Mendiko bizikleta
Mendiko bizikleta (ingelesez mountain bike edo MTB) errepidetik kanpo, mendian, ibiltzeko erabiltzen den bizikleta da. Gaztelaniaz BTT izenaz ere ezaguna da (Bicicleta Todo Terreno) eta frantsesez VTT (Vélo Tout Terrain).
1981ean Mike Sinyardek, Specialized bizikleta markaren fundatzaileak, sortu zuen, errepiderako erabiltzen dena baino bizikleta zurrunagoa egitea bururatu zitzaionean. Honela jaio zen ezaguna den Stuntjumper modeloa.
Errepideetako bizikletekin alderatuta duten berezitasun nabarienak hauexek lirateke: koadro, kanbio eta errubera zurrunagoez gain, suspentsioak erabiltzeagatik (kasu askotan). Suspentsio hauek bi eratakoak izan daitezke, sinplea, aurreko gurpilak daramanean soilik, ala totala, atzeko gurpilak era daukanean. Honetaz gain, kubiertak lodiagoak dira eta takoak dituzte lurraren irregulartasunak hobeto irensteko eta gutxiago labaintzeko. Erruberen tamainak 24 hazbetetik 29raino doaz, 26koa izanik gehien erabiltzen dena.
Tresnak
Hauek dira MTB ibilaldi batean eraman ohi diren zenbait tresna.
MTB bizikletaren diseinuak bide desegoki eta txarretatik joateko ahalmena ematen dion arren horrek ez du esan nahi etxetik ezer gabe atera daitekeenik. Tresneria minimo bat edukitzeak etxera oinez bueltatzea ekidin ahal digu.
- Gurpilak desmuntatu ahal izateko palankak,
- Partxeak eta lekeda,
- Erradioen tresna,
- Bihurkin lauak eta izar erakoak,
- Allen giltzak: 4, 5 eta 6 mm.,
- Kate-tresna,
- Ganbera,
- Eskuko puzgailua,
Merkatuan erreminta hauek gehienak suitzar laban moduko tresna batean saltzen dira. Leku eta pisu asko hartu gabe.
Lehiaketak
Mendiko bizikleten inguruan, hainbat lehiaketa mota antolatu egiten dira, esaterako:
- Rally edo Cross-country(XC): Goraka nahiz beheraka joan daitekeen lur eremu batean egindako txapelketa. 7-10 km dituen zirkuitu baten egin ohi dira, non txirrindulari denak denbora berdinarekin abiatzen diren.
- Downhill (DH): Teknikaz erdi edo goi mailako aldats beherako txapelketei deritze, non txirrindulariek kronometroaren aurka lehiatzen diren.
- Dual Slalom: Bi txirrindulari aldi berean paraleloak diren bi bidetatik jaisten dira. Irabazlea helmugara lehena iristen dena da, hurrengo txanparako sailkatzen delarik.
- Four cross (4X): Bmx-an erabiltzen diren antzeko zirkuituak erabiltzen dira, hau da, aldaz behera, salto eta peralteekin. Motzak izaten dira eta 4 txirrindularik hartzen dute parte aldi berean.
- Street edo Urban: Herri barruan sortu daitezkeen oztopoen gainetik (eskailerak, barandak...) ibiltzeari deritzo.
- Trial edo Trialsin: Txirrindulariek oztopo batzuk zeharkatu behar dituzte eta ezin dute gorputzeko edozein atalekin lurra ukitu. Tarte bakoitzari zona deritze eta denbora murriztua daukate zeharkatzeko.
Espezialitate hauetan erabiltzen diren bizikletak desberdinak dira bata besteekin. Adibidez, rallyetan erabiltzen diren bizikletak arinak dira (10kg-tik behera kasu askotan) eta ez dute orokorrean atzeko suspentsiorik erabiltzen. Beste aldean Downhill-eko bizikletak egongo lirateke, astunenak (20 kilo inguru), errubera sendoenak, suspentsioa bai aurrean eta bai atzean eta koadro oso zurrun eta lodiagoarekin.
Azken 25 urte hauetan mendiko bizikleten munduan zaletasunak gorakada nabaria izan du. Gaur egun, txapelketez gain, hainbat klub daude ibilbideak antolatzen dituztenak, esperientziaz gozatu eta jende berria ezagutzeko.
Txirrindulari ospetsuak
- Steve Peat
- Cedric Gracia
- Fabien Barel
- Julien Absalon
- Iñaki Lejarreta