Mendigorriko gudua
Mendigorriko gudua 1835eko uztailaren 15ean, Mendigorriaren hegoaldean gertatu zen gudua izan zen, Lehen Karlistaldiko gudurik handiena. Espainiako gobernuaren tropak, liberalak, atera ziren garaile.
Mendigorriko gudua | |||
---|---|---|---|
Lehen Karlistaldia | |||
Iparraldeko frontea | |||
Guduaren margolana | |||
Data | 1835eko uztailaren 15a | ||
Lekua | Mendigorria Nafarroa 42°37′14″N 1°50′38″W | ||
Koordenatuak | 42°36′N 1°48′W | ||
Emaitza | Isabelinoen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Gudua
Zumalakarregiren heriotzaren eta Bilboko lehenengo setioaren ondoren, liberal eta karlistek Nafarroa izango dute berriro borroka gune. Buruzagi berriak zituzten. Gonzalez Moreno karlistek, Luis Fernandez de Córdova liberalek. Aurrez aurre 24.000 karlista —ia Don Karlosen armada osoa— eta 36.000 liberal. Ez zen Karlistaldian tamaina horretako beste borrokarik eman.
Morenoren soldaduak Mendigorria inguruan kokatuak zeuden, Córdovarenak Larraga eta Artaxoako bideetatik eraso egin zutenean. 1835eko uztailaren 15a zen. Soldatu karlisten artean zen Jose Mari Iparragirre, artean 14-15 urte zituela.[1]
Don Carlos bera Mendigorrian zegoen eta larri ibili zen ihes egiterakoan, karlistek Arga ibaia bizkarrean baitzuten eta erretiratzeko Larragako zubia besterik ez.
Liberalen erasoa ezkerretik hasi zen Esparteroren agindupean. Erdian Fernandez de Córdova berak zuzendu zuen. Karlisten defentsa oso gogorra izan zen, baina amore eman behar izan zuten, eta atzera-egitea nahiko nahasia izan zen.
Villarreal karlista brigadierraren arabarrek zubiaren defentsa itzela egin zuten, erregegaiaren ihesa eta karlisten gehiengoarena bermatuz. Guzti horren ondorioz, karlistek 1.500 bat gizon galdu zituzten, hildako, zauritu eta preso eroritakoen artean. Liberalek, berriz, 1.000 bat. Dena den, liberalek aukera galdutzat hartu zuten batailaren emaitza, karlista armada ia osorik txikitzeko eta Don Karlos bera atxilotzeko paradari ez baitzioten probetxurik atera.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat Gipuzkoa Kultura webgunetik hartu da, webgune haren egile eskubideen jabe den Gipuzkoako Foru Aldundiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 (CC-BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratu baitu (ikus webguneko oharra).
Kanpo estekak
- XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. Mendigorria. Gipuzkoakultura. CC-BY-SA lizentziapean eginiko lana.
- Uranga, Amagoia Gurrutxaga. «Gidoia» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).