Merkataritza triangeluarra

Merkataritza triangeluarra hiru portu edo eskualderen arteko merkataritza da. Orokorrean, eskualdeen arteko desoreka komertzialak konpontzeko sistema bat izan da.

Merkataritza triangeluarraren eredu klasikoa

Historian zehar, merkataritza triangeluarraren eredu asko egon diren arren, garrantzi handieneko bat, Europa, Afrika eta Amerikaren artekoa izan zen. Mundu maparen gainean triangelu baten antzeko irudi bat marrazteak ematen dio izena.

Merkataritza triangeluar hau, XVI. mendetik XIX. mendera, Ozeano Atlantikoan ezarritako merkataritza-bide bat izan zen; eta iraupen luzeko fenomeno historikotzat hartzen da.[1]

Merkataritza triangeluarraren historia

Merkataritza triangeluarraren hasiera ulertzeko beharrezkoa da nondik datorren edo zeren eraginez sortu zen azaltzea. Europarrak lehen aldiz Ameriketara iritsi zirenean espero ez zuten kontinente berri batekin aurkitu ziren. Gertaera honekin batera hasi zen Ameriketako kolonizazioa. Europak lehengaiak behar zituen eta Amerikako kolonietatik lortzen hasi ziren, baina horretarako lurrak landuko zituzten langileak behar zituzten, eta hauek Afrikatik esklaboak eramaten hasi ziren. Esan beharra dago esklabo kontzeptua aurrez existitzen zela baina garai honetan gorakada historikoa izan zuen esklaboen merkataritzak. Merkataritza triangeluarrak garrantzi handia izan zuen, izan ere, bidaia luze hauek egiteko itsasontzien teknologiak hobetzen hasi ziren, horrela ahalik eta pisu gehien ahalik eta denbora laburrenean eramateko alde batetik bestera.

Merkataritza bide hirudimentsional honen urrezko urteak kolonien independentziarekin amaitu ziren XIX. mendearen erdialdean baina merkataritza harremanak ez ziren guztiz eten, modu zuzenean batak bestearen menpe egoteari utzi zioten.[2]

Eragin ekonomikoak

XV. mendetik aurrera, europarrek Amerika konkistatu eta kolonizatu zutenean, nekazaritza ustiapen zabal bat hasi zuten lur horietan. Landaketa hauek oso eremu handiak hartzen zituzten eta gehienbat azukrea, tea, kakaoa, kotoia, tabakoa eta kautxua lantzen zituzten bertan. Behin produktua lortuta, lehengai horiek Europara eramaten ziren eta bertan kontsumitu edo produktu manufakturatu gisa Afrikako mendebaldeko kostaldera bidaltzen ziren, han esklaboen truke aldatzeko. Lurrak hain ziren handiak eskulan handia behar zutela eta afrikar jatorriko esklaboak eramaten hasi ziren bertan lan egiteko, hau da, produktuen eta pertsonen merkataritza zabal bat ezarri zen.

Merkataritza triangeluarraren garapenarekin, merkataritza-hiriek enplegu aukerak handitu zituzten eta baita erosteko ahalmena ere. Honek onura handiagoak ekarri zituen Amerikara Ingalaterrara baino, bertan lortu baitzen soldata igoera handiena.

Merkatu berri horretan, monopolioen presentzia murriztu egin zen, merkatuaren kontrolaren indarra murriztuz.

Garraioari dagokionez, ontzi txikiagoak eta azkarragoak sortu ziren, hauen eraginkortasuna areagotuz. Honen eraginez, eskala-ekonomiak eman ziren eta prezioek trantsizio bat jasan zuten. Honengatik guztiagatik produktuen prezioak jaitsi ziren eta konbergentzia bat izan zuten. Honek guztiak eskariaren aldaketa bat ekarri zuen, hau da, luxuzkotzat jotzen ziren produktuak, adibidez tea, kontsumitzaile gehiagoren eskuetara iritsi ziren.

Azkenik, merkataritzak, zilarra ordainketa-balantza positibo bat lortzea ahalbidetu zien koloniak zeuzkaten europar herrialdeei, eta erregulazio merkantilistak oztopoa izaten hasi ziren.

Beraz, merkataritza triangeluarraren onuradun nagusia Europa izan zen, izan ere, beraiek ziren merkataritza triangeluarraren jabe eta manufakturatutako produktu garestiak saltzen zituzten lehengai merkeak erosiz. Horrela, munduko ekonomiaren erdigune bilakatu zen merkataritza triangeluarretik lortutako irabaziei esker eta hauekin herrialdeen industrializazioa bultzatu zen.[2]

Esklaboen merkataritza

Ontzi esklabista britainiar baten estibatzea (1788)

Esklabotzarako ontziak Europako portuetatik ateratzen ziren (Bristol eta Nantesetik, esaterako), eta europar salgaiez beterik, Afrikako portuetara abiatzen ziren. Bertan, esklabo-trafikatzaileek afrikar esklaboak erosten zituzten ondasunen truke, eta ondoren, Amerikara nabigatzen zuten, Europako kolonietan esklabo-kargamentua saltzeko. "Urrezko triangelua" deiturikoan, esklabo-ontzia Europara itzultzen zen, berriz ere zikloari hasiera emateko. Afrikar esklabizatuak, batez ere, Ameriketako landa eremuetan lan egiteko erosten ziren, Europan eskari handia zuten laborantza produktu baliotsuak (azukrea, kotoia eta tabakoa) ekoizteko.[3]

Triangeluaren lehen zatian, Europako portu batetik, Mendebaldeko Afrikako beste batera joaten ziren ( "Esklaboen Kostaldea" deitzen zitzaion orduan). Han, itsasontziek salmentarako eta merkataritzarako hornidurak garraiatzen zituzten, hala nola kobrea, oihala, txalupak, armak eta munizioa. Ontzia iritsi zenean, kargamentua bertan salduko zuten edota esklaboen truke eskualdatzen zuten. Afrikatik esklabo bihurtutako pertsona horiek esportatu zituzten portuetako batzuk: Ouidah, Lagos, Aného, Agoué, Jakin, Porto-Novo eta Badagry dira besteak beste.[4]

Bigarren zatian, Afrikatik Ameriketara nabigatzen zuten itsasontziek. Esklabo asko gaixotasunengatik hil egiten ziren oso egoera txarretan bidaiatzen baitzuten; eremu txikietan pilatuta eta higiene-maila txarretan. Ameriketara bizirik iristen zirenak Karibean edo Estatu Batuetako kolonietan saltzen zituzten. Jarraian, ontziak itzulerako bidaiarako prestatzen zituzten: garbitu, hustu eta berriz ere Europara esportatzeko produktuez kargatuz.

Hirugarren eta azken zatian, beren jatorrizko portuetarako itzulera bidaia hasten zuten, Karibe inguruetatik karabana nagusiak: azukrea, rona eta melazaz osatzen ziren batez ere; Virginiatik, (Gaur egungo Estatu Batuetako hego ekialdetik) tabakoa eta kalamua, besteak beste. Ontzia Europara itzultzen zen triangelua osatuz.

Ibilbide hau normalean ez zuten itsasontzi indibidualek jarraitzen, flota handien bidea zen, esklabo-ontziak pertsona ugari garraiatzeko diseinatuak zeuden, ez produktuak garraiatzeko.

Euskaldunen papera

Euskaldunak Amerikako konkistaren parte izan ziren, konkista honetan parte hartu zuten bi potentzien menpe zeudelako aspalditik, Espainia eta Frantzia. Gainera, euskal herritarrak aspaldi espezializatu ziren itsas merkataritzan, nabigazioan eta arrantzan eta horrek konkistan parte hartzea erraztu zien. Hain zuzen ere, Kristobal Kolonen lehen espedizioan, euskaldun asko bildu ziren.[5]

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) LTSCOTLAND.ORG.UK. 2017-11-15 (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  2. Zwart, Pim de; Zanden, Jan Luiten van. (2018). The origins of globalization: world trade in the making of the global economy, 1500-1800. Cambridge University Press ISBN 978-1-108-44713-3. (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  3. Gold, Susan Dudley. (2006). United States v. Amistad : slave ship mutiny. Tarrytown, NY : Marshall Cavendish Benchmark ISBN 978-0-7614-2143-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  4. academic.oup.com  doi:10.1093/ehr/cem350. (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).
  5. (Gaztelaniaz) «Vascos en la conquista y colonización de América - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.