Martxa eta Borroka
Martxa eta Borroka 1984an sortutako esaldia da. ENAMkoek asmatutako esaldi honekin, 1983an sortu berria zen Euskal Rock Erradikala, hau da "martxa", "poztasuna" edo "jaia" ezker abertzaleko ideologiarekin, hau da "borroka"rekin lotu nahi izan zen. Arazoak arazo, ezker abertzaleak helburu hau lortu zuen.
Garai berdinean eta antzeko esan nahiarekin beste esaldi batzuk asmatu ziren "alaitsu eta borrokan kementsu" edo gaztelaniaz ezaguna egin zen eta gaur egun ere batzuetan erabiltzen den 'juventud (edo baita ere "Euskadi") alegre y combativa' (gazteri alai eta borrokalaria). Beranduago 'jaiak bai, borroka ere bai' jaietan erabiliko zen esaldia antzeko helburuekin erabiliko zen.[1][2][3]
Historia
ENAMeko erakunde batzuk, Jarrai eta Herri Batasuna bereziki, ikusi zuten punk musika mota politikoki errentagarria atera ahal zitzaiela. Izan ere hasiera batean garaiko ezker abertzalearen zati batek ez zuen musika mota hau (punka baina sarritan rock estilo mota osoa) ondo ikusi, besteak beste AEBko eta Erresuma Batuko musika "inperialista" zelako eta horietako askok droga "gogorren" (heroina e.a.) inguruan zeudelako.
Hasiera batean punk taldeek orokorrean sistema politikoaren aurkako musika egiten zuten baina aldiz euskal abertzaletasunari buruz gauza handirik ez zuten esaten. 80. hamarkadan bat egingo zuten bi kontzeptu hauek. 1983ko urrian RRV edo Euskal Rock Erradikala hitzak asmatuko ziren Tuterako kontzertu batean eta 1985eko martxoan "Martxa eta borroka" gira egingo zuten Hego Euskal Herriko leku askotan. Kontzertu hauek HBk antolatutako txarla eta mitinak zituen barnean eta EGIN egunkariak horrela definitu zituenː «ideia batzuen aldeko musiken (kontzertuen) aurkezpena». Kontzertuak eta gero ohikoak ziren HBko edo ENAMeko politikariak hitz egitea. Adibidez, Kortaturen kontzertu bat eta gero, Jon Idigorasek bere hitzaldia bota zuen[4].
Beheko elkarrizketan idatzita dagoen bezala, Ramoncínek ere goraipatu zuen ː
« | - Beno, mutil (Ramoncín), elkarrizketa hasteko nik zera galdetuko nizuke, ea zeintzu diren zure motibazio politikoak Bilbora «Martxa eta Borroka»ren testuinguruan jotzera etortzeko, diot, motibazio politikorik balego.
- Beno, horrela, hasiera batetan ez legoke motiborik baina, tira. EAJrekin ez nitzateke etorriko, ezta PSOErekin edo... beno, PSOErekin ez nuke Euskal Herrian joko, baina agian bai Madrilen, Tierno Galván alkatea dugula eta: Edonoren aldeko kanpaina bat egin beharraren aurrean aurkituz gero, Tierno litzateke nire laguntza eskuratuko zuen bakarra. CIUrekin ez nintzateke inoiz Kataluniara joango. eta nik bertan PSUCrekin jo nuen, zeinek ez du esan nahi ni ikuspuntu horretatik komunista naizenik... Gainera Euskal Herrira gustora eta nik nahi nuen bezala etortzekotan HBko neska mutilekin izan behar, zeren aurretik ere elkarrekin lanean arituak gara (Jarraikoekin, irratietakoekin...),eta iazko «Martxa eta Borroka»n parte hartu nuenean benetan harriturik geratu nintzen: Jende honek argiro demostratu zidan beste edozein taldek baino erakuntza askoz ere hobeagoa duela... Benetan pozik geratu nintzen[5]. |
» |
—Ramoncíni Argian egindako elkarrizketa, 1985eko urriaren 14a |
Agian Martxa eta Borrokako ekintzetatik potoloena 37/87 Gernika jaialdia izan zen.
Kritikak
Eskorbuto taldeko Josu Expósitok iritzi hau eman zuen honi buruzː
« | Euskal Rock erradikala modan dago.
Askok honetara apuntatu dira eta auzo-lotsa ematen dute. Denak HBrekin daude. Gu txarto gaude garen moduan garelako. Kontzertu gehiago Euskaditik kanpora ematen ditugu (gehitu zuen Juanmak) |
» |
—Josu Expósito, Juanma Suárez, 1986[6]. |
Natxo Etxebarrietak, Cicatrizeko abeslariak zera esan zuenː
« | Lehen drogadiktoak eta endekatuak (degeneratuak) ginen eta orain "gazteria" gara | » |
—Natxo Etxebarrieta, 1985[7]. |
Ondorioak
Nahiz eta musika talde gutxi batzuk esaldi hau (eta Euskal Rock Erradikalaren esaldia) ondo ez ikusi ENAMi ondo atera zitzaion idei bat izan zen. 80.eta 90. hamarkadan, eta Hego Euskal Herriko gazte askorentzat rock musika eta ezker abertzalea batera zihoazten kontzeptuak ziren. Errebelde, matxino, iraultzaile eta modernoa zena eta modan egon zena "Martxa eta Borroka"ren kontzeptuak ziren eta Euskadiko garai hartako gazte askorentzat Herri Batasuna bihurtu zen erreferentziako alderdi politikoa.
Jakina, gainerako alderdientzat eta bereziki espainiar unionistentzat "Martxa eta borroka" eta "Herri Batasuna" sinonimoak ziren. Aldi berean eta hain begibistakoa ez izan arren rock munduko talde gutxi batzuk ez ziren honekin ados egon eta batzuetan (gehienbat HBren aurkako hitz gogorrak esan eta gero) arazoak izan zituzten Hego Euskal Herrian kontzertu batzuk emateko. Gehienbat Cicatriz taldeak jazan zuen arazoren bat Sex Pistolseko bertsioa eginez "Anarchy in Euskadi" abestu zutelako anarkismoaren idei irmoak mantenduz eta honekin batera ezker abertzalea era gogorrean kritikatu baitzuen[8]. Rock mundutik aparte zegoen gazteri gehiena ez zegoen hainbeste politizatua eta ondorioz ikusezina bihurtu zen hamarkada horietan. Aurreko guztiaren ondorioz Hego Euskal Herriko gazteri gehiena Herri Batasunaren jarraitzailea zela ematen zuen eta kontu honengatik Espainiako Gobernu ezberdinek eta espainiar unionismoa euskal gatazkarekin arduratuta egon ziren.
Bitxikeri moduan, Uxue Alberdik idatzitako eta Elkar argitaletxeak plazaratutako Euskal Herriaren historiari buruzko "Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia"ren barruko bederatzigarren liburuki-komikia "Martxa eta borroka!" deitzen da[9].
Erreferentziak
- https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2017-12-10/hemeroteca_articles/alegres-y-combativos-ahora-los-presos
- https://www.todocoleccion.net/carteles-politico/antiguo-cartel-politico-herri-batasuna-euskadi-alegre-combativa-gran-formato-140x100cm-dificil~x132976218
- https://aiaraldea.eus/amurrio/1540553516767-jaiak-bai-borroka-ere-bai
- https://web.archive.org/web/20180619113026/https://www.berria.eus/paperekoa/1483/037/001/2012-07-04/mugimendu_berri_baten_eztanda.htm
- http://www.argia.eus/argia-astekaria/1076/oso-ondo-sentitzen-naiz-zuen-artean
- https://elpais.com/diario/1986/06/01/cultura/517960805_850215.html
- http://www.elcorreo.com/culturas/descubrio-martxa-20180115201311-nt.html
- http://www.deia.com/2017/04/17/ocio-y-cultura/cultura/el-vizcaino-roberto-ortega-se-vuelca-en-contar-la-historia-de-cicatriz
- https://www.casadellibro.com/libro-martxa-eta-borroka-lur-eta-amets-euskal-herriaren-historia-9/9788490275320/3000347