Martynas Kukta

Martynas Kukta (Trakiniai, 1875eko otsailaren 1aKaunas, 1956ko ekainaren 23a) lituaniar tipografo eta argitaratzailea izan zen, lituanierazko, polonierazko, bielorrusierazko eta errusierazko liburuak argitaratu zituena.

Martynas Kukta

Bizitza
JaiotzaTrakiniai (en) Itzuli, 1875eko otsailaren 1a
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Lituania
HeriotzaKaunas, 1956ko ekainaren 23a (81 urte)
Hobiratze lekuaPetrašiūnai Cemetery (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakinprimatzailea eta argitaratzailea

Bizitza

Mykolas Kukta eta Ona Raupelytė-Kuktienė nekazarien semea, Trakiniai herrian jaio zen 1875ean. Zazpi anai-arreba zituen: Jonas, Jokūbas, Mykolas, Uršulė, Adomas, Simonas eta Juozapas. 1888an Vilniusen bizitzera eta ikastera joan zen. Geroago tipografo moduan trebatu zen eta Vilniusko probintziako inprimategian lan egiten hasi zen[1].

1895ean San Petersburgora joan zen. Errusiako armadan mobilizatua, inprimategi militarrean lan egin zuen. Armada utzi eta San Petersburgoko inprimategian lanetan aritu ondoren, dirua aurreztu zuen, inprimategi txiki bat sortu zuen, eta bertan aritu zen 1904ra arte. Lituanierazko prentsari debekua kendu ostean, Vilniusera itzuli zen eta Vilniaus žinios inprimategi pribatua sortu zuen Petras Vileišisekin batera[1][2].

1906ko maiatzean bere inprimategi pribatua sortu zuen bere anaia Juozapasen laguntzarekin, eta bertan aritu zen 1924ra arte. 1906tik 1915era lituanierazko eta polonierazko 270 liburu inguru argitaratu zituen. 1918ko abenduaren 27an, Lituaniako lehen zigiluak sortu ziren Kuktaren inprimategian. 1918az geroztik, Kuktaren inprimategiak Švyturio enpresaren argitalpenak inprimatu zituen. 1921ean Poloniak Vilnius hartu zuenean, Kukta atxilotu zuten lituaniar mugimenduan parte hartzeagatik, eta inprimategia itxi behar izan zuen. 1924an Kaunasera joan zen bizitzera eta han jarraitu zuen tipografo moduan lan egiten. 1935etik aurrera hainbat urtez egin zuen lan Lituaniako Nekazaritza Bankuaren artxiboan, eta Bigarren Mundu Gerraren ostean, Kaunasko Musika Eskolan lan egin zuen funtzionario gisa[1][2].

Stefanija Mislyborska-Kuktienėrekin ezkondu zen. Alaba bat izan zuten: Stefanija Kuktaitė-Monstavičienė[1].

1956ko ekainaren 23an hil zen Kaunasen. Petrašiūnai hilerrian lurperatu zuten[1][2].

Omenaldiak

1917an, Maksim Bahdanovitx bielorrusiar poetak Martynas Kuktaren inprimategia aipatu zuen U kraine svetlai, dze ja umiraiu... poeman[3].

2005ean, Kuktaren omenezko plaka ezarri zuten Vilniusen[1][2].

Erreferentziak

  1. (Lituanieraz) «Martynas Kukta» Pasaulio Anykštėnų Bendrija 2023-01-09 (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  2. (Lituanieraz) «Martynas Kukta» Vilnijos vartai (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  3. (Errusieraz) Корбут, Виктор. «За что белорус Максим Богданович удостоил перед смертью стихотворением литовца Мартинаса Кукту» Советская Белоруссия 54 (24684) 2015-03-21 (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.