Mendi-zebra

Mendi-zebra (Equus zebra) Equus generoko animalia da. Perisodaktiloen barruko Equidae familian sailkatuta dago. Afrika hego-ekialdean bizi da eta zebra arruntak ez bezala 2.000 metroko garaieratik gorako lurrak atsegin ditu. Existitzen diren hiru zebra espezieen artean txikiena da.

Mendi-zebra
Iraute egoera

Kaltebera  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaPerissodactyla
FamiliaEquidae
LeinuaEquini
GeneroaEquus
Espeziea Equus zebra
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia1 urte
Habitatsabana
Genomaren kokapenadnazoo.org…

Taxonomia

Mendi-zebrak Hippotigris generoa elkarbanatzen du zebra arruntarekin. Hegoaldeko Afrikan jatorria duen espezie honek bi azpiespezie ditu:

Lurmuturreko mendi-zebraHartmannen mendi-zebra
Equus zebra zebra
(Linnaeus, 1758)
Equus zebra hartmannae
(Matschie, 1898)
 Hegoafrika Namibia eta  Angola

2004an C. P. Groves eta C. H. Bell ikerlariek ebatzi zuten Lurmuturreko mendi-zebra eta Hartmannen mendi-zebra nahikoa desberdin bazirela bi espezie ezberdin kontsideratzeko[1]. 2005ean ordea Moodley eta Harley zientzilariek 295 zebrari egindako sexu kromosomen azterketa genetikoaren bidez ondorioztatu zuten azpiespezie biek ez zutela nahikoa desberdintasunik espezie berezituak izateko[2]. Mammal Species of the World liburuaren hirugarren edizioan (2005) espezie bakar gisa definituta gelditu zen[3].

Deskribapena

Zebra arrunta (ezkerrean) eta mendi-zebra (eskuman) Etosha parke nazionalean, Namibian.

Ohiko zebraren itxura du, marra beltz eta zuriekin. Ez daude marra patroi bera duten bi ale. Gorputzaren aurrealdean marrak bertikalak dira eta atzealdean horizontal bihurtzen dira. Lurmuturreko mendi-zebraren marrak zuriak dira eta Hartmannenak beix argiak[4]. Zebra arruntak baino marra estuagoak ditu gorputzean, eta zabalagoak atzeko hanketan.

Zebra helduek 2'1-2'6 metrotako luzera dute eta 40-55 cm-ko luzera duen isatsa. Altera 11'16-1'5 metro artekoa da eta pisua 204-372 kg artekoa[5]. Lurmuturreko mendi-zebratan sexu dimorfismoa agertzen da, emeak arrak baino handiagoak dira. Hartmanen mendi-zebratan ordea sexu bietako aleen artean ez dago desberdintasunik[1]. Era berean Hartmannen zebra lurmuturrekoa baino zerbait handiagoa da.

Zentzumen garatuak dituzte. Egunez zein gauez ongi ikusten dute eta koloreak bereizten dituztela pentsatzen da. Entzumena ere ona dute, distantzia luzean sorturiko soinuak entzuten baitituzte. Dastamena ere garaturik dute eta gai dira belarrean gertatzen diren aldaketak sumatzeko[6].

Ekologia

Habitata

Mendi-zebra taldea mendialdeko landaretza artean.

2.000 metrotako altueratik gora dauden lautadak eta maldak atsegin dituzte. Negualdeko migrazioetan beherago jaitsi daitezke. Mendi magaletan, belardi zabaletan eta basoetan aurkitzen dira, nahikoa landaretza eta belarren biodibertsitate handia dagoen tokietan. Dena dela beraien bizilekua beroa eta lehorra izaten da. Eskalatzaile abilak dira eta malda handiko eremuetan ere aurkitzen dira[6].

Elikadura

Belar altuak jaten dituzte baina lehorte sasoian zuhaitz azalak, adarrak, hostoak, kimuak, fruituak eta sustraiak ere jaten dituzte. Egunero edaten dute. Urik aurkitzen ez badute ibaien ibilgu lehortuak zulatzen dituzte apatxarekin ur bila.

Harraparitza

Zebrak lasterkari bikainak dira.

Hainbat harrapari ditu mendi-zebrak; lehoia, lehoinabarra, gepardoa, hiena pikarta eta likaona besteak beste. Ar dominanteak arriskua somatzen duenean dei zehatz batez ematen du seinalea. Taldearen atzealdean defentsa posizioa hartzen du eta eme gazteenak gidatzen du taldea arriskutik kanpora. Batzuetan inguruan dauden ñu beltzek pizten dute alarma, belarjale txikiagoen mugimenduei ez diete hainbesteko jaramonik egiten.[5].

Ihes egiteko lasterkari ona da. Horretaz gain badu harrapariek ez detektatzeko modua ere. Tenperatura handia denean gorputzean dituen marrek ia ikustezin bihurtzen dute mendi-zebra[7].

Bizilekuen gainezartzea

Lurmuturreko mendi-zebra eta Hartmannen mendi-zebra alopatrikoak dira, hau da, beren bizileku eremuak ez dira gainezartzen, horrek elkarren artean ugaltzea ekiditen du. Fenomeno berria da, izan ere lehen mendi-zebrak hego-mendebaldeko kostalde guztiko mendi magaletan aurkitzen baitziren, baina ehiztariek presio handia egin zuten Hegoafrikan bereziki, eta gaur egun Lurmuturreko mendi-zebraren populazioak oso zatikaturik daude eta txikiak dira[4].

Bestalde Angola eta Namibia arteko mugan Hartmannen mendi-zebraren eta zebra arruntaren populazioak gainezarri egiten dira, lur zerrenda fin batean. Namibiako Etosha parke nazionalean esate baterako zebra biek lurraldea partekatzen dute eta elkarrekin ikustea ere ohikoa izaten da.

Etologia

Lurmuturreko mendi-zebra behorra kumearekin.

Taldeak

Mendi-zebrek, zebra arruntez ez bezala, ez dute talde handirik osatzen, familia txikiak baizik. Familia edo harem horietan ar bat eta 1-5 eme izaten dira eta kume txikienak baino ez. Guztira 7-12 aletako haremak izaten dira[6]. Lurmuturreko zebren artean gazteek 13-37 hilabete dituztenean alde egiten dute haremetik, Hartmannen zebren kasuan emeak beraiek dira 14-16 hilabetekin kanporatzen dituztenak. Denboraldi bat bakardadean igaro ondoren arrak elkartuz joaten dira talde txikiak osatuz eta emeak egina dagoen harem batean sartzen dira.

Ar gazteek talde berezituak osatzen dituzte eta heldu ahala emeen bila hasten dira beren harem propioa osatzeko.

Ugalketa

Behorrek 3-6 urteko adinarekin izaten dute lehenengo kumea. 180 egunetako haurdunaldia izaten dute eta kume bakarra jaiotzen da. Jaioberriak 25 kilogramo inguru pisatzen ditu[6].

20 urte inguru bizi dira mendi-zebrak. Inoiz erregistratu izan den mendi-zebra zaharrenak 29 urte hartu zituen. Hartmannen mendi-zebra izan zen[6].

Gizakiaren eragina

Lurmuturreko mendi-zebra taldea Mountain Zebra National Parkean, Hegoafrikan.

Mehatxuak

Mendi-zebren populazioaren mehatxu nagusiak bi dira; larrua eskuratzeko ehiza eta nekazaritzaren ondorioz zebren habitataren galera. Gerrak dauden eremuetan gerrillek haragia eskuratzeko ehizatzen dituzte.

Kontserbazioa

IUCNren Zerrenda Gorrian "kaltebera" zendaturik dago. Lurmuturreko mendi-zebra ia iraungitzeraino ehizatu zen. 1930 hamarkadan 100 ale baino ez ziren gelditzen. Gaur egun ahalegin handia egin da espeziea ugaltzeko eta 1998an 1.200 zebra zeuden, hauetatik 540 parke naturaletan eta gainerakoak probintziako babes eremuetan. Kopuru handiena mendi-zebraren izena daraman Mountain Zebra National Park-ean dago[8]. Parke hori 1937an eratu zen baina populazioak behera egiten jarraitu zuen eta 1950rako parkeko mendi-zebrak desagerturik zeuden. 1950ean inguruko lurraldeetati hamaika zebra sartu zitutzen eta 1964an beste taldetxo bat gehitu zitzaion eta ordutik aurrera piopulazioa gorantz egiten hasi zen[9].

2013. urtean Hegoafrika osoan 2.700 aletako populazioa zegoen[10].

Hartmannen mendi-zebraren egoera nabaren hobea da. 25.000 ale inguruko populazioa duela kalkulatzen da[6].

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Groves, C. P.; Bell, C. H.. (2004-03-01). «New investigations on the taxonomy of the zebras genus Equus, subgenus Hippotigris» Mammalian Biology 69 (3): 182–196.  doi:10.1078/1616-5047-00133. ISSN 1616-5047. (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  2. Moodley, Y. & Harley, E. H.. (2005). Population structuring in mountain zebras (Equus zebra): the molecular consequences of divergent demographic histories. Conservation Genetics 6:, 953–968 or..
  3. Mammal species of the world : a taxonomic and geographic reference. (3rd ed. argitaraldia) Johns Hopkins University Press 2005 ISBN 0-8018-8221-4. PMC 57557352. (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  4. The complete book of southern African mammals. Struik Publishers 1997 ISBN 0-947430-55-5. PMC 37480533. (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  5. (Ingelesez) Walker, Martha. «Equus zebra (mountain zebra)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  6. (Ingelesez) Mountain Zebra - Facts, Diet & Habitat Information. (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  7. Klingel, H.. (1990). Grzimek's Encyclopedia of Mammals - Horses. S Parker, ed. Vol. 4, English Language Edition. New York: McGraw-Hill, Inc., 557-596 or..
  8. Stuart, Chris. (2012). National parks and nature reserves : a South African field guide. ISBN 978-1-77007-742-3. PMC 785708253. (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  9. Wilson, DE; Mittermeier, RA. (2011). Handbook of the Mammals of the World. Vol. 2. Hoofed Mammals. Lynx Edicions, Barcelona..
  10. (Ingelesez) Hrabar, Halszka; Kerley, Graham I. H.. (2013-07). «Conservation goals for the Cape mountain zebra Equus zebra zebra—security in numbers?» Oryx 47 (3): 403–409.  doi:10.1017/S0030605311002018. ISSN 0030-6053. (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.