Massimo Carlotto

Massimo Carlotto (Padua, 1956ko uztailaren 22a) italiar idazle bat da; nobela beltzen egilerik ospetsuenetako bat da gaur egun, hizkuntza askotara itzulia, bai eta antzerkigile eta gidoilaria ere.

Massimo Carlotto

Bizitza
JaiotzaPadua, 1956ko uztailaren 22a (67 urte)
Herrialdea Italia
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakidazlea, antzerkigilea, gidoilaria, antzerki aktorea, kazetaria, komikigilea eta haur literatura idazlea
Jasotako sariak
massimocarlotto.it
IMDB: nm1202191 Edit the value on Wikidata

Lotta Continua (LC) antolakunde komunistako militantea izan zen 70eko hamarkadan. Bidegabeki, emakume gazte baten hilketa egotzi zioten; auzi luze eta korapilatsu baten ondoren, 18 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta, epaia irmo bihurtu baino lehenago, Frantziara ihes egin eta Latinoamerikara erbesteratu behar izan zuen. Sei urte geroago, Oscar Luigi Scalfaro presidenteak indultoa eman zion.

Bizitza

Carlotto kasua

Carlottoren bizitza auzi luze eta korapilatsu bati lotuta dago. 1976ko urriko gau batean, Massimo gazteak 19 urte besterik ez zituenean, berak prozesuan eta beste hainbat aldiz kontatu duenez, bere arreba Antonellaren etxe aurretik pasatzen ari zen bizikletan, LC antolakundearentzat ikerketa bat egiten ari zen bitartean auzoan zegoen heroina trafikoari buruz, Paduako faxistak eta polizia bera trafiko horretan nahastuta zeudelakoan.

Une horretan, oihu bat etzun zuen eraikinean, eta zer gertatzen zen ikustera igo zenean, ate ireki baten ondoan Margherita Magello izeneko 25 urteko emakume baten gorputz odoldua aurkitu zuen. Emakumea erdi biluzik zegoen (dutxatik irtetean eraso ziotelako, seguru aski) eta gorputzean ainbat aiztokada zituela baina artean bizirik zegoela ikusi zuen; bera, ordea, emakumeari laguntzeko asmoz haren gorputza ukitu zuen, baina zerbaitengatik urduri jarri eta inori ezer esan gabe ihes egin zuen, arropak odolez zikinduta zituela.

Gertatuaren berri bere bi laguni eta abokatu bati kontatu ondoren, Massimo bere kabuz aurkezten zen Carabinieriengana abokatu batek lagunduta; biktima ozta-ozta ezagutzen zuela arrebaren eraikin berean bizitzeagatik, eta oraindik bizirik aurkitu zuela esan zuen. Poliziek, ordea, susmagarri nagusitzat hartu zuten hasieran, eta azkenik hilketa berari leporatu zioten, arropak biktimaren odolez zikinduta zeuzkalako eta ez ziotelako sinesten lagundu nahi izateagatik zikindu zitzaizkiola[1].

Carlottok uneoro defenditu zuen bere errugabetasuna, laguntza ukatzearen delitua eta abisua eman gabe ihes egin izana onartuz. Hala ere, espetxera sartu zuten eta urte bete bat igaro zuen epaiketaren zain; bitarte horretan, zientzia politikoen lizentziaturan ikasteari ekin zion.[2]

1977an, Paduako auzitegiaren epai batean haren kontrako proba nahikorik aurkitu ez eta kartzelatik atera zen, baina 1982an Veneziako apelazio-auzitegiak 18 urteko espetxealdira kondenatu zuen. Italiako terrorismoaren urteak ziren, berunezko urteak (anni di piombo), eta haren kontrako jazarpen politikoa gertatzen ari zela salatzen hasi zen. Haren kondena irmo bilakatu baino lehen, abokatuak aholkatuta, Frantziara ihes egin zuen, estraditatzeko arriskurik ez zeukalako garai hartan, baina handik ere alde egin behar izan zuen laster, leporatzen zioten hilketa ez zelako delitu politiko bat. Espainian barrena, Mexikora joan zen eta izen faltsu batekin bizi izan zen han. Arrazoi politikoengatik ihesi alde egindako beste pertsona asko ezagutu zituen, geroagoko bere liburuetako pertsonaia bihurtu zirenak. Garai honetako bizipenak Il fuggisco (Iheslaria) eleberri autobiografikoan jaso zituen[3]

Mexikon hiru urte zeramatzalarik, 1985ean, poliziak atxilotu eta egoitza-baimenik gabe zegoelako Italiara kanporatu zuen. Italiara iristean, bere burua poliziari entregatzea erabaki zuen eta berriro kartzelan sartu zuten. Bitartean, abokatuek dokumentuak biltzeari ekin zioten, haren kasua berriz irekitzeko, eta Carlottorentzako Justiziaren aldeko Nazioarteko Batzorde bat sortu zen urte berean, auzia berrikusteko informazio-kanpainak eta sinadura-bilketak antolatu zituena.[1] Idazle garrantzitsu batzuk (Norberto Bobbio eta Jorge Amado, besteak beste) agertu ziren Carlottoren alde, bai eta Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Federazioa ere.

Bien bitartean, estresaren eraginak ondorio larriak ditu Carlottoren osasunean, espetxean dagoelarik: bulimiak, anorexia nerbiosoak eta sindrome metabolikoak obesitate patologikoa eragiten diote eta 140 kg pisatzera iristen da; gainera, arteriosklerosia, artritisa, depresioak, insomnioa eta bihotzeko arazoak ere izaten ditu. Haren aitak, gainera, hiru infartu ditu, eta Carlottoren abokatuek beste kanpaina bati ekin zioten arrazoi humanitarioengatik espetxetik askatu eta zigorra eteteko, baita lortu ere 1987an.

1989an, auzitegiek kasuaren errebisioa abiatu eta 1982ko zigorra baliogabetu egin zuten, hiru proba berritan oinarrituta. Baina, absoluzioa erabaki behar zuen epaimahaia epaile batzuen erretiroagatik eta beste arazo juridiko batzuengatik bertan behera geratu ondoren, epaimahai berriak, ustekabean, 16 urteko kartzela-zigorra ezarri zion. Carlottok 6 urte eginak zituen ordurako espetxean, eta bere buruaz beste egitea pentsatzen hasi zen protesta modura. Ibilbide judizialak 17 urtetik gora zeraman, 86 epaileren parte hartzearekin, 11 epairekin eta 7 prozesurekin; lau epaik kondenatu egin zuten eta bik absolbitu.

Carlottoren gurasoek indultua eskatu zioten Veneziako auzitegiari, eta iritzi publikoa gero eta gehiago zegoen Carlottoren askapenaren alde. Azkenik, 1993ko apirilaren 8an, Oscar Luigi Scalfaro Errepublikako Presidenteak indultua onartu zion, Margherita Magello biktimaren familiaren kontrakotasunarekin. Nolanahi, hilketaren kasua Carlotto errudun bakartzat hartuz ebatzi zen; hau da, indultuak zigorra kendu zion, baina hilketagatik erabakitako kondenak bere izenean jarraitzen du. Haren errugabetasunaren aldekoentzat, kondenaren ezabaketa zen bidezko erabaki bakarra. 2004an, azken sententziatik hamaika urte geroago, Massimo Carlottok bergaitzapena lortu eta bere eskubide zibil eta politiko guztiak berreskuratu ahal izan zituen.

Geroagoko bizitza eta literatura-lana

Massimo Carlotto.

Carlotto gaur egun Sardinia e Padua bitartean bizi da, haren literatura agentea den Colomba Rossi, Edizioni e/o argitaletxeko zuzendariarekin ezkonduta dago eta seme bat du.

Carlottok 1994an hasi zituen bere literaturgintza eta kazetari-lanak, eleberri beltzaren esparruan batez ere. Lehen lana 1995ean atera zuen, Il fuggiasco (Iheslaria), eleberri autobiografikoa, zeinarekin film bat egin baitzen 2003an.

Haren pertsonaiarik ezagunena Marco Buratti Kaimana da, detektibe pribatu berezi bat. Kaimana kasualitatez akats judizial baten biktima izan den pertsonaia bat da kaimana, zazpi urte eman dituena kartzelan, talde armatuko kide izatea leporatuta. Pertsonaia honekin, 10 eleberri atera ditu. Baditu beste serie batzuk, Le vindicatrici (Mendekatzaileak), Giorgio Pellegrini pertsonaiaren eleberriak, haien artean Arrivederci amore, ciao (Agur maitea, ikusi arte), 2001ean argitaratua, Baztango udalak, Hilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak bultzatutako (H)ilbeltza bekarekin[4] euskaratu eta 2022ko urtarrilean kaleratu zena[5]. Liburu honek badu jarraipena italieraz, 2011n argitaratua, Alla fine di un giorno noioso izenburuarekin.

Carlottok hainbat literatura-sari irabazi ditu literatura beltzaren alorrean, bai Italian, bai Frantzian eta Estatu Batuetan ere. Gainera, 10tik gora antzerki-lan eta irratirako kolaborazio batzuk ere egin ditu

Bere eleberrietan oinarritutako hiru filmetan ere jardun du gidoigintzan. Gainera, beste hiru film ere egin dira Carlottoren lanetatik ateratakoak.

Erreferentziak

  1. (Italieraz) Carlotto kasuaren kronologia.
  2. (Italieraz) La Fonte, blog partecipativo di informazione.
  3. (Italieraz) Edizioni e/o argitaletxea.
  4. «2020ko (H)ilbeltza bekaren erabakia.» Baztango Udala / Ayuntamiento de Baztan 2020-05-28 (Noiz kontsultatua: 2020-05-30).
  5. Eslava, Ane. https://www.berria.eus/albisteak/208592/italiaren-erraiak-beltzez.htm «Italiaren erraiak, beltzez» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.