Mendazako gudua
Mendazako gudua 1834ko abenduaren 12an Mendaza inguruan[1] gertatu zen gudua izan zen. Karlistek gudua bilatu bazuten ere, liberalek irabazi zuten[2].
Mendazako gudua | |||
---|---|---|---|
Lehen Karlistada | |||
Iparraldeko frontea | |||
Data | 1834ko abenduaren 12a | ||
Lekua | Mendaza Nafarroa 42°38′10.56″N 2°14′54.77″W | ||
Koordenatuak | 42°36′N 2°12′W | ||
Emaitza | Liberalen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Gudua
Etxebarrin 1834ko urrian garaipena lortu ondoren, karlistek hornigai asko eta adore zituzten. Hori zela eta, gerrilla taktikak ahaztu eta ohizko gudua ematea erabaki zuten. Horretarako bere buruzagiek Berrotza harana aukeratu zuten[3].
1834ko abenduaren 12an Zumalakarregik egunsentia etorri baino lehen bere soldaduak Berrotza haranean, Mendaza eta Asarta artean kokatu zituen, hegoalderantz begira eta ezkerreko hegala Mendazan eta eskuinekoa Asartan izanik. Haranaren sakonunean bere armadaren erdigunea zegoen. Bai sakonunean bai gertuko magaletan lursail txiki ugari zeuden, denak harrizko itxiturez inguratuak. Bere kuartel nagusia Desiñanan kokatu zuen.
Luis Fernández de Córdovak zuzendutako armada isabelinoa hegoaldean, haranetik at, zegoen, Los Arcosen hain zuzen ere[4].
Zumalakarregik Hanibalek Cannaen egin zuen moduan prestatu zuen gudua: etsaiaren erasoa bere armadaren erdigunean jasoko zuen eta honek tarteka iparralderantz atzera egingo zuen. Horrela etsaia "U" baten ahotik pasatuko zatekeen eta, orduan, hegalek- ezkerraldekoa gauean Bi Haizpeak mendian zegoen artadian ezkututako indar gehigarriez sendotua, eraso eta maldan behera isabelinoak izango zituzkeen.
Armada liberala eguerdirako ailegatu zen haranera eta Luis Fernández de Córdova jeneralak, armada karlistaren zati handiena sakonunean ikusi zuenean, Marcelino Oraa abangoardiaren bere buruzagi nagusiari etsaiaren erdigunea erasotzea agindu zion. Hau Iberiar Penintsulako Gerran Espoz Minarekin izandakoaz gain, nafarra zen. Harana ederto ezagutzen zuen eta iruzurraz konturatu zen[5].
Hori zela eta, entzungor egin eta Mendaza aldera joan zen, ezkerraldeko hegala erasotuz[6]. Etsaiaren mugimenduaz konturatzean, Zumalakarregik bere erdigunean zituen soldaduak ezkerralderantz mugitu zituen, ezkerraldeko hegala babesteko. Zoritxarrez, soldadu karlistek ez zuten eskarmentu handirik maniobrak egiten eta egiterakoan formazioa hondatu zen. Gainera, bere kokagunea aldatzean, itxituren babesa galdu zuten eta hegoaldean, haranaren sarreran zegoen artilleria liberalaren tiramenean zeuden.
Karlistak laster itsumustuan hanka egin eta inguruko mendien babesa bilatu zuten. Handik Ega zeharkatu eta galdutzat eman zuten gudua[7].
Parte-hartzaileak
Aipatutako ofizialez gain, Charles Frederick Henningsen ingelesa[8], Alexis Sabatier frantsesa[9], Fernando Fernández de Córdova espainiarra[10] edo Juan Antonio Zaratiegi euskaldunak[11] guduari buruzko bere lekukotasuna idatzi zuten.
Erreferentziak
- Isidoro Magués. Don Carlos e i suoi Difensori. Florentzia. Batelli e Figli 1837
- Antonio Pirala. Historia de la guerra carlista y de los partidos liberal y carlista. Segunda edición. Madril 1867-1871
- Francisco de Paula Madrazo. Historia militar y política de Zumalacárregui. Librería Santarén. Valladolid, 1941
- Luis Fernández de Córdova. Memoria justificativa que dirige a sus conciudadanos el general Córdova en vindicación de los cargos que por la prensa nacional y extrangera se han hecho a su conducta militar ó política en el mando de los ejércitos de operaciones y de reserva Paris, 1837 Google Books
- Marcelino Oraa. Memoria histórica de la conducta militar y política del General Oráa Madril, 1847
- José M. Azcona. Zumalacárregui. Estudio crítico de las fuentes históricas de su tiempo. Instituto de Estudios Políticos. Madril, 1946
- Benjamín Jarnés. Zumalacárregui. El caudillo romántico. Madril, 1972
- C.F. Henningsen. The Most Striking Events of a Twelvemonth’s Campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces. Londres, 1836
- Alexis Sabatier. Tío Tomás. Souvenirs d'un soldat de Charles V. Chez Granet. Bordele, 1836
- Fernando Fernández de Córdova. Mis memorias íntimas. Madril, 1886-1889
- Juan Antonio Zaratiegi. Vida y hechos de D. Tomás de Zumalacárregui. Escelicer, S.L. Donostia, 1946