Matthew Fitt
Matthew Fitt (Dundee, Eskozia, 1968) eskozieraz idazten duen eskoziar poeta eta nobelagilea da. Besteak beste, ziberpunk azpigeneroko But'n'Ben A-Go-Go nobelaren egilea da. Eskoziako eskola-umeen artean eskozieraren erabilera sustatzeko hezkuntza-programaren sortzaileetako bat da, eta Eskoziako Gobernuaren eta tokiko hainbat erakunderen hizkuntza-aholkularia izana da. Gaur egun, itzultzailea da Eskoziako Parlamentuan. Asterix bildumaren itzultzaile ofiziala da.
Matthew Fitt | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Dundee, 1968 (55/56 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, haur literatura idazlea, poeta, editorea eta itzultzailea |
mfitt.co.uk |
Literatura
Matthew Fittek hainbat lan argitaratu ditu eskozieraz. 2000an argitaratutako But'n'Ben A-Go-Go nobela bide-urratzailea izan zen eskozieraz idatzitako literaturan; izan ere, 2090ean kokatutako eleberri horren bidez eskoziera garaian garaiko beharretara egokitzeko arazorik ez duen hizkuntza bat dela erakutsi nahi izan zuen, eta, horretarako, ahal beste hizkuntza-aldaera erabili zituen eta neologismo ugari sortu zituen. 2003an, berriz, arrakasta handia izan duen Kate o Shanter’s Tale poema-liburua argitaratu zuen. Horiez gain, beste lan batzuk ere baditu argitaratuak, adibidez: Hoose O Haivers, Ovidioren Metamorfosia poema epikoaren berridazketa askea eskozieraz; eta The Smoky Smirr O Rain, eskozieraz idatzitako literaturaren antologia, James Robertson-ekin batera apailatua. Era berean, Roald Dahl idazle galesterrararen hainbat eleberri itzuli ditu eskozierara[1], eta Asterix bildumaren itzultzaile ofiziala da.[2]
Matthew Fitt Idazle egoiliarra izana da Brounsbank baserrian, Eskoziako Biggar herriaren iparraldean, Hugh MacDiarmid eskoziar poeta ezagunaren azken bizitokia izandakoan.[3]
Hezkuntza-proiektua
James Robertson eta Susan Rennie-rekin batera, Eskoziako eskola-umeen artean eskozieraren erabilera zabaltzea helburu duen Itchy Coo argitaletxea sortu zuen 2002an. Haur eta gazteentzako liburuak argitaratzeaz gain, hezkuntza-programa bat abiatu zuten, zeinaren bidez eskozierarekiko jarrera erabat aldatu baitzen Eskoziako ikastetxeetan[3]. Besteak beste, trebakuntza-saioak eman dituzte Eskoziako ia eskualde guztietan, bai irakasleei bai irakasleen formakuntzaz arduratzen diren erakundeei zuzenduak.[4]
Hizkuntza-aholkularia
Matthew Fitt Eskoziako Gobernuko lan-taldearen aholkularia izan da hizkuntza-kontuetan, eta hizkuntza-politikaz arduratzen diren hainbat erakunde nazionalekin lan egin izan du.[2][3] Gainera, Eskoziako tokiko erakundeen eta komunikabideen ohiko aholku-emailea da.[3] Duela urte batzuk eskozieraren alde hitz egin zuen Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusian, New Yorken.[2]
Lan hautatuak
- Pure Radge (1996)
- Sairheid City (1999)
- But'n'Ben A-Go-Go (2000)
- Gaberlunzie Joe (Itchy Coo Series) (2002)
- The Hoose O Haivers (Itchy Coo Series), Susan Rennie eta James Robertsekin batera (2002)
- The Smoky Smirr O Rain: A Scots Anthology (Itchy Coo Series), James Robertson-ekin batera (2003)
- King O the Midden: Manky Mingin Rhymes in Scots (Itchy Coo Series), James Robertson eta Bob Dewar-ekin batera (2003)
Erreferentziak
- .
- Matthew Fitt: webgune ofiziala. (Noiz kontsultatua: 2017-08-24).
- Wigtown Book Festival: epaimahaia. (Noiz kontsultatua: 2017-08-24).
- Itchy Coo. (Noiz kontsultatua: 2017-08-24).
Kanpo loturak
- Matthew Fitten webgune ofiziala
- Itchy Coo
- Matthew Fitt Internet Speculative Fiction Database (ISFDB) datu-basean