Mathias Goeritz
Mathias Goeritz (Danzig, Alemania —gaur egun Gdansk, Polonia—, 1915eko apirilaren 4a - Mexiko Hiria, Mexiko, 1990eko abuztuaren 4a) mexikar artista izan zen, alemaniarra jatorriz.
Mathias Goeritz | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Gdańsk, 1915eko apirilaren 4a |
Herrialdea | Alemania Mexiko |
Heriotza | Mexiko Hiria, 1990eko abuztuaren 4a (75 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | arkitektoa, eskultorea, margolaria eta idazlea |
Bizitza
Alemanian jaio zen, eta Berlinen bizi izan zen gaztarora arte. Sorterrian egin zituen artearen historiako eta filosofiako ikasketak, baina nazionalsozialismoak aginpidea eskuratu zuenean, 1936. urtean, Europan eta Afrikako iparraldean barrena bidaiatu zuen, eta 1944an Mexikora aldatu zen.
Mexikon kokatu eta berehala hasi zen goi-mailako artistekin tirabiretan, eta tirabira haietan, Riverak eta Siqueirosek artista izateko inolako talenturik eta prestakuntzarik gabeko iruzurgiletzat hartu zuten Goeritz. Baina 1957. urtean, Mexikoko Unibertsitate Autonomoko diseinu bisualeko lantegi baten zuzendari izendatu zuten, eta geroago Universidad Iberoamericanak Arte Plastikoen Eskola sor zezala eskatu zion. Harrezkero, eragin handia izan zuen plastikaren alorrean, eta Mexikoko plastikaren eraberritzailetzat hartua izan zen.
1953an egin zuen bere obra esperimental nagusietako bat, Echo museoa, eta harrezkeroko eskulturekin arkitektura emozional deritzon joeraren aitzindari izan zen; joera horren baitan diseinu garbiko eraikinak egin zituen, funtzionaltasunaren gainetik eskulturaren zentzuari lehentasuna emanez. Ezaugarri horiek erakutsi zituen, besteak beste, Luis Barragán arkitekto ospetsuaren enkarguz, Ciudad Satéliteko sarrerako Torres de Satélite lanean, 1957. urtean. Beste lan aipagarri batzuk: Automexeko dorreak (1963), Ricardo Legorretarekin batera; Prisma txertatuak, Banbiren koroa (1979) eta UNAM eskulturagunea (1979), Mexiko Hirian; eta Goeritzen arkitekturaren alorreko lan konplexu eta interesgarriena, Labirintoa (1980, Jerusalem).
Goeritzek alemaniar espresionismoaren kutsua erakutsi zuen pinturan, eta arkitekturan eta eskulturan, berriz, diseinu garbiak eta soilak bilatu zituen, gizartearen maila espirituala goratzeko bide gisa; kezka berezia erakutsi zuen artearen eta izadiaren arteko sintesia bilatzeko, eta 1960ko hamarraldian amerikar minimalistek aurrera eramandako zenbait ideia iragarri zituen.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mathias Goeritz |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.