Mendi-berdantza
Mendi-berdantza (Emberiza cia) emberizidae familiako hegazti paseriformea da, hegoaldeko Europan, ipar-mendebaldeko Afrikan, erdialdeko Asian eta Himalaian bizi dena[1].
Mendi-berdantza | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Emberizidae |
Generoa | Emberiza |
Espeziea | Emberiza cia Linnaeus, 1766
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 2,77 g (pisua jaiotzean) 23 g (helduen pisua) |
Kumaldiaren tamaina | 3,9 |
Errute denbora | 14 egun |
Lumajean gainerako berdantzen antza du, baina kolore horirik gabea eta buruaren alde bietan hiru larro beltz bereizgarriak ditu. Arra emea baino kolore biziagokoa da. Haziak, landare-kimuak eta intsektuak jaten ditu eta habia, eskuarki, lurrean egiten du. Sastraka ugari dauden lekuak atsegin ditu eta Euskal Herrian ez da oso arrunta.[2]
Deskribapena
16 cm-ko tamaina duen txoria da, ez da oso ohikoa gure lurraldean, berdantza horia eta hesi-berdantzaren tamaina bertsukoa, baina lumajean horirik gabea.
Arra identifikatzea ez da batere zaila, batez ere buruari erreparatzen badiogu. Hiru lerro beltz dituen gris-errauts kolorekoa da: gain-ziliarra, okularra, eta ezpain-kutsukoa.
Nahiz eta arraren eta emearen lumajea desberdina izan, dimorfismo sexuala ez da beste berdantza batzuetan bezain nabarmena, emeak kolore arre motelagoak ditu, kontraste gutxiagokoa eta bularra eta alboak apur bat zerrendatuta.
Bestalde, mendi-berdantza helduak dira zintzurra errauts kolorekoa duten berdantza bakarrak, heldugabeak, berriz, beste bi espeziengandik bereizten dira, azpialdeko zati gorrixka zurbilak eta ipurtxuntxur gaztaina kolorekoa dituztelako, zerrenda gabe; azken bi ezaugarri hauek helduentzat ere balio dute.
Apeua “tchi” zorrotz bat da, hesi-berdantzaren oso antzekoa. Kantuari dagokionez, “zi-zi-zi-zeer” moduko bat, zingira-berdantzaren antzekoa. Azken notak goranzkoak izaten dira, eta maiz igortzen du hegoak azkar mugituaz.
Biologia eta ohiturak
Berdantzarik lurtarrena da, beraz, normalean lurrean ikusten da, mota guztietako hazien, aleen, kimuen eta intsektuen bila, txori honen elikadura-dieta hauek osatzen dute.
Ugalketa apiriletik uztailera bitartean egiten dute, eta aldi horretan txitaldi bat edo bi ateratzen dituzte aurrera.
Habia, oro har, lurrean egiten dute, harkaitzen artean edo zuhaixka baxuren baten ondoan, belarrez, azal zatiz eta goroldioz egina dago, ilez eta sustraitxo txikiez tapizatuta. 4-6 arrautza egiten ditu, urdinxka samarrak edo grisaxkak, zerrenda beltzekin, kontzentratuta polo zabalaren inguruan eraztun bat osatuz.
Txitaldia emearen kontura izaten da, eta 12 eta 13 egun bitartean irauten du.
Txorikumeak 10-13 egunez habian egoten dira, bi helduek intsektuez elikatuta.
Habitata, banaketa eta estatusa
Espezie sedentarioa da, nahiz eta migrazio-mugimendu txikiak egin ditzaken, batez ere eremu menditsuetan bizi direnak. Izan ere, negua iristean, mendi-berdantzak klimatologikoki hobeak diren eta elikagai onberagoak dituzten lekuetara jaisten dira normalean.
Etenaldiekin ugaltzen da Afrikako erdialdean eta ipar-mendebaldeko hegoaldean, Ekialde-Ertainean eta Europan Iberiar penintsulatik, Alemaniako hegoalderaino eta Balkanetaraino.
Euskal Herrian nahiko modu orokorrean banatzen da. Eremu atlantikoan urria da, eta oro har kokatua, hegoalderanz ohikoagoa da.
Bizi diren habitatak nahiko eremu irekiak dira, mendi-hegal harritsuak, lur idor eta hautsiak, harritsuak, beti leku eguzkitsuetan, belarretan, sastraketan eta zuhaizti argietan.[3]
Erreferentziak
- Byers, Olsson eta Curson, Buntings and Sparrows ISBN 1-873403-19-4
- Jon Larrañaga Elhuyar, K.E. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 225 or. ISBN 84-87114-09-1..
- (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 317 or. ISBN 84-7542-639-5..