Mendoza dorretxea

Mendoza dorretxea Euskal Herriko Araba herrialdean dagoen Mendoza herrian kokatzen den gotortutako dorretxea da. Gasteiz hiriburutik hurbil dago. XIII. mendean Mendoza sendiaren egoitza izateko harlanduz eraiki zuten eta gaur egun bertan Arabako Heraldika Museoa dago.

Mendoza dorretxea
Kultura ondasuna
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGasteiz
Koordenatuak42°52′N 2°46′W
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXIII. mendea - XV. mendea
Ondarea
BICRI-51-0005119

    Inguruak 100 metroko perimetroa du eta dorretxe berak 21 metroko garaiera. Berritu zuten ostean, gaur egun egoera onean mantentzen da. Dorretxe honen jabegoa Gasteizko Udalak du. 2009ko otsailaren 26an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

    Deskribapena

    Etxebizitza-dorre gotortuaren adibide argia da. Eta Mendozatarren bizileku izan zen mende oso bat baino denbora luzeagoan.

    Leinu hori Lope Eneko Bizkaiko Jaunarengandik dator, XI. mendeko bigarren erdialdetik. Haren biloba Lope Santxez Laudioko lehenengo jauna eta Arabako jauna izan zen Arriagako kofradian, eta Sancha Díaz de Fríasekin ezkondu zen; emazteak Mendozako eta Fríasko orubeak ekarri zituen dotean. Haren biloba Lope Enekok erabili zuen lehenengo aldiz Mendoza abizena.

    Horren semeak, Iñigo López de Mendozak, eraiki zuen jatorrizko dorrea, eta Navas de Tolosako guduan hartu zuen parte 1212an. Leinuaren adar nagusia Infanterriko Dukeena izan zen. Adar horrek laster utzi zuen jatorrizko orubea, eta Guadalajaran gelditu ziren behin betiko XV. mendean.

    Gaur egun dugun dorrea Arabako Zaharrenetakoa da, XV. mendeko lehenengo hamarkadetan eraikia. Oinplanoa ia karratua da, hamaika metro luze ditu albo banatan, eta hogeita bat garaieran.

    Dorreak lau angeluko eremua betetzen du eta harresiak ditu lau aldeetan. Harresiak, baita dorrea bera ere, kareharriz eginda daude, eta harriak ilara irregularretan jarrita daude. Itxitura horrek bost metro inguruko garaiera eta bi metro baino apur bat gutxiagoko lodiera dauka. Hogeita bost metro inguruko luzera du.

    Hesi horretan badira defentsarako elementu batzuk, esate baterako, gezileihoak eta zilindro itxurako lau dorre izkinetan. Dirudienez, autore batzuen arabera, lubaki bat egon omen zen mendebaldean, baina gaur egun ez dago haren arrastorik ezta daturik ere. Eraikinean sartzeko atea hegoaldera begira dago, zorrotza da eta harrizko janba handiak ditu.

    Lau isurkiko estalkia dauka, eta harresiak, 1963an zaharberritu aurretik, harrizko kakoak eta metxinalak zituen goiko partean; elementu horiek erakusten zuten egurrezko oholtzak edo plataformak bazirela, edo azkar batean eraiki zitezkeela, behar izanez gero. Gaur egun dorreak dituen matakanak, dorrea zaharberritu zenean eraikitakoak dira.

    Fatxadetan bao gutxi daude: jatorrizko leihoak zorrotzak dira, eta gezileihoak dituzte perimetroan, babesteko. Beheko solairuak babesteko zenbait gezileiho dauzka. Solairu horretan bertan ate dinteldun txiki bat dago.

    Dorrera sartzeko ate nagusia lehenengo solairuan dago, eta, ziurrenik, garai batean, egurrezko eskailera baten bidez igotzen ziren. Gaur egun harrizko eskailera batetik sartzen da.

    Barneko egiturak erdiko zutikoa eta habeak ditu, besoekin. Eskuan zituzten datuetan oinarrituta berreraiki zuten dorrea 1963an; egurraren ordez, metalezko osagaiak erabili zituzten estalita.

    Erreferentziak

    Kanpo estekak

    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Euskal Wikiatlasa
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.