Mercedes Unzu
Mercedes Unzu Urmeneta (Iruñea, 1949ko abenduaren 9a)[1] nafar historialaria eta arkeologoa da[2].
Mercedes Unzu | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1949ko abenduaren 9a (74 urte) |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Nafarroako Unibertsitatea |
Jarduerak | |
Jarduerak | historialaria, arkeologoa eta ikertzailea |
Kidetza | Nafarroako Azterketa Historikoen Elkartea |
Biografia
1979an lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitateko Arte Liberalen Institutuan, Arkeologia espezialitatean, eta “Zeramika pigmentatu erromatarra Nafarroan” izeneko memoriaren defentsarekin lortu zuen gradua, "Unzu" tipologia sortu zuena. 1980an, Gabinete TRAMA enpresa sortu zuen, eta autonomo gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, Mª Ángeles Mezkiritzekin, Nafarroako Museoko zuzendariarekin, elkarlanean, hainbat indusketetan. Urte haietan, Mezkirizen eskutik, bere erreferentzia profesionala izango baita, bere ezagutzak zabalduz joan zen, eta erromanizazioan eta bereziki zeramikan espezialista bihurtu zen. Garai hartan, gainera, erromatarren meatzaritzari buruzko ikerketaz arduratu zen eta Pirenoetan hasi zituen indusketak.
1989an, bere enpresa kudeaketa-arkeologiara bideratu zuen, eta Nafarroako Esku-hartze eta Larrialdietako Arkeologiaren erreferentzia-figura bihurtu zen. Une horretatik aurrera, Nafarroako obra publiko handi gehienen jarraipen arkeologikoen buru izango da, eta hiri-arkeologian eta multzo historikoetan espezializatuko da. Mercedesek zuzentzen dituen esku-hartze arkeologikoen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Gazteluko plaza eta Iruñeko Alde Zaharra, Iruñeko katedrala, Artaxoako Zerkoa, Uxueko Santa Maria, Erriberriko Errege jauregia edo Navaridasen dagoen El Castejongo Burdin Aroko nekropolia.
Lan handia egin du dibulgazioan: 90 argitalpen baino gehiago espezialitate eta lan monografikoetako aldizkarietan, ponentziak estatuko eta nazioarteko kongresuetan, erakusketen komisariotza eta hitzaldi-ziklo askotan parte hartu du. Esparru horretan, Nafarroako aztarnategi garrantzitsuenen plan zuzentzaileak eta musealizazio-proiektuak idatzi ditu, hala nola, Arradako harresi-barrutia, Arellanoko musen etxea, Andelosko hiri erromatarra, Artaxoako zerkoa edo Iruñeko katedraleko OCCIDENSen arkeologia-aretoa.
Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolarekin elkarlanean aritu da, ondare arkeologikoari eta zaharberritzeari buruzko saioak emanez. Sociedad de Estudios de la Cerámica Antigua en Hispania (SECAH) eta Sociedad de Estudios Históricos de Navarra (SEHN)ko kidea da eta Cultura Viva erakundearen Espainiako Arkeologiako Sari Nazionala jaso zuen 2006an[2].
Argitalpenak
Hauek dira bere argitalpen batzuk, bakarrik eta talde lanean eginak:
- Faro, J.A. eta Unzu, M. 2006. La necrópolis de la Edad del Hierro de “El Castillo” (Castejón, Navarra). Primeras valoraciones, campañas 2000-2002, Complutum, 17: 145-166.
- García-Barberena, M., Faro, J. A. eta Unzu, M. 2011. Las necrópolis pamplonesas del 700. Zona Arqueológica. 15 (I): 295-315.
- García-Barberena, M. y Unzu, M. 2020. "Los grandes complejos termales de Pompelo: termas forenses y termas suburbanas", in: Noguera, J.M., García-Entero, V., Pavía, M. (koord.) Termas públicas en Hispania: 517-529, Murtziako Unibertsitatea.
- Mezquíriz, M.A. eta Unzu, M. 2021: Excavaciones en la catedral de Pamplona. El origen del culto Cristiano. Tuterako eta Iruñeko Artzapezpikutza.
- Unzu, M. 1979: "Cerámica pigmentada romana en Navarra", in: Trabajos de Arqueología Navarra 1: 251-282.
- Unzu, M. eta Pérex, M.J. 1990. "Emplazamiento de Iturissa, Mansio en la vía de Astorga a Burdeos", in: Simposio sobre la red viaria en la Hispania romana: 373-384. Zaragozako Diputazioa, “Fernando el Católico” instituzioa.
Erreferentziak
- «Unzu Urmeneta, Mercedes - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-12).
- (Gaztelaniaz) «Mercedes Unzu Urmeneta» ArqueologAs (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).