Mendi-ibili
Mendi-ibilia oinez eta aire librean egiten den ibilaldi ez lehiakorra da. Jarduera honek baditu homologaturiko ibilbideak, nahiz eta bestelako ibilbideak ere erabiltzen diren, hala nola, bidezidor, landa-bide eta bestelakoak. Kirola eta turismoa elkartzen ditu eta normalean zailtasun txikia izaten du, nahiz eta bakoitzak aukeratu dezakeen bere mailara egokitzen den ibilbidea.[1]
Bigarren Mundu Gerra ondoren finkatu zen jarduera Frantzian, frantsesek sorturiko ibilbideen markaketa proiektu baten ondorioz. Gehienbat elkarteen esku zegoen jarduera izan da urte askoan, eta milaka kilometro egiteko aukera eman die bidaiariei, baina gaur egun, markarturiko ibilbide homologatu eta ez homologatuei esker, gizartearen gehiengoarentzat eskuragarria da bere sinpletasuna, arrisku eza eta kostu eskasa direla eta.
Trekking-a, mendizaletasuna edota txangoekin nahas daiteke baina badago modalitateen artean desberdintasuna. Modalitate guztiak ez lehiakorrak dira, nahiz eta azken urteetan zenbait txapelketa nabarmentzen hasi diren.
- Trekkinga: Bi puntu desberdin biltzen dituen ibilbide luzea da. Bete ahal izateko egun bat baino gehiago behar da.
- Mendizaletasuna: Mendi tontorretara heltzea helburu duen jarduera da, material eta ekipamendu bereziak eta jarduera bete ahal izateko egokiak eskatzen dituena.
- Txangoa: Burututako ibilbidea seinalizatuta edo seinalizatu gabe egon daiteke.
- Mendi ibilia: Egun bateko jarduera da, ibilbide seinalizatua eta bi puntu edota zirkularra egiten duena.
Galdutako antzinako ibilbideak berreskuratzeko erabili izan da, interes paisajistiko, historiko, etnografikoa sendotuz, desnibel eta zailtasun maila txikiarekin. Nahiz eta maila desberdinak aurkitzen diren haien artean, pertsona edo talde bakoitzak bere egoera fisikora eta denborara gehien egokitzen dena aukeratu dezake.
Ibilbide motak eta seinalizazioa
Hiru ibilbide mota aurki ditzakegu, ibilbide laburrak (PR), ibilbide luzeak (GR) eta ibilbide herrikoiak (SL), bakoitza seinalizazio desberdinarekin.[2]
Ibilbide herrikoiak (SL)
Berdea edo urdina eta txuriarekin adierazten diren ibilbideak dira eta herri edo hiri baten inguruan izaten ditugu. Egiteko errazak izaten dira.
Ibilbide laburrak (PR)
Normalean komunitate edo probintzien barruan aurkitzen ditugu eta kolore horiz eta txuriz adierazten dira. Egun bakarreko ibilbideak dira.
Ibilbide handiak (GR)
Probintzia edo estatu mailan aurkitzen ditugu eta hauen identifikazioa gorri eta txuria izaten da.
Euskal Herria eta mendizaletasuna
Euskla Herrian beti izan da mendirako zaletasun handia. Goi mailako mendizale ugari dago euskal lurraldean eta baita mundu mailako hainbat espedizio garrantzitzutan parte hartu duten euskal mendizaleak ere. Euskal Herriko mendiek eta naturaguneek aukera ematen dute bide-sare tradizionaletik jarduera hau egiteko.
Zaletasun honek Euskal Mendizale Federazioaren sorrera ekarri zuen[2], Elgetan (Gipuzkoa) 1924ko maiatzaren 18an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako etaNafarroa Garaiko mendi-elkarteek bultzatuta, Federación Vasco-Navarra de Alpinismo izenarekin.
Federazioa
Espainiako Estatuan Federacion Española de Deportes de Montaña y Escalada (FEDME) arduratzen da bidezidorrak homologatzeaz[3] eta nazioarteko harremanez[4]. Euskal mendizale federazioa (EMF)-rekin batera, beste erkidegoetako federazioak ere badira, hala nola, Federación Aragonesa de Montañismo (FAM) Aragoin edota Federación Andaluza de Montañismo (FAM) Andaluzian.
Federazioen egitekoa mendizaleei babesa ematea da, ibilbideak bere erabilerarako egoki mantenduz, mendi aterpeak eskainiz edota istripuren bat gertatuz gero erreskatatuz. Bazkide izateko talde edo elkarte baten bitartez egin beharra dago.
Mendi federazioak hainbat mendi modalitate babesten ditu, hala nola, eskia, alpinismoa, arroilen jaitsiera, eskalada, mendi lasterketak eta beste hainbat.
Janzkera eta elikadura[5][6]
Ez dago zehazturiko araurik janzteko garaian ez eta elikaduraren inguruan ere, bai ordea hainbat gomendio jarduera ahalik eta seguruen egiteko.
Janzkera
Arropei dagokienez, klimari eta inguruari egokituriko arropak gomendatzen dira, euria, hotza, beroa, haizea... kontuan izanik.
Hobeto beti galtza eta kamiseta luzeak janztea euli, eltxo, erle, landare eta abarren ziztadak ekiditeko eta zira edo euritarako egokia den jaka bat.
Oinetakoak, orkatilerainokoak gomendatzen dira, okerdurak saihesteko asmoz eta zoru irristakor gabekoak.
Euritakoak ere non mugituko garen arabera. Eguzkitako krema, betaurrekoak eta zapi bat eramatea ere gomendatzen da, motxilan behintzat.
Laguntzazko materiala
Motxila egoki bat eramatea ezinbestekoa da, materialak ondo gorde eta eroso eramatekoa. Ibiltzeko garaian makilekin joatea ere lagungarria da. Beti ere, ibilbidea markatuta egon arren, mapa bat aldean izatea ondo etortzen da eta mugikorra eta bateria gehigarri bat izatea ez dago soberan badaezpada, baita labanaren bat ere.
Nutrizoa eta hidratazioa
Elikadurari eta urari dagokionez, ura beti ere soberan izatea beharrezkoa da, eta ahal den puntu guztietan errekargak egitea. Egarri ez izan arren, une oro edatea egokia da. Jana beharrrezkoa dugu, ez da gauza berdina egun bakarreko ibilbidea egitea edo hainbat egunetakoa. Egun bakarreko ibilbidea egiteko, fruitu lehor, txokolatina, fruta edota ogitartekoren bat beti ere motxilan sartuta izan behar dugu eta edatearen antzera, jatea ere epe motzean egitea beharrezkoa dugu. Ibilbidea egun bat baino gehiagokoa bada, ogitartekoa ez da egokiena ez baita ongi mantenduko, hala ere, beti pentsatu beharra dugu karbohidrato ugari dituzten elikagaiak direla egokienak.
Errefentziak
- (Gaztelaniaz) Patán, Francisco Fontano. «Viajar haciendo senderismo» Viajeros en ruta (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
- (Gaztelaniaz) http://www.ziranet.es,+ZiRaNet |. «Euskal Mendizale Federazioa - Federación Vasca de Montaña» emf.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
- (Gaztelaniaz) Senderismo Fedme – FEDME, información de los senderos homologados GR, PR y SL de España. (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
- (Gaztelaniaz) Relaciones internacionales – Elecciones FEDME´20. (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
- «Qué llevar para hacer senderismo» Los cinco enebros 2018-02-28 (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
- (Gaztelaniaz) ESCRITO: alimentación en el senderismo | Scapha. 2013-05-03 (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
- «Nola eraman materiala motxilan - Ibilkari - Berria» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-04).