Martiodako erlikiak
Martiodako erlikiak Arabako Martioda herrixkako erlikia multzoa dira. Martiodako San Joan Ebanjelistaren elizan gordeta egon ziren.
Erlikia multzoaren jabeak Hurtado de Mendozatarrak zirela uste da. Leinu hau Austriatarren gortean nazioarteko diplomazian aritu zen, eta familiako batzuk Bruselan bizi izan ziren eta han zerbitzuak eman zituzten XVII. mendearen erdialdean, eta Martiodara itzultzean ekarri zituztela uste da. Flandriako jatorria dute piezek.
Hezur horiek Santa Ursularen segizioko birjinenak eta Tebasko Legioko soldaduenak direla uste da[1]. Hezur gehienak 21 eta 55 urte arteko gizonezkoenak dira. Horrez gain, bi hezurren datazioa ere egin dute, eta ondorioztatu da ikertutako bi horiek, bederen, III. mendekoak direla[2].
Erlikiak izateaz gain erlikia-ontziak dira. Erlikia batzuk XVII. mendearen lehenengo erdian egindako ehunekin apaindurik daude. Lore irudiak eta letrak itxuratzen dituzten metal preziatuzko hariekin brodaturiko oihal joriak dira. Beste batzuk, landare gaiekin apaindutako marko bitxietan txertatzen dira.
Ikertzaileen arabera Martiodako bilduma munduko ugarienetako eta interesgarrienetako bat da[3]. 2021 urtean, zaharberritze lanak egin ondoren, Arabako Arte Ederretako museoan jarri ziren ikusgai
Erreferentziak
- «Testuinguru historikoa» web.araba.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
- Kortabarria, Amaia Ramirez de Okariz. «Martiodako erlikiak ikusgai» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
- «Data jarri diete tebastarrei - Gasteiz» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).