Martzial Agirre

Martzial Agirre Lazkano (Bergara, 1840eko azaroaren 22a - Donostia, 1900eko maiatzaren 10a) euskal herritar eskultorea izan zen, besteak beste Getarian Elkanori eta Mutrikun Cosme Damian Txurrukari egindako monumentuen egilea da.

Martzial Agirre
Bizitza
JaiotzaBergara, 1840ko azaroaren 23a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia, 1900eko maiatzaren 10a (59 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Giuseppe Obici
Jarduerak
Jarduerakeskultorea


Biografia

1840ko azaroaren 22an jaio zen Bergaran, San Antonio auzoko La Algodonera lantegiaren barruan zegoen etxean. Bere aita Joakin Agirre, irute eta ehungintza lantegiko akzionista nagusia zen eta horregatik bizi zen enpresan bertan. San Antonio auzoan bazituen jabetza gehiago ere.

Bere aitak irakatsi zion lehenbizikoz ofizioa, hura tallista izandakoa biatzen. Martzialek Bergarako Errege Mintegian burutu zituen bere lehen ikasketak, eta gero Arantzazuko Ikastetxera joan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak beka bat eman ondoren, Erromara joan zen 1864ko uztailaren 9an bi urtez ikasteko, 23 urte zituela. Togletti eta Obiciren tailerretan ikasi eta praktikatu zuen. Biak, estilo neoklasikoa landu zuten maisuak ziren. Gauetan marrazki klaseetara joaten zen.

Italiako egonaldia

Erroman bizi izan zen garaian, El Greco kafera joaten zen bere denbora librean. Kafe horretan bere lagun artistekin elkartzen zen, besteak beste, Palmaroli, Esquibel, Fortuny eta Rosales. Agirre eta Rosales lagun handiak egin ziren, eta adiskidetasun horren adierazle dira pintore madrildarrak bergararrari egindako erretratu ugariak. Adiskidetasunaren beste adibide bat bi artistek Bergarara egindako bidaia da. Hemen zeudela, Rosalesek Julian Blanc eta Martina Maiz senar-emazteak margotu zituen Gipuzkoako hainbat paisajerekin batera.

Italian, artista alemaniar eta austriarrekin zituen harremanen ondorioz, Lavinia Wittner ezagutu zuen. Honekin ezkondu zen 1866an Erroman. 1870. urtean, bere laguna zen Luvestein-eko printzeak Pio IX Aita Santua izeneko bustoa egitea enkargatu zion. Lan horrekin hirugarren domina eskuratu zuen Erromako erakusketan. Calabriako bidelapurrak izeneko eskultura ere egin zuen. 1871. urtean Morra jokalaria eskultura amaitu zuen (Donostiako museoan dago), baita Jokalari napoliarra izenekoa ere, Arte Ederretako Museo Nazionalera bidali zuena. Garai honetan egin zuen, baita ere, Justizia izeneko lana, harri trabertinoz landutakoa. Urte batzuk geroago, Bergarara eraman zen eskultura hori eta justizia epaitegiaren gainean jarri zen[1]. "Doña Justa" izeneneko eskultura horren ezaugarritako bitxia da ez dituela begiak estalita, ohikoa zen bezala, eta balantzarik ere ez dauka eskutan. Martzial Agirre karlista zen eta garai hartan, hain zuzen.

Euskal Herrira itzuli

1875. urtean Gipuzkoara itzuli zen bizitzera eta Donostian hartuko du bizileku[2]. Hasieran, Abuztuaren 31 kalean bizi izan zen, gero Loiola kalean eta, azkenik, San Martin kalean. Kale horretan bizi izan zen hil arte. Donostiako behin betiko egonaldi horretan hainbat proiektu burutu zuen: Espartero Jeneralaren estatua, Zumalakarregiren estatua, hiriko heroiei eskainitako Polloeko Hilerriko mausoleoa, Okendoren estatua eta beste lan eta enkargu batzuk, partikularren eta Gipuzkoako jende ospetsuen bustoak, esaterako.

Donostian hil zen 1900eko maiatzaren 10ean eta hiriko hilerrian lurperatu zuten, familiaren panteoian. Panteoi horretan Martzial eta Laviniaren aurpegien marmolezko taila ikus daiteke, bere semeek egindakoa.

Gipuzkoako seme ospetsuenen inguruko lanak

Peñafloridako Kondearen bustoa landu zuen 1873.urtean. 1882 inguruan, Gipuzkoako seme entzutetsuenen bustoak egin zituen: Urdaneta, Elkano, Okendo, Lezo eta Legazpi. Guztiak Foru Aldundiko jauregiaren frontisean daude jarrita, bi Hercules eta lurraldeko armarriarekin batera. Garai honetakoak dira, baita ere, San Ignazio, Urbieta eta Txurrukaren estatua.

Lanak

[3]

  • Cazador, c. 1864
  • San Ignacio, c. 1866
  • Jugador de pelota, c. 1866
  • San Ignacio de Loyola, 1867-1868
  • Gladiatore morente, 1869
  • Alegoría de la Justicia, 1870
  • San Luis Gonzaga, c. 1870
  • Jugador de Morra, 1871
  • Peñafloridako kondearen bustoa, 1873
  • Johann Michael Wittmer pintorearen bustoa, c. 1875
  • Elena Kochen bustoa, c. 1875
  • Gipuzkoako foru jauregiko fatxadako bustoak eta dekorazioa, 1882- 1883
  • Kosme Txurrukaren estatu, 1884
  • Bandidos calabreses, 1885
  • Okendoren estatu, 1894.

Iruditegia

Erreferentziak

  1. «Agirre Lazkano, Martzial | Bergarako Udala» www.bergara.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-09).
  2. (Gaztelaniaz) Lertxundi Galiana, Mikel. (2007). El escultor guipuzcoano Marcial Aguirre (1840-1900). Eusko Ikaskuntza.
  3. Lertxundi Galiana, Mikel. «Marcial Aguirre Lazcano» dbe.rah.es (Real Academia de la Historia) (Noiz kontsultatua: 2020-04-09).


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.