Meritxell Relaño
Meritxell Relaño Arana (Durango, Bizkaia, 1972ko irailaren 27a) bizkaitar soziologoa da. UNICEF erakundearen arduradun nagusia izana da Yemenen. Orain UNICEFeko zuzendari lanetan ari da Afrika Erdiko Errepublikan. Nazioarteko gatazketan eskarmentu handiko profesionala. Kolonbian, Gambian, Mozambiken, Djibutin eta Hego Amerikako hainbat herrialdetan ere jardun du lanean.
Meritxell Relaño | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Durango, 1972ko irailaren 27a (51 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | soziologoa eta politologoa |
Enplegatzailea(k) | Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa |
UNICEF erakundeko larrialdi programetako zuzendari ondoko izan zan Genevan (Suitzan)
Biografia
Lehen urratsak
Umetatik erakartzen zuen premian zeudenei laguntzeko ideiak, hortaz, 1993an Durangoko Bateginez (GKE) gobernuz kanpoko erakundean parte hartzen hasi zen. Urte berean Guatemalara joan zen, Pochuta herrian erakundeak abian zituen proiektuak bertatik bertara ezagutzera. Proiektuok ezagutu ahala, interesa gehitzen joan zitzaion neurrian, profesionalki dedikatzea erabaki zuen. Hegoa (elkartea) Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuan ikastaro batzuk egin ondoren, soziologia eta zientzia politikoak ikasi zituen. Doktoretza ere egin zuen.
Lana
Ikasketak amaituta, urte betez Bilbon jardun zuen gobernuz kanpoko erakundeak koordinatzen. Horretan zebilela, Eusko Jaurlaritzak UNIFECek Kolonbian zuen bulegorako beka atera zuen, aurkeztu, eta lortu egin zuen. Bekari esker urte betez egon zen boluntario gisa. 2001ean ordea, zuzenean kontratatu eta Ekialdeko Timor-era bidali zuten. Harrezkero etengabe lan egin du Panaman, Mozambiken (5 urtez), Gambian, Djibutin, Genevan, Afrika Erdiko Errepublikan edo Yemenen.[1]
Yemen
2015ean heldu zen Yemenera, UNICEFen bulegoa zuzentzera. Bulego hura erakunde honen munduko egoitzarik handiena zen, 260 enplegatu zituen. Herrialdeko arduradun nagusi izendatu zuten Meritxell. Bere lana, besteren artean, herrialdera iritsitako giza laguntza bideratzea. Yemen goitik behera ezagutu eta munduko krisi humanitario larriena ikusi du. 22 milioi herritar baino gehiago oinarrizko laguntzaren beharrean eta 2 milioi desplazatu. Milioika lagun hurrengo elikagaia noiz helduko zain.[2][3]
Egoera horretan lehentasunak markatu behar; urik ez dagoen lekuetan ura banatu, txertoen programari sendagai oinarrizkoenak gehitu, Pneumonia sendatzekoak, antibiotikoak, beherakorako botikak… Dena dela, Meritxellek kudeatzen duen programarik handiena malnutrizioari aurre egitekoa da. Zeregin handia da, ia atsedenik gabe jardun behar izaten du lanean, hilean 28 egunez.[4] Halere, lanean gogor saiatu arren, ez da erreza egoerari irtenbidea ikustea.[5] Arazoak arazo, UNICEFen bidez bidaltzen diren laguntzak heltzen dira Yemenera. Meritxell da horren lekuko.[6]
Geneva
Herrialde askotan egon da Relaño lanean, azken aldian baina, UNICEFeko larrialdi Programetako zuzendari ondoko gisa dihardu Genevan. Munduan 64 larrialdi daude gatazka armatuen eta natura hondamendien ondorioz, eta horiei aurre egitea da erakundeak daukan erronka. 2020.urterako UNICEFek «bere historiako deialdirik handiena» egin du, larrialdian dauden haurrentzako baliabideak lortze aldera. Erakundearen helburua da 4.200 milioi dolar lortzea [3.800 milioi euro inguru], horrekin, 95 milioi pertsonari lagundu nahi diete, horien artean 59 milioi haurri.[7]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «"Los niños de Yemen no saben qué hacer con un juguete; nunca han visto ninguno"» durangon.com 2016-11-06 (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
- «'Yemen da haur batek jaiotzeko aukeratu dezakeen herrialderik txarrena'» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
- (Gaztelaniaz) ««Aquí aprendes a negociar con Dios y con el diablo»» Las Provincias 2018-03-10 (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
- «Meritxell Relaño: “Yemengo gerran iaz 2.000 ume baino gehiago hil ziren bonba, granada eta minengatik” - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
- (Gaztelaniaz) «Cinco continentes - Meritxell Relaño (UNICEF Yemen): "O casan a las niñas o mandan a los niños al frente" - 07/08/18» RTVE.es 2018-08-07 (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
- (Gaztelaniaz) «Meritxel Relaño:'El trabajo y la ayuda de Unicef llegan a su destino'» Euskal Irrati Telebista 2016-10-25 (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).
- Hermosilla, Gotzon. ««Askotan, larrialdian bizi diren herrialdeen egoera ez da albiste»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-05-08).