Maksim Gorki
Maksim Gorki[1] (errusieraz: Максим Горький), benetako izenez Aleksei Maksimovitx Pexkov[1] (errusieraz: Алексей Максимович Пешков; Nizhni Novgorod, 1868ko martxoaren 28greg./martxoaren 16ajul. – Mosku, 1936ko ekainaren 18), errusiar idazlea izan zen, errealismo sozialistaren sortzailetariko bat eta iraultza boltxebikearen aldeko aktibista.
Maksim Gorki | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Nizhni Novgorod, 1868ko martxoaren 16a (juliotar egutegia) |
Herrialdea | Errusiar Inperioa Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Bizilekua | Capri Sorrento Nizhni Novgorod San Petersburgo Mosku |
Lehen hizkuntza | errusiera |
Heriotza | Gorki-10 (en) eta Mosku, 1936ko ekainaren 18a (68 urte) |
Hobiratze lekua | Kremlingo harresiko nekropolia |
Heriotza modua | : pneumonia |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Jekaterina Pexkova Maria Fiodorovna Andreieva |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | errusiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, antzerkigilea, eleberrigilea, poeta, iritzi-kazetaria, dramagilea, autobiografialaria, kazetaria, eguneroko-idazlea, politikaria eta argitaratzailea |
Parte-hartzailea
| |
Enplegatzailea(k) | Pushkin House (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Sobietar Idazleen Batasuna |
Mugimendua | Errealismo sozialista |
Izengoitia(k) | Максим Горький eta Иегудиил Хламида |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
Alderdi politikoa | Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrata |
| |
Bere liburuetan burgesiaren ustelkeria, klaseen arteko borroka eta gizarte-arazoak jorratu zituen nagusiki. 1906tik 1913ra eta 1921etik 1929ra, atzerrian bizi izan zen, batez ere Caprin, Italian. Sobietar Batasunera itzuli zenean, onartu zituen garaiko kultura-politika, baina ez zuen baimenik izan bere herrialdea berriro ere uzteko. Haren omenez, 1932tik 1990era, haren jaioterriari Gorki izena eman zioten.
Bizitza
1868an jaio zen Gorki Nizhni Novgorod hirian, erdiko klaseko familia xume batean. Haurtzaro latza izan zuen. Bost urte zituela, aita hil zitzaion, eta aiton-amonen etxera joan zen amarekin batera. Hango giroa izugarria zen, senideek elkar gorrotatzen zuten, liskarrak etengabeak ziren, aitonak konortea galarazteraino jipoitzen zuen. Zortzi urte zituela, ama hil zitzaion. Bi urte geroago, ikasteari utzi eta, aitonaren negozioak porrot egin zuela-eta, lanean hasi behar izan zuen.
Gorriak eta beltzak ikusi zituen garai hartan. Orduan ezagutu zituen arloteak, mozkortiak, prostitutak, pobreetan pobreenak, gizarteak baztertutako jendea. Miseriaz inguraturik bizi zen. Horrek guztiak sentiberatasun berezia ernatu zion oinazea hobeto ulertzeko.
Bost urtez oinez ibili zituen Errusiar Inperioko lurrak. Aldi hartan, era guztietako lanak eta esperientziak izan zituen, gero bere literatura-lanetan ispilatuko zituenak.
Kazetari-lanetan zebilela, probintzietako egunkarietan Jehudiel Khlamida ezizenarekin sinatzen zuen. Gorki ezizena (euskaraz, “mingotsa”) 1892an, Tbilisin lanean zebilela, hasi zen erabiltzen. Ezizenak erakusten du Errusiako bizimoduarekin zuen haserrea eta egia latzak salatzeko zuen prestutasuna.
1892an argitaratu zuen bere lehen liburua, Saioak eta historiak, eta sekulako arrakasta izan zuen. Idazle ezagun bihurtu zen, eta atsedenik gabe hasi zen idazten, ez estetikaren lilurapean (nahiz eta gogor landu zituen estiloa eta itxura) baizik eta ikusten zuelako literatura ekintza etiko eta politiko moduan, zeinaren bidez alda baitzezakeen mundua. Jende apalaren bizimodua deskribatzen zuen, gizarteko baztertuena, haien umiliazioak eta larritasunak, baina baita haien bihotz ona eta eskuzabaltasuna ere.
1899an Langileen Alderdi Sozialdemokratarekin bat egin zuen. Ahotsik gabekoen ahots bihurtu zen, izar bat Errusiako inteligentzia eta langile-mugimenduko buruzagien artean. Gorkik benetan sinesten zuen gizakiaren berezko balio eta ahalmenean. Bere pertsonaiak gizabanako indartsuak ziren, duintasunez beteak eta borondate gogorrekoak; nabarmendu egiten ziren bizimodu gogorraren aurrean etsipenak jota erortzen zirenen artean.
1902an Lenin eta beste iraultzaile asko ezagutu zituen. Salatu egin zuen tsarren erregimena, eta horregatik espetxeratu zuten hainbat aldiz. Urte hartan ohorezko kide izendatu zuten Literatura Akademian, baina Nikolas II.a tsarrak indargabetu egin zuen izendapena. Ondorioz, Anton Txekhov eta Vladimir Korolenko idazleek utzi egin zuten Akademia.
1905ean Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratari laguntzen zion, baina urte hartako “igande odoltsuan” tsarraren tropek egindako sarraskiak ideia boltxebikeetara bultzatu zuen.
1906an Boltxebikeek AEBetara bidali zuten, dirua biltzera. Hantxe hasi zen idazten bere lanik ospetsuena, Mat, «Ama». 1906tik 1913ra bitartean Capri uhartean bizi izan zen, osasun-arazoengatik eta baita ihes egiteko Errusian bizi zen errepresio latzetik.
1913an Errusiara itzuli zen, hango tsarrak emandako amnistiari esker. Hala ere, gogor kritikatu zuen bere inguruko gizartea, babestu egin zituen idazle gazteak, eta idatzi zuen bere autobiografiaren lehen zatia. Haren ustez, kultura zen erremediorik eraginkorrena bere herriaren egoera aldatzeko.
1914an, Lehen Mundu Gerraren garaian, bere etxea iraultzaren aldeko materialez beteta zegoen, baina komunistekin zituen harremanak mikaztu egin ziren.
1917an, Urriko Iraultzaren ondoren, bi aste geroago, honela idatzi zuen: “Leninek eta Trotskik ez dute ideiarik ere askatasuna eta giza eskubideen gainean. Agintearen pozoiak usteldu egin ditu dagoeneko; garbi dago zer mespretxu dieten adierazpen-askatasunari eta askatasun zibilei, zeinaren alde borrokatzen baitu demokraziak”. Elkar miresten zuten, baina Leninen eta Gorkiren arteko harremanak gaiztotuz joan ziren.
1921ean Petrogradoko Txekak atxilotu zuenean Nikolai Gumiliov idazle eta Gorkiren laguna, Gorki Moskura joan zen, eta agindu bat jaso zuen, Leninek berak sinatua, Gumiliov askatzeko, baina Petrogradora itzuli zenean, laguna hilda aurkitu zuen. Urrian Gorki Italiara itzuli zen, tuberkulosiak jota zegoen-eta.
1929an Stalinek gonbidatu zuen betiko itzul zedin Sobiet Batasunera. Halaxe egin zuen, eta erregimenak sekulako harrera egin zion. Leninen Ordena eman zioten, baita luxuzko etxe bat Moskun eta datxa bat hiriburuko inguruetan. Haren izena ipini zioten Moskuko kalerik garrantzitsuenetako bati, baita haren jaioterriari ere.
1934an Stalinen errepresiopean, eta batez ere Sergei Kiroven hilketaren ostean, etxean atxilotua egon zen, nahiz eta gobernuak inoiz ez zuen hori aitortu. Egunero Pravda egunkaria jasotzen zuen etxean, baina zentsuratua.
1935ean Maksim Peshkov bere semea hil zen ustekabean.
1936an Maksim Gorki bera hil zen. Haren heriotza misterioz inguratua dago, bat-batean hil baitzen, medikuen zainpean zegoela. Geroztik gobernuak eskuindarrei eta trotskistei egotzi zien Gorkiren heriotza, eta poliziaburu ohiak hura hiltzeko agindua eman izana aitortu zuen. Mendebaldeko aditu batzuen ustez, berriz, Gorkik Stalinen gehiegikeriak salatu zituen azkenik, eta Stalinen aginduz hil omen zuten. Hala ere, ez dago ezeren frogarik.
Gorkiren obraren balioa
Hil ondoren Gorki neurriz gain goraipatu zuten Sobietar Batasunean eta sobietar letren jainko egin zuten. Atzerrian ere ospe handia zuen. Baina urteak joan ahala, koska eta akats handiak aurkitu izan zaizkio: politikari zor omen ziola bere arrakasta handi hura; gero eta estilo hobean idatzi bazuen ere, hasierako estilo-akats nagusiak gorde omen zituela: efektua nagusitzea, adjektibo hunkigarriak pilatzea, eta gehiegikeriarako joera, digresio gehiegi egitera makurtu izana, umorerik ez izatea. Hala eta guztiz ere, trebetasun handiz atzematen zituen gauzen xehetasunak, pertsonaia bizi-biziak asmatu zituen, eta beste inork baino hobeto deskribatu eta adierazi zuen berak hain ondo ezagutzen zuen gaizkileen giroa.
Hura da iraultza aurretiko garaia eta iraultza ondokoa landu zituen errusiar idazle bakarra. Eta Txekhoven eta Tolstoiren mailara iristen ez bada ere, bere garaiko idazlerik handienetako bat izan zen.
Lanak
- Čelkhaš (1895)
- Na dne (Bazter zuloak, 1901)
- Forma Gordejev (1899)
- Troje (Hiru, 1900)
- Meščane (Burgeskumeak, 1902)
- Mat (Ama, 1906)
- Detstvo (Haurtzaroa, 1913)
- V Ijud'akh (Munduan barrena, 1916)
- Moi universitety (Nire unibertsitateak, 1922)
- Skazki ob Italii (Italiako istorioak, 1911-1913)
- Delo Artamonovykh (Artamonovdarrak, 1925)
- Žizn' Klima Samgina (Klim Samgin-en bizitza, 1925-36)
Itzulpenak euskaraz
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Maksim Gorki |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia: 156. araua: Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema.
- «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
- «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).