Martial Berdoly

Martial edo Martial-Henri Berdoly[1][2] (1844ko otsailaren 29 Bordele, Okzitania 1905eko irailaren 23 Uhartehiri) politikari eta abokatu baxenabartarra da.

Martial Berdoly
sub-prefect of Mauléon (en) Itzuli

1880 -
Frantziako Hirugarren Errepublikako senataria


Kontseilu Orokorreko kide



Frantziako Nazio Biltzarreko kidea

Bizitza
JaiotzaBordele, 1844ko otsailaren 29a
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaUhartehiri, 1905eko irailaren 23a (61 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Lantokia(k)Paris

Biografia

Pierre Berdoly Bordelen ingeniari zibil aritzen zenaren semea, Parisen ikasketa klasikoak eta zuzenbidea egin eta Donapaleuko Abokatuen Elkargoan atxikitu zen. Lur-jabe handia zen; funtsik aipagarriena bere aitak 1833an erositako Uhartehiriko gaztelua zen.

Bera bezala Bordelen jaio zen Odilon Redon[3] margolariaren laguna izan zen eta sarritan bere Uhartehiriko gazteluan hartzen zuen.

Politika munduan

Bere aita bezala (1848ko apirileko hauteskundeetan Pirinio Apaletatik arrakastarik gabe aurkeztu zen) politikak erakartzen zuen. Errepublikazale liberal eta moderatutzat jotzen zuten.

Mauleko suprefeta 1880 eta 1884 artean, kargua utzi eta 1885eko hauteskunde orokorretan aurkeztu zen, alderdi kontserbadorearen eskuetan zegoen Mauleko barrutia errepublikazaleentzat irabazi nahian. Porrot handia izan zuen, 12 hautagaien artean azken geratu zelako.

Aldiz, 1886an Donapaleuko kantonamendutik kontseilari orokor hautatu zuten; bere burua hobeto ezagutarazteko barrutiko Comice agricole edo nekazaritza lurren jabeen elkarteko presidentzia hartu zuen. Urte berean kazeta bat sortu zuen, Le Réveil Basque; bertatik Errepublika liberala eta elizgizonek bere erlijio-egitekoetara mugatu behar zutela defenditu zuen.

1889ko hauteskunde orokorretan Donazaharreko eragin handiko familia batekoa eta hautatua[4] izan zen Louis Etxeberriren kontra aritu zen. Emaitza eztabaidatua izan zen; Berdolyk aurkariak "eliz eraginak" eduki izana salatu eta kontaketa 1890eko urtarrilaren 27an baliogabetzat jo zuten; aldi berean Etxeberrik Berdolyk administrazioaren laguntza izan zuelako salaketa egina zuen. Edozein kasutan, 1890eko martxoko hauteskunde partzialetan uhartehiriarrak berriro galdu zuen[5].

1893ko abuztuaren 20ko hauteskundeetan lortu zuen diputatu bihurtzea, Etxeberriren kontra ostera ere[6]; kanpaina oso bortitza izan zen eta kalapita batean Etxeberriren zale bat hil zuten Ürrüstoin. Berdoly pasatzerakoan zenbait andrazkok aitaren egiten omen zuten, deabrua ikusten zutelakoan.

1895ean bere kontseilari orokor kargua utzi zuen; 1898ko maiatzaren 8an diputatu berrautatu zuten lehiakiderik gabe[7]. Amaitzeko, 1900ean departamenduko senatari[8] aukeratu zuten, Louis Vignancour errepublikarraren ordez. Union républicaine taldeko kide, batzarretan ez zuen askotan paper aktiborik izan; Pierre Waldeck-Rousseau eta Émile Combesen gobernuen alde jo zuen, Elizaren kontra zuten jarreragatik. Laborantza defenditu zuen; babes handia eman behar zitzaiola uste zuen eta arlo sozial edota fiskaletan zuhur jokatu zuen, bere hautesleei « ondasunak sozialismo iraultzailearen mehatxuetatik » defendituko zituela aginduz.

1890ean "Akademiako Ofizial" eta "Nekazal Merituaren Zaldun" egin zuten.

Senatari zela hil egin zen. Bere hiletan (1905eko urriaren 30ean) Armand Fallières presidenteak « alderdi errepublikarraren konfiantzako militanterik bipil, tinko eta duinenetakoa » izan zela esanez laudatu nahi izan zuen.

Aipamenak euskaraz

Kontatu bezala kleroaren kontrako jarrera bazuen ere, noizbait bere hauteskunde kanpainetan ideia horiek hauteslerian izan lezaketen eraginari aurre egiteko laguntza jaso izan zuen; hauxe idatzi zuen Jules Salaberrik[9] Biba uskaldunak (1889, Paue) izeneko panfletoan:

"Musde Berdoly Errelijionaren eta aphezen adichkide da...
Eguia da eztiala, mousde Etcheverry-k bezala,
bere esparantcha osona aphezetan ezartzean,
Mousde Berdoly-k nahi dian gaiza da:
Izan ditian naousi, bakhoitcha bere lekhian,
apheza elizan, mera aiz'etchian eta errejenta eskolan.
Bena hargatik maite du Errelijionia eta aphezak.
"

Kritikak ere, nola ez, egin zitzaizkion euskaraz; adibidez Jouhane Atharratze izenpean gordetzen zen batek hauxe idatzi zuen Escualduna[10] aldizkarian urte berean:

"Nahi ziren trufaz ari
Goure deputatu geiari. (errepika)
Khantiak dutu ezarri
Astouak zamariari.
Biba, biba Etcheverry!
Koukou dadila Berdoly.
"

...

"Etcheverry Uskalduna
Izan zite goure laguna! (errepika)
Eta Berdoly gascoua,
Gorda hadi lurran barn !
Biba, biba Etcheverry!
Koukou dadila Berdoly.
"[11]


Bibliografia

  • Jolly, Jean: Dictionnaire des parlementaires français (1889-1940), II liburukia, Paris, 1962.
  • Basses-Pyrénées. Dictionnaire Biographique et Album, Dictionnaires Biographiques Départamentaux, Néauber et Cie Éd, Paris (1906?).
  • Urkizu, Patri: Elekzioak Ipar Euskal Herrian duela ia ehun urte (1881...), " Berriak " aldizkaria, 20 zkia., 1976.

Erreferentziak

  1. Apenas dagoen aipamenik Henri Berdoly deitzen dutenak; salbuespen bat aipatzearren, Escualduna aldizkarian agertutako hau.
  2. Litekeena okzitaniera arautuan Berdolai zuzenena izatea da; ikus Berd- Miquèu Groscauderen Dictionnaire étymologique des noms de famille gascons liburuan (Radio País, 1992, Paue).
  3. Redonen biografia.
  4. Etxeberrik 6906 boto, Berdolyk 5891; bien arteko demak Nafarroa Behere eta Zuberoako urte horietako bizitza politikoa markatu zuen.
  5. Etxeberrik 6275 boto, Berdolyk 5944.
  6. Berdolyk 6670 boto, Etxeberrik 6602.
  7. 10184 boto 10791 boto-emaileren artean.
  8. Berdoly Frantziako Senatuaren webgunean.
  9. Zuberoako historia politikoa euskomedian. Salaberri Mauleko notario eta Société de Secours Mutuel delakoaren buru zen.
  10. Eztabaida politikoa aldizkarien artekoa ere izan zen garai honetan: Escualduna "xuria" Le Réveil basque "gorriaren" aurka; bi hautagaiek oso parte hartze garrantzitsua zuten argitalpen hauetan.
  11. Olerki osoa armiarman kontsultagai; ikusten denez sektore kontserbadoreak Etxeberri "euskalduna" eta Berdoly "gaskoia" ("kanpotarra" alegia) kontrajartzen zituen.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.