Masailean musu emate
Masailean musu ematea gizartean onartuta dagoen errituala edo keinua da, adiskidetasun-zeinu gisa, agur gisa, norbait zoriontzeko, errespetua adierazteko edo begikotasun hutsagatik erabiltzen dena.[1]
Masailean musu emateak ez du inolako interes erromantiko edo sexualik nahitaez adierazten. Masailean musua ematea ohikoagoa da Europan eta Latinoamerikan Ipar Amerikan (Miami, Mexiko eta Quebec izan ezik) eta Asian (Ekialde Hurbilean izan ezik) baino. Sobietar Batasuneko eta ekialdeko Europako beste herrialde komunista batzuetako buruzagiek horrela agurtzen zuten elkar Estatuko ekitaldi publikoetan.[2]
Tokiko kulturaren arabera, masailean musu ematea egokitzat jo daiteke gizon eta emakume baten, aita eta seme baten, bi emakumeren edo bi gizonen artean. Azken hori Ekialde Hurbilean, Argentinan, Txilen, Frantzian, Italian, Ekuadorren eta Bolivian sozialki onartua da, baina, odoleko ahaideak izan ezean (anai-arrebak edo osaba-iloba), ekialdeko Europan, Asian (Ekialde Hurbiletik kanpo), Latinoamerikako zati handi batean eta Estatu Batuetan homosexualitatearekin lotzen dute.
Masailean musu ematean, bi pertsonak aurrera makurtzen dira, edo masaila masailarekin ukitzen dute, edo ezpaina masailarekin. Eskuarki, keinua beste masailean errepikatzen da, edo masailak txandakatuz. Herrialdearen eta egoeraren arabera, musu kopurua bat, bi, hiru edo lau izan daiteke. Bostekoa emateak edo besarkatzeak agur-mota hori ekar dezake.
Masailean musu ematea praktika arrunta da kultura ezberdin askotan, nahiz eta esanahia eta keinua bera zertxobait aldatu. Adibidez, masailean musu emateko ekintzak besarkada bat izan dezake edo ez. Agur mota hori erabiltzeko testuinguru sozial egokia nabarmen alda daiteke herrialde batetik bestera, nahiz eta keinua egiazki familiakoa iruditu, gizalegea besterik ez da, eta inork ez du minduta sentitu behar.
Erreferentziak
- Carreño Muñoz, Manuel Antonio. (2007). Manual de Carreño. Manual de Urbanidad y buenas maneras. (13. argitaraldia) Santiago: Zig Zag ISBN 978-956-12-0881-0..
- Smale, Alison. (1987-5-25). Romania Cool Toward Gorbachev's First Visit. Associated Press.