ohikoa Portugaldik iparraldera, baina tarteka Bizkaiko golkoan eta Britainiar uharteetan ere aurkitzen da.
- Bigarren populazioa Hego Amerikako ekialdeko kostaldean zabaldurik dago, Brasilen, Uruguain eta Argentinan.
Espezie demertsala da, ur azaletik gertu dauden koral arrezife arrokatsuetan. Gehienez 300 metrotako sakoneran aurkitzen da. Mero zuri gazteak ur azaletik gertuago izaten dira eta helduak sakonagoko uretan. Babesturiko itsas eremuetan gazte ala heldu ur azalean aurkitzen dira[3].
Biologia
Mero zuri helduak arrain bakartiak eta lurraldekoiak dira eta arroka ugariko kostaldeak hobesten dituzte. 500 m2 inguruko ehiza lurraldeak izaten dituzte[4].
Elikadura
Espezie eurihalinoa da. Heldu zein gazteak kostaldeko uretatik estuarioetara sar daitezke arazorik gabe harrapakin bila[2]. Moluskuak eta krustazeoak jaten dituzte, bereziki olagarroak atsegin dituzte. Mero zuri handien kasuan uharrietako arrainek osatzen dute dietaren zati handi bat. Ahoa ateratzen du eta baraila indartsuekin harrapakina zanpatzen du[4].
Ugalketa
Mero zuriak hermafrodita sekuentzialak dira. Helduarora emeak izanez iristen dira, bost urteko adina dutenean sexu heldutasuna lortzen dute. 9 eta 16 urte arteko adinean sexua aldatu eta ar bihurtzen dira, gehienetan 12 urterekin[3]. 65 cm inguruko arrainak izaten dira orduan. Tarteka aurkitu izan dira tamaina handiko emeak ere[5].
Ugalketa garaian hamarnaka batzutako multzoak osatzen dituzte haien bizimodu bakartia bazter utziz. Multzo bakoitzean zazpi eme izaten dira ar bakoitzeko eta har bakoitzak gogor defenditzen du bere lurraldea. Errunaldi garaia desberdina da munduko eremuaren arabera. Mediterraneoan ekainetik irailera izaten da.
50 urte inguru bizi dira baina 61 urte zituen ale bat aurkitu zen Mediterraneoan[6].
Arrantza eta gastronomia
Jateko arrain gozoa denez arrantza merkatu handia dauka. Mero zuri handiak urpeko arrantza jardueran trofeo aipagarriak izaten dira[3] eta kanaberazko arrantzaz ere harrapatzen dira[7]. Hazkuntza tasa txikiak eta arrantza jarduera handiak espeziearen kontserbazio maila kaltebera bihurtu dute. Italian akuikultura bidez hazteko saiakerak egin dira.
Mero zuriaren haragia oso preziatua izan zen erromatarren garaian eta Erdi Aroan ere bai. XV. mendean Villenako markesak "Arte Cisoria" liburuan ohiko elikagaia zela aipatzen du[8]. Tamaina handiak erakarrita arrantzaleek erronka gisa hartzen zuten.
Bitxikeria
Meroak igeri-maskuria bibra arazten du elkarren artean komunikatzeko eta gainerako espezieak uxatzeko[8].
Erreferentziak
- «CAS - Eschmeyer's Catalog of Fishes» researcharchive.calacademy.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- «Epinephelus marginatus, Dusky grouper : fisheries, gamefish» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- «Dusky grouper videos, photos and facts - Epinephelus marginatus | Arkive» web.archive.org 2017-08-04 (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- (Gaztelaniaz) «Mero» Petaca Chico (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- (Ingelesez) Andrade, Áthila Bertoncini; Machado, Leonardo Francisco; Hostim-Silva, Maurício; Barreiros, João Pedro. (2003-06). «Reproductive biology of the dusky grouper Epinephelus marginatus (Lowe, 1834)» Brazilian Archives of Biology and Technology 46: 373–382. doi: . ISSN 1516-8913. (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- Reñones & Piñeiro.. "Age and growth of the dusky grouper Epinephelus marginatus (Lowe 1834) in an exploited population of the western Mediterranean Sea". Journal of Fish Biology 71 (2), 346-362 or..
- «WoRMS - World Register of Marine Species - Epinephelus marginatus (Lowe, 1834)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- «Mero Pescados, características e información» www.pescaderiascorunesas.es (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).