Martin arrunt
Martin arrunta (Uria aalge) Alcidae familiako hegazti zangaluzea da[1]. Euskal Herriko kostaldean negu partean agertzen den espeziea da; pottorro arruntaren antz handia du, baina hura baino handixeagoa da. Kostaldetik gertu arrantzatu ohi dute, eta zenbait kasutan portuetan ere ikusten dira, itsasoa zakar dagoenean, batez ere.
Martin arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Charadriiformes |
Familia | Alcidae |
Generoa | Uria |
Espeziea | Uria aalge (Pontoppidan, 1763)
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 108 g (pisua jaiotzean) |
Zabalera | 0,707 m |
Deskribapena
Tamaina ertaineko hegaztia da martina, 42 cm-ko luzera, 65-75 cm-ko hego-zabalera eta kilo inguruko pisua izaten duena. Udan gorputzaren gainaldea eta burua guztiz beltza da, eta sabelaldea eta hego azpiak zuriak. Hegoen ertza ere zuria da. Neguan, paparraldea eta masailak zuriak izaten dira, eta begiak marra beltz batek zeharkatzen ditu. Mokoa nahiko mehea eta zorrotza da, beltza udan eta arreagoa neguan. Bi sexuen artean ez dago aldakortasun morfologiko esangarririk.
Taxonomia
Azpiespezieak[2] | Hedapena |
---|---|
Uria aalge aalge | Ekialdeko Kanada, Groenlandia, Islandia, iparraldeko Britainiar uharteak eta hegoaldeko Norvegia |
Uria aalge albionis | Hegoaldeko Britainiar uharteak, Frantzia, Alemania, Iberiar penintsula |
Uria aalge hyperborea | Iparraldeko Norvegia, ipar-mendebaldeko Errusia, Barents |
Uria aalge intermedia | Itsaso Baltikoa |
Uria aalge spiloptera | Faroeak |
Uria aalge inornata | Iparraldeko Ozeano Barea, Japonia, Ekialdeko Errusia, Alaska |
Uria aalge californica | Kalifornia, Oregon, Washington, Britainiar Kolunbia |
Banaketa
Ipar Amerika, Europa eta iparraldeko Asiako kostaldeetan bizi da. Kolonia nagusiak leku jakin batzuetan pilatzen dira udaberrian, baina neguan kostalde guztira zabaltzen dira hegaztiak. Atlantiko ekialdeko gazteek dispertsio-hegaldi luzeak egiten dituzte, zenbaitetan kontinentea zeharkatu eta Mediterraneoraino iritsiz. Horren ondorioz, espeziearen banaketa geografikoa oso zabala da.
Hegoaldeen txitatzen duen alzidoa da: iberiar penintsulako mendebaldeko kostaldean hainbat kolonia ezagutzen dira. Neguan, Euskal Herriko kostalde guztian aurki daitezke, Frantziako eta Britainia Handiko kostaldeetako animaliak migratzen dutenean.
Habitata
Labar harritsu bertikalak haren habialekuak dira, baina kobazuloak eta harkaitzpeak ere erabiltzen dituzte[3].
Elikadura
Egunez ehizatzen du normalean urpean igeri eginez arrainak jarraituz. Zenbaitetan ur azalean egon ohi da muturra ur azpian sartuta azpitik igarotzen diren arrainei begira, eta murgil egiten du horien atzetik hankek eta hegoek lagunduta igeri eginez [4]. Dena den, oso arrunta izaten da urpean igeri egiten denbora asko igarotzea eta sakonera handietara jaistea arrantza egitera. 200 m-rainoko sakoneraraino jaits daiteke arrantza egitera. Udako kolonietan ohikoa izaten da ehizarako talde handiak labarretatik guztiak batera uretaratzea.
Koloniatik 10 km baino gutxiagora ehizatzen du normalean, baina Kanadan eta Alaskan 100 km-rainoko mugimenduak ere erregistratu dira[5][6][7].
Arrain pelagikoak arrantzatzen ditu batez ere, baina arrain bentikoak ere agertzen dira espezie honen dietan[8].
Ugalketa eta ontogenia
Urtean arrautza bakarra jarri ohi dute, udaberriaren amaieran. Txitotzeak 32-36 egun irauten du, eta bikoteko bi kideek hartzen dute parte lan horretan. Txitoak 2-3 aste behar izaten ditu itsasoratzeko.
Bizimodua
Txitatze-koloniak udaberriaren erdialdean eratzen dituzte. Habia labar bertikaletako erlaitz biluzietan egiten dute.
Neguan koloniak disgregatu eta hegaztiak sakabanatu egiten dira. Gazteek eta emeek migrazio luzeenak egiten dituzte[9].
Espezieen arteko elkarrekintzak
Txitatze-kolonia askotan, pottorro arruntekin (Alca torda) nahasten dira, baina martinak baino txikixeagoak dira. Dena den, erraz bereizten dira mokoan (pottorroarena laburragoa eta zabalagoa da, kamutsa) eta begitik igarotzen den marra beltzean; azken hori martinaren kasuan soilik agertzen da.
Kontserbazioa
IUCN erakundearen arabera, espeziearen kontserbazio-egoera ona da. Banaketa geografikoa oso zabala da: badirudi populazioa gora doala, eta haren tamaina oso handia da, oraingoz. Nolanahi ere, Iberiar penintsulako koloniek behera egin dute edo galdu egin dira; horren ondorioz, arriskupean dagoen espezietzat jotzen da.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- Freethy, Ron. (1987). The Auks: an ornithologist's guide. New York: Facts on File ISBN 0-8160-1696-8..
- Gaston, Anthony J. & Jones, Ian (1998) The Auks, Alcidae. Oxford University Press, Oxford. ISBN 0-19-854032-9
- Bárcena F, De Souza JA, Fernández E, Domínguez J. (1987). «Las colonias de aves marinas de la costa occidenal de Galicia. Características, censo y evolución de sus poblaciones» Ecología (1): 187-209..
- Nevins HM. (2004). Diet, demography and diving behaviour of the common murre (Uria aalge) in central California . MSc Thesis. .
- Cairns DK, Bredin KA, Montevecchi WA. (1987). «Activity budgets and foraging ranges of breeding common murres» Auk (104): 218-224..
- Coyle KO, Hunt GL, Decker MB, Weingartner TJ. (1992). «Murre foraging, epibenthic sound scattering and tidal advection over a shoal near St-George Island, Bering Sea.» Marine Ecology Progress Series 83 (1): 1-14..
- Decker MB, Hunt G. (1996). «Foraging by murres (Uria spp.) at tidal fronts surrounding the Pribilof Islands, Alaska, USA» Marine Ecology Progress Series (139): 1-10..
- Bryant RB, Jones IL. (1999). «Food resource use and diet overlap of common and thick-billed murres at the Gannet Islands, Labrador» Waterbirds 22 (2): 392-400..
- Harris MP, Wanless SA. (1990). «Moult and autumn colony attendance of auks» British Birds (83): 55-66..