Mendebaldera Bidaia

Mendebaldera Bidaia (txinera tradizionalez: 西遊記; txinera sinplifikatuz: 西游记; pinyinez: Xī yóu jì) XVI. mendean Ming dinastiaren agintaldian argitaraturiko nobela txinatarra da, Wu Cheng'en idazleak idatzitakoa izan daitekeena. Txinako Lau Nobela Klasiko Handietako bat da eta Asiako literatur lan herrikoiena dela esaten da[1].

Mendebaldera Bidaia
Datuak
IdazleaWu Cheng'en (en) Itzuli eta Li Chunfang (en) Itzuli
Argitaratze-data1592
Generoafantasia, gods and demons fiction (en) Itzuli eta abenturazko fikzioa
Jatorrizko izenburua西遊記
HerrialdeaMing dinastia

Eleberria Tang dinastia garaiko Xuanzang monje budistak mendebaldera egindako erromesaldian oinarritzen da. Hark idatzi zuen liburuan kontatzen denari folklore herrikoiko osagaiak eta autoreak berak asmatutakoak gehitzen dizkio. Horrela Xuanzangek hiru ikasle laguntzaile ditu, Sun Wukong, Zhu Bajie eta Sha Wujing, bai eta Dragoi Zaldi Zuria ere. Erromes taldeak argitasuneranzko bidaia egiten du elkarlana ardatz hartuta.

Egilea

Ezagutzen den aurreneko Mendebaldera Bidaia nobela luzea 1592. urtean argitaratu zen era anonimoan, aurretik bi bertsio labur atera ziren[2]. Hori gutxi balitz liburuaren zatirik handiena kondaira gisa plazaratu zen.

Estatu Batuetan Txinako enbaxadorea izan zen Hu Shih-ek idatzi zuen anonimoki publikatu bazen ere Wu Cheng'en izan zela egilea, eta hori baieztatzeko arrazoi nagusia da Wu-ren jatorrizko eskualdeko biztanleek hala ziotela 1625ean[3]. David Lattimorek kontra egin zion Wu-k antzeko izenburua zuen liburu bat idatzi zuela esanez, Tang Handien garaiko mendebalderako bidaiaren kronika, baina ez nobela hau[4]. W. J. F. Jenner itzultzaileak dio Wu-k ongi ezagutzen zuela Txinako burokrazia eta politika eta arraroa dela horren aipamenik eleberriak ez egin izana[5].

Edonola ere Wu-ren izena Mendebaldera Bidaiaren argitalpen ugaritan agertzen da[6].

Testuinguru historikoa

Mendebaldera bidaia gertaera historikoetan oinarritzen da. Xuanzang (602-664) Jing tenplu budistako monjea zen.

Garaiko budismoaren idazki onenak aurkitu nahian Chang'an (gaur egungo Xi'an) hiriburua utzi eta mendebalderantz jo zuen Tang dinastiako Taizong enperadorearen debekua hautsiz. Gansu pasabidetik Qinghai, Kumul eta Tian Shan mendiak jarraituz Turfan hirira iritsi zen. Ondoren Txinatik irten eta Kirgizistan, Uzbekistan eta Afganistan zeharkatuz Gandhara hirira (gaur egungo Pakistan) iritsi zen 630. urtean[7]. Hurrengo 13 urtetan Indiako azpikontinentean zehar bidaiatu zuen budisten erromes-leku garrantzitsuenak bisitatuz, Nalandako antzinako unibertsitatean ikasiz eta beste monje budista batzuekin debateak sortuz.

643. urtean India utzi eta 646an iritsi zen Chang'anera bueltan. Enperadorearen bidaiatzeko debekuari muzin egin bazion ere Taizong enperadoreak ongi etorri beroa egin zion eta buruan zekartzan proiektuak egiteko dirua eta babesa eskaini zizkion. Da Ci'en monasterioan sartu zen eta Antzar Basatiaren Pagoda Handia eraiki zuen, Indiatik ekarritako 657 sutra eta zenbait erlikia budista gordetzeko[8]. Bere bizipenak jaso zituen Tang Handien garaiko mendebalderako bidaiaren kronika liburuan[9].

Xuanzang 664ko martxoaren 7an hil zen eta 669an Xingjiao monasterioa eraiki zen haren errautsak gordetzeko.

Laburpena

Liburuak 100 atal ditu tamaina desberdineko lau zatitan multzokatuak.

Lehenengo zatia (1-7 atalak)

Zati honetan istorio nagusiaren aurretik Sun Wukong protagonistak izan duen ibilbidea azaltzen du. Sun Wukong (Tximino Erregea) bost elementuek elikaturiko harri batetatik jaiotako tximua da. Taoismoaren artea ikasten du, 72 transformazio polimorfiko egiteko gai da, hilezkortasunaren sekretua aurkitzen du eta borroka egiten ere ikasten du. Azkartasunaren eta indarraren bidez izen propio bat lortzen du, Qitian Dasheng (齊天 大聖), "Zerua besteko jakintsua" esan nahi du. Zeruko burokrazian sartzen da eta harrotasunez beterik Buda berari aurka egiten dio. Budak mendi baten azpian harrapatzea lortzen du eta 500 urtez giltzapetu egiten du talisman baten bidez.

Bigarren zatia (8-12 atalak)

Tang Sanzang (Xuanzangek liburuan hartzen duen ezizena)[10] monjearen gaztaroa eta bidaiaren abiapuntua biltzen ditu. Hegoaldeko lurretako biztanleek diru-gosea, hedonismoa, promiskuitatea eta pekatuak baino ezagutzen ez dituztelako nahigabetuta dagoen Budak norbait behar du Tang dinastian sakabanaturik dauden borondate onaren sutra budistak batu eta ekialdera eraman ditzan. Zati honetan Tang Sanzang monje nola bihurtzen den kontatzen da eta nola Taizong enperadoreak bera aukeratzen duen mendebalderako bidai hori egin dezan.

Hirugarren zatia (13-99 atalak)

Liburuko bost pertsonaiak elkarrekin:
Tang Sanzang monjea, Zhu Bajie urdea, Dragoi Zaldi zuria, Sha Wujing hareazko ogroa eta Sun Wukong tximinoa.

Abentura eta pasadizoz josita dagoen bidaia kontatzen da. India ipar-ekialdeko Saien mendiko Leiyin tenpluan dauden idazkiak hartu behar ditu eta bidean hainbat deabru aurkitzen ditu. Zetaren Bidea jarraitzen du baina liburua fantasiaz erabat osaturik dago. Pasadizu bakoitzak atal 1 eta 4 artean hartzen ditu eta orokorrean deabruek Tang Sanzang harrapatzen dute eta haren hiru ikasleek era burutsu eta sarritan biolento batean askatzea lortzen dute.

13-22 arteko ataletan bere ikasleak aurkitzen ditu Guanyin jainkoak bideratuta. Aurreko bizitzan izandako bekatuak garbitzeko Tang Sanzangekin bat egin eta bidean laguntzea erabakitzen dute. Honako hauek dira ikasleak:

  • Sun Wukong edo "Tximino Erregea". Ikasleen artean azkarrena eta biolentoena da. Tang Sanzangek sarritan egiten dio errieta gehiegizko bortxakeria erabiltzeagatik. Guanyinek urrezko uztai magiko bat ezarri dio buruan kontrolatzeko eta Tan Sanzangek mantra zehatz bat abesten duenean buruko min izugarria sortzen zaio. 13. ataletik aurrera agertzen da.
  • Zhu Bajie, literalki "Zerriaren zortzi arauak". Zeruko mariskala armadaren mariskala izan zen aurretik baina Chang'e ilargiaren jainkosa jazartzeagatik hilkorren erresumara erbesteratu zuten. Janariarekiko eta emakumeekiko aseezina da eta bere nahiak betetzen saiatzen da etengabe. Hori dela eta Sun Wukongekin istilu ugari izaten ditu. 19. ataletik aurrera agertzen da.
  • Sha Wujing ibaiko ogroa edo "Harea". Antzina Zeruko oihala jasotzeko jenerala izan zen eta hilkorren mundura erbesteratu zuten Mendebaldeko Erreginaren beirazko edalontzi bat eror arazteagatik. Pertsonai lasaia eta leiala da, Sun eta Zhu pertsonaien bis komikoarekin kontraste handia egiten duena. 22 ataletik aurrera agertzen da.
  • Dragoi Zaldi zuria. Mendebaldeko itsasoko Dragoi Erregearen hirugarren semea da. Heriotza zigorrera kondenatu zuten aitaren perla handiari su emateagatik. Guanyinek salbatu zuen eta bere patuaren zain egoteko eskatu zion. Tang Sanzang daraman zaldia denez ez du apenas hitzik esaten.

22. atalean Sha Wujing ezagutzen dutenean ibai bat zeharkatzen dute eta kontinente berri batera iristen dira. 23-86 arteko ataletan lurralde basatian ibiliko dira eta 24 pasadizo izango dituzte. Pasadizo horiek luzera desberdinak dituzte eta bakoitzean mundtro magiko bat edo azti gaizto bat agertuko zaie. Ibai zabal itzelak daude, sutan dauden mendiak, emakumez soilik osaturiko erresuma bat, armiarma izpiritu erakargarrien gordeleku bat, eta beste hainbat lurralde eta txoko. Dirudienez Budak antolatzen ditu egoera hauetako gehienak, baina lau bidaiariek ez dute min aipagarririk jasaten. 87. atalean Tang Sanzang Indiako mugara iristen da eta 87-99 atal saileko gertakari magikoak eremu mundutiarragoan kokaturik daude. Erromesaldiak 14 urte irauten dituela esaten da, baina testua aztertuta bederatzi urte igarotzen dira. Amaieran Saien mendira iristen dira eta Budak idazkiak ematen dizkio Tang Sanzangi.

Laugarren zatia (100. atala)

Bidaiaren itzulera kontatzen da azkar batean. Pertsonai bakoitzak postu bat eskuratzen du zeruko burokrazian.

Pertsonaiak

Sun Wukong (Tximino Erregea)

Sakontzeko, irakurri: «Tximino Erregea»
Sun Wukong eta Tang Sanzang monjea.

Sun Wukong (txinera sinplifikatuz: 孫悟空; pinyinez: sūnwùkōng): Fruita eta loreen mendian jaio zen harrizko arrautza batetatik. Arrautza hori Zeruaren eta Lurraren arteko elkarketatik sortu zen. Urezko gortinaren atzeko leizean sartzea lortu zuenean bere tximino leinuak "Tximino Errege Ederra" titulua eman zion. Tximino zahar bat hiltzen ikusi zuenean Taoren bila bidaiatzea erabaki zuen betiereko bizitzaren sekretuaren lortzeko. Bidean Bodhiren Maisu Handia aurkitu zuen eta honek transformatzeko 72 era erakutsi zizkion jauzi hilkorraren lainoa eman zion, horri esker 108.000 li-ko distantziara di-da batean bidaiatzea ahalbidetzen dio[11].

Hainbat jainko haserretu arazi ondoren Jade enperadorearen arreta bereganatu zuen eta honek toki bat eman zion Zeruan, zaldi zaintzaile lana hain zuzen ere. Posizio baxua zela iritzita asko haserretu zen eta bere mendira itzuli zen. Han bandera bat ezarri zuen bere burua "Zerua besteko jakintsu handia" izendatuz. Jade enperadoreak hainbat soldadu bidali zituen bera atxilotzera baina inork ez zuen helburua lortu. Horren ondoren enperadoreak amore eman eta Zeruko mertxikondoen lorategiaren zaintzaile bihurtzen du. Mertxikondo hauek 3.000 urtean behin ematen dute fruitua eta hura janez gero hilezkortasuna lor daiteke. Sun Wukongek mertxika heldu guztiak jaten ditu eta zeruko jainkoak berriz haserretzen dira berarekin. 100.000 soldadutako armada bidaltzen dute hura hiltzera, baina Tximino Erregeak irabazten du. Enperadoreak orduan Budari laguntza eskatzen dio eta apustu bat irabaziz Bost Elementuen mendiaren azpian zigilatzen du. 500 urtez egoten da giltzapean harik eta Tang Sanzangek askatzen duen arte[11].

Haren arma nagusia Ruyi Jingu Bang makila da, nahi beste luzatu dezakeena eta nahi beste txikitu ere bai. Orratz baten tamainara txikitu ohi du eta belarrian eramaten du. Makila horrek 17.550 libra pisatzen ditu eta garai batean Ekialdeko Itsasoetako Dragoi Erregearen jauregiko zutabe bat izan zen. Dragoi erregeak esan zion eusteko gai bazen eraman zezakeela. Gai zela ikusi zuenean beldurtu egin zen eta jauregia ez apurtzearen trukean urrezko armadura bat eman zion. Horretaz gain gorputzetik ileak askatu eta desio duen edozer gauzetan bihurtzen ditu. Buruan Guayin izeneko uztai bat du eta Tang Sanzangek mantra zehatz batekin buruko mina sortaraz diezaioke, horrekin kontrolatzen du Sun Wukong[11].

Tang Sanzang

Tang Sanzang (txinera sinplifikatuz: 唐三藏) edo Tripitaka: Monje budista bat da, liburuko pertsonai nagusia. Dahila erresumara doa (Txinan horrela esaten zitzaion garai hartan Indiari) eta arriskuen aurrean oso kaltebera denez Guayin jainkoak bidaian lagunduko dioten ikasleak aurkitzen laguntzen dio. Bidaia-lagun izatearen truke ikasleek barkamena eta zeruko argia aurkituko dute. Bidaian aurkitzen dituzten herritarrei munstro gaiztoen aurka borrokatzen laguntzen die[10].

Zhu Bajie

Tang Sanzang (txinera sinplifikatuz: 豬八戒): "Zortzi Debekuen Txerria" esan nahi du. Esne Bideko 100.000 itsas soldaduren komandante zerutiarra izan zen baina jainkoen oturuntza batean gehiegi eda zuen eta Chang'e jainkosa jazarri zuen. Zigor gisa hilkorren mundura erbesteratu zuten. Gizaki gisa jaiotzekoa bazen ere akats baten erruz zerrama baten umetokian berraragitu zen eta orain erdi gizaki erdi zerria da. Janariekiko eta emakumeekiko gose aseezina du[12].

Arma nagusia jiuchidingpa du, bederatzi hortzetako burdinezko arrastoa. 36 transformazio egin ditzake eta lainoan ere bidaiatu dezake, baina ez Su Wukongek bezain azkar. Uretan ordea oso borrokalari ona da.

Sha Wujing

Sha Wujing (txinera sinplifikatuz: 沙悟淨): "Purutasunera esnaturiko harea" esan nahi du. Mirarizko Behelainoaren Aretoko gortina jasotzaile jenerala zen. Istripuz mertxiken otoruntzan Mendebaldeko Erregina Amaren beirazko edalontzi bat hautsi zuen eta hilkorren mundura erbesteratu zuten. Harea isurkarien ibaian jarri zuen egoitza eta inguruko gizakiak beldurtzen zituen. Sun Wukongek eta Zhu Bajiek garaitu egin zuten eta taldera batu zitzaien[13].

Arma nagusia zurezko makila majikoa du, perlazko hariez estalita dagoena. 18 transformazio egiteko gai da eta hau ere borrokalari bikaina da ur azpian. Hiru ikasleen artean logikoena eta esanekoena da eta Tang Sanzang ongi zaintzen du. Beste bi ikasleen arteko liskarrak baketzen saiatzen da.

Sekuela

1640. urtearen inguruan Mendebaldera Bidaiaren Gehigarria (西遊補, Xiyoubu) izeneko nobela satiriko laburra argitaratu zen. Jatorrizko Mendebaldera Bidaia liburuko 61. atalaren aaiera eta 62. atalaren hasieraren artean kokatzen da istorioa. Dong Yue (董說) idazleak Sun Wukongek garaituko ez zuen aurkari bat sortu zuen, "desioa".[14]

Mendebaldera Bidaia egungo kulturan

Telesailak

Txinako literaturako lau liburu klasiko handienetako bat da eta herrialde hartan liburu irakurrienetako bat da. Tximino Erregea bera ere erreferentziazko pertsonaia literarioa da. Japonian ere liburu ezaguna da. 1978-1980 artean Japoniako Nippon TV telebistan telesaila egin zen eta Txinan ere bai 1980. hamarkadan.

2017an Australiako ABC, Zeelanda Berriko TVNZ eta Netflixek Zeelanda Berrian errodaturiko telesaila egin zuten, The New Legends of Monkey izena zuena[15]. Urte berean Hego Korean A Korean Odyssey izeneko komedia plazaratu zen, bertan Sun Wukong eta Tang Sanzang korear berraragitzen dira[16].

Dragoi Bola

Dragoi Bola animaziozko telesail famatuko protagonista den Son Goku Mendebaldera Bidaiako Sun Wukong pertsonaian oinarritzen da. Sun Wukong-en karaktere txinatarrak japonieraz Son Gokū irakurtzen dira[17]. Hark bezala tximino itxura du (isatsa dauka), borroka arteen maisua da, nahi haina luza daitekeen makila miragarria du eta Kinton lainoan bidaiatzen du. Son Gokuk ere bidaia bat egiten du lehenengo denboraldian eta inguruan azaltzen zaizkion makina bat munstroren aurka borrokatzen du[18].

Anime serieak aurrera egin ahala jatorrizko identifikazioa galdu egiten da[18].

Bestelakoak

1997. urtean Fred Ho musika konpositoreak jazz opera bat sortu zuen, baina Ekialdera Bidaia izena eman zion[19].

Hainbat bideojoko ere egin dira, esate baterako Enslaved: Odyssey to the West (2009) eta Black Myth: Wukong (2020)[20].

Erreferentziak

  1. Kherdian, David. (2005). Monkey: A Journey to the West. , 7 or..
  2. Yu, Anthony C,. (2012). "Introduction". Journey to the West. Vol. 1.. Chicago: University of Chicago Press, 1-96 or..
  3. Hu Shih. (1942). "Introduction". Press., 1-5 or..
  4. (Ingelesez) Lattimore, David. (1983-03-06). «THE COMPLETE 'MONKEY'» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
  5. "Translator's Afterword". Journey to the West. Vol. 4. Translated by Jenner, William John Francis (Seventh ed.). Beijing: Foreign Languages Press. 1984. pp. 2341–2343..
  6. Shi Changyu 石昌渝. (1999). "Introduction". Journey to the West. Vol. 1.. Beijing: Foreign Languages Press, 1-22 or..
  7. Wriggins, Sally Hovey. (c 2004). The Silk Road journey with Xuanzang. Westview Press ISBN 0-8133-6599-6. PMC 52430797. (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  8. «Giant Wild Goose Pagoda, Da Ci'en Temple, Xi'an» www.travelchinaguide.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-16).
  9. «Wayback Machine» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  10. (Thailandieraz) hmong.wiki. «Tang Sanzang Descripción del personajeyAntecedentes históricos» hmong.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  11. (Ingelesez) «Sun Wukong» Myths and Folklore Wiki (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  12. (Ingelesez) «Zhu Bajie» Villains Wiki (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  13. (Ingelesez) «Sha Wujing» Villains Wiki (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  14. Dong, Yue. (2000). The tower of myriad mirrors : a supplement to Journey to the West. (2nd ed. argitaraldia) Center for Chinese Studies, the University of Michigan ISBN 0-89264-142-8. PMC 44683551. (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  15. The New Legends of Monkey. See-Saw Films, Jump Film and Television 2018-04-28 (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  16. (Gaztelaniaz) «A Korean Odyssey» Wiki Drama (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  17. «culture - Is Goku in Dragon Ball based on Sun Wukong from Journey to the West?» Anime & Manga Stack Exchange (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  18. (Gaztelaniaz) las 12:56, byJemima Sebastian Actualizado el 27 de Noviembre de 2019 a las 13:43 Publicado el 27 de Noviembre de 2019 a. (2019-11-27). «Dragon Ball: Sun Wukong, el personaje que inspiró a Goku» IGN Latinoamérica (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  19. Monkey King Journey to the East - Fred Ho - 1997. (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).
  20. (Ingelesez) Skrebels, Joe. (2020-08-20). «Gorgeous Action-RPG Black Myth: Wukong Revealed with Extended Gameplay Trailer» IGN (Noiz kontsultatua: 2022-02-07).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.