Mendizaletasun
Mendizaletasuna oinez mendiak igotzean (mendigoizaletasuna), mendietan barrena oinez ibiltzean, mendietan eskiatzean edo mendiak eskalatzean datzan kirola da. Jarduera horretan, kontuan hartu behar dira inguruaren jakintza, mendian ibiltzeko teknikak eta mendian orientatzeko gaitasunak. Kirolaz gainera, mendizaletasuna zaletasuna eta naturarekin bat egiteko modua ere bada, askoren iritziz. Euskal Herria, gainera, mendizaletasunean aritzeko lurralde guztiz aproposa da, menditsua baita.
Hamabi ataletan banatuta dago:[erreferentzia behar] bidezidor kirola, erdi mailako mendia, goi mendia, alpinismoa, espedizioak, kirol eskalada, eskalada klasikoa (azken hori, era berean, arroka eta izotz eskaladan banatua), ibilbideko eskia, mendiko duatloia, erdi mailako mendi maratoia eta mendi maratoia.
Sarritan mendizaletasun izena goi mendiak igotzeko jarduerari lotu zaio, hau da, garaiera handietako mendizaletasunari. Hala, mendiak igotzen dituenari mendizale deitu ohi zaio, ez ordea aurreko beste jardueretakoren bat egiten duenari.
Mendizaletasuneko hamabi jarduerak lau ataletan bana ditzakegu:
1. Oinezko atala
|
2. Eskalada atala
|
3. Iraupeneko atala
|
4. Berezien atala
|
Alpinismoa, andinismoa eta himalaismoa
Alpinismo, andinismo eta himalaismo terminoak askotan erabiltzen dira altuera handietako mendizaletasunaren sinonimotzat, baina ez da guztiz zuzena. Alpinismo hitzak Alpeetako igoera adierazten du: beraz, 5.000 m baino txikiagoak diren mendien igoera. Andinismoak, aldiz, Andeetako mendi baten igoera adierazten du, hau da, 5.000 m baino altuagoak eta 7.000 m baino txikiagoak diren mendiak igotzea. Azkenik, 7.000 m baino gehiago dituen Himalaiako mendiak igotzeari himalaismoa deritzo.
Alpinismoaren urrezko aroa
Horrela deitzen zaio XIX. mende erdialdeko denbora tarte bati, 1854tik 1865era bitarteko hamarkadari hain zuzen ere. 1854an, Alfred Wills ingelesa Wetterhorn mendira igo zenetik 1865ean, Edward Whymper, hau ere ingelesa, Matterhorn-en (Cervino) tontorrera igo zen arteko denbora tarteari zehazki.
Hamar urte haietan, mendizale britainiarrek batik bat, Alpeetako tontorrik altuenak zapaldu zituzten suitzar eta frantziar gidariekin. Horien artean, honakoak aipagarriak dira: Francis Douglas, Paul Grohmann, Florence Crauford Grove, Charles Hudson, E. S. Kennedy, William Mathews, A. W. Moore, Leslie Stephen, Francis Fox Tuckett, John Tyndall, Horace Walker eta Edward Whymper. Gidari ezagunen artean, Christian Almer, Jakob Anderegg, Melchior Anderegg, Johann Joseph Benet, Peter Bohren, Jean-Antoine Carrel, Michel Croz, Ulrich Kaufmann eta Johannes Zumtaugwald daude. 1857an Londresen "Alpine Club" elkartea sortu zuten.
Emakumezkoen artean, Fanny Bullock Workman amerikarra izan zen igoera esanguratsuak egin zituen lehenengoetarikoa.
Himalaismoaren hastapenak
XX. mendearen hasieran, lehenengo espedizio europarrak arrakasta lortzen hasi ziren munduko tontorrik altuenetan. 1950eko hamarkadarako, zortzimilako guztiak igotzea lortu zuten, bi izan ezik. Lehendabizikoa Annapurna (8.091 m) izan zen 1950ean, Maurice Herzog eta Louis Lachenalek gidatutako frantziar espedizioak lortu zuen. 1953an, aldiz, munduko tontorrik garaiena den Everestera (8.848,86 m) iritsi ziren Edmund Hillary eta Tenzing Norgay xerpa, Nepalgo hegoaldetik igota. Urte hartan bertan, hilabete batzuk geroago, Hermann Buhl austriarra izan zen lehenengoa Nanga Parbat-en (8.126 m) gailurra zapaltzen, droga batzuen eraginpean. K2ra bestela heldu ziren 1954an Lino Lacedelli eta Achille Compagnoni. 1964ko maiatzaren 2an, Hsu Ching txinatarrak lortu zuen azken zortzimilakoa igotzea, Shishapangma (8.013 m) alegia.
Emakumezkoak Himalaian
Emakumezkoen kasuan, Fanny Bullock Workman amerikarrak Karakorum-go hainbat mendiren artean,Pinnacle Peak (6.930 m) mendia eskalatu zuen Nun Kun-en 1906an. Hainbat urtez, mendirik garaiena eskalatu zuen emakumezkoaren marka izan zuen.
1934an, ordea, Hettie Dyhrenfurth-ek 7.000 m-ko altuera gainditu zuen Sia Kangrira igota (7.422 m). Errekor honek 25 urtez iraun zuen, 1954an Claude Kogan eskalatzaile frantsesak Cho Oyu-n, 7.600 m ingurura arte igota, errekorra hautsi zuen arte. Hurrengo urtean, emakumez soilik osatutako lehenbiziko espedizioa egin zen Himalaiara. Monica Jackson, Evelyn McNicol eta Elizabeth "Betty" Stark-ek osatu zuten espedizio hau eta Gyalgen Peak-en (6.151 m) lehen igoera egin zuten.
1959an, Txinako emakumeen mendi-taldeko Phantog, Muztagh Ata gailurrera iritsi zen (7.509 m). Geroago, Everest igo zuen bigarren emakumea izan zen, Junko Tabei japoniarraren atzetik (11 egun beranduago).
8.000 m-ko mendi baten emakumeen lehenbiziko igoera, 1974an iritsi zen, hiru emakume japoniar, Masako Uchida, Mieko Mori eta Naoko Nakaseko, Manaslu-ra (8.163 m) igo zirenean. Hurrengo urtean, 1975eko maiatzaren 16an, Junko Tabei Everestera igo zen lehenbiziko emakumea bilakatu zen.
Mendi batera lehenbiziko igoera emakumezkoek egin duten mendirik altuena Gasherbrum III (7.946 m) da. Alison Chadwick-Onyszkiewicz-ek eta Wanda Rutkiewicz-ek (lehenbizikoaren senar Janusz Onyszkiewicz eta Krzysztof Zdzitowiecki-rekin batera) burutu zuten 1975eko abuztuan.
Euskal Herriko alpinismoa
1980ko hamarkadan eta 1990ekoan loratu zen euskal herritarrek egindako ibilbidea munduko tontorrik altuenetan. Martin Zabaleta, Juanito Oiarzabal, Edurne Pasaban eta Felix eta Alberto Iñurrategi aitzindari garaikideen artean daude. Aipatzekoa da halaber "Mendi film festival" nazioarteko zinemaldia.
Argitalpenak
"Pyrenaica" Euskal Herrian argitaratutako aldizkaririk zaharrena da, 1926an sortutakoa. "Desnivel" espainiar aldizkaria ere 1981ean sortu eta erreferentziazkoa da egun horren inguruan.
Espezializatua izan barik, "Euskal Herria aldizkariak" ere mendiari buruzko sail interesgarriak zituen (2002-2013).
Mendi zinema
Jaialdiak
Nazioartean, ezagunak dira Banff Mountain Book Festival (mendi-literaturaz) eta Banff Mountain Film Festival (mendi-zinemaz), biak ala biak Banff hirian antolatuak, Albertako probintzian (Kanada). Beste zinemaldi batzuk egiten dira Fort Williamen eta Edinburghen (Eskozian), Katmandun (Nepalen), Keswicken eta Kendalen (Ingalaterran) eta Telluride (Colorado)n, AEBetan.
Euskal Herrian, Bilbon urtero "Mendi film festival" antolatzen da, hasierazko edizioak Gasteizen antolatu baziren ere.
Mendigoizale ospetsuak
- Edmund Hillary (Zeelanda Berria, 1919-2008), Everestera igo zen lehen alpinista.
- Wanda Rutkiewicz (Polonia, 1943-1992), zortzimilako gehien (zortzi) igo duen hirugarren emakumea da.
- Reinhold Messner (Italia, 1944-), 14 zortzimilakoak igo dituen lehen gizona.
- Martin Zabaleta (Euskal Herria, 1949-), Everestera igo den lehen euskal herritarra.
- Juanito Oiarzabal (Euskal Herria, 1957-), 14 zortzimilakoak igo dituen lehen euskal herritarra.
- Oh Eun-Sun (Hego Korea, 1966-), zortzimilakoak igotzen nabarmendu den emakumea.
- Felix Iñurrategi (Euskal Herria, 1967-2000), 12 zortzimilako igo zituen anaiarekin batera, eta hori egin duen euskal herritarrik gazteena da. Istripuz hil zen, Himalaian.
- Alberto Iñurrategi (Euskal Herria, 1968-), 14 zortzimilakoak igo dituen euskal herritarrik gazteena.
- Gerlinde Kaltenbrunner (Austria, 1970-), 10 zortzimilako igo dituen lehen emakumea.
- Edurne Pasaban (Euskal Herria, 1973-), 14 zortzimilakoak igo dituen lehen emakumea.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Euskal Mendizale Federazioa
- mendiak.eus, Euskal Herriko mendien webgunea eta aplikazioa
- Luberri (Mendizaletasuneko webgunea. Euskal Herriko mendiei buruzko informazioa dakar.)
- "Ibilkari". Berria egunkariaren mendiko ataria.
- (Gaztelaniaz)"Mendikat. La Biblia de las montañas".
- (Gaztelaniaz)(Ingelesez)"Mendi film festival"