Marrazo erraldoi
Marrazo erraldoia edo kolaioa (Cetorhinus maximus) ur gaziko arrain kartilaginosoa eta munduko bigarren marrazo handiena da, Cetorhinidae familiakoa[2].
Marrazo erraldoi | |
---|---|
Oligozeno-gaur egun [1] | |
Iraute egoera | |
Galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Chondrichthyes |
Ordena | Lamniformes |
Familia | Cetorhinidae |
Generoa | Cetorhinus |
Espeziea | Cetorhinus maximus (Gunnerus, 1765)
|
Banaketa mapa | |
Marrazo erraldoia, gure itsasoan aurkitu dezakegun arrainik handiena da, eta munduko bigarren handiena, bale marrazoaren (Rhincodon typus) atzetik, 10 metro luze izatera iritzi daiteke eta 4 tonelada izatera. Tamaina hau izan arren, oso arrain baketsua da, baleen antzera itsasoko ura iragaziz elikatzen baita, eta guztiz kaltegabekoa da gizakientzat. Oso toleranteak izan ohi dira gizakiekin eta normalean itsasoaren goi ertz aldean ibiltzen dira. Bizkaiko golkoan, XX. mendeko hasiera arte, askoz ugariagoa zen, eta gure arrantzaleek maiz arrantzatzen zuten. Gaur egun, bere populazioa nabarmenki jaitsi da, eta soilik ustekabean harrapatzen da. Bere urritasuna dela eta, nahiz eta jangarria izan, ez dago bere haragiaren merkatal eskaririk.
Deskribapena
Gorputz fusiforme eta nahiko sendoa dauka. Gaztea denean lirainagoa da eta mutur zorrotz eta luzea dauka, adinarekin laburtuz eta biribilduz doana. Bereziki deigarriak dira bere arrail brankial zabalak, buruaren atzean kokaturik daudenak. Alde dortsaletik bentraleraino doazenez, burua guztiz inguratzen dutela dirudite. Arrail hauetan, hortz-itxurako egitura luze ugari dituzte (1.500 arrail-arkuko), eta hain zuzen hauetan zehar itsas ura iragazi egiten dute beren elikagaia den zooplanktona urdailerantz bideratzeko. Aho oso zabala dute, apenas erabiltzen dituzten punta bakarreko hortz txikiez osatutako hainbat ilerekin[3]. Begiak oso txikiak eta biribilak dira. Lehenengo bizkar-hegatsa nahiko handia eta tentea dauka. Isats-hegatsa oso handia eta ilargi-erdi forma dauka, goiko lobulua behekoa baino zertxobait handiagoa izanik[4][5].
Lehen aipatu dugunez, munduko bigarren arrainik handiena da. Bizkaiko golkoan, behatzen diren marrazo erraldoiek 8-10 metroko luzera eta 5 tona inguruko pisua izan ohi dute, baina marrazo hau 13 metroko luzera eta 8 tonako pisua izatera irits daiteke. Kolore grisa izan ohi dute, alde bentrala kolore zertxobait argiagoetara jo dezakeelarik[6].
Banaketa
Arraina pelagiko hau, itsaso artiko eta epeletan aurkitzen da. Ozeano Atlantikoko ekialde zein mendebaldeko kostetatik gertu aurkitu daiteke, eta baita Mediterraneoan, Ozeano Barearen bi alboetan, eta abar.
Bizkaiko golkoan nahiko arrunta da, eta maiz sartzen da badia handietara, babes eta elikagai bila.
Ugalketa
Obobibiparoa da, eta emeak kume bakarra erditzen du haurdunaldiko[7]. Haurdunaldia 2 urteko luzera izan ohi du, eta kumeak 1,5 metroko luzerarekin jaiotzen dira[8]. Heldutasun sexuala 3-4 urteren epean lortzen dute, 5 eta 7 metroko luzera eskuratzen dutenean. 25 urte bizitzera hel daitezke.
Bizimodua
Ur-azalean aurkitu ohi da ahoa irekita igeri eginez. Batzuk bakarrik joaten dira, baina normalean 3-4 aletako taldeetan doaz. Ingalaterran, 100 indibiduo baino gehiagoko taldeak ere ikusi dira. Udazkenaren amaieran, ur-azala utzi eta ur sakonagoetara doaz. Epe honetan elikatzeari uzten diote. Otsaila eta apirila bitartean, ur-sakonak utzi eta azalera bueltatzen dira. Migrazio handiak burutzen dituzte urtean zehar, baina hauek ez dira oraindik ezagunegiak[9].
Elikadura
Itsas ura bere arrail brankialetan zehar iragaziz elikatzen dira. Modu horretan, uretako zooplanktona, batik bat krustazeo txikiz osaturik dagoena, urdailerantz bideratzen dira[10]. Honetarako, ahoa zabalik dutelarik igeri egiten dute, gutxi gorabehera bi korapiloko abiaduran. Abiadura honetan igeri eginez, orduko hamar tona ur iragazteko gai dira.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- Sepkoski, Jack. (2002). «A compendium of fossil marine animal genera (Chondrichthyes entry)» Bulletins of American Paleontology 364: 560..
- C. Knickle, L. Billingsley & K. DiVittorio. Biological Profiles basking shark. Florida Museum of Natural History.
- FAO Figis Species Fact Sheet for basking shark
- Skomal, Gregory B.; Zeeman, Stephen I.; Chisholm, John H.; Summers, Erin L.; Walsh, Harvey J.; McMahon, Kelton W.; Thorrold, Simon R.. Transequatorial Migrations by Basking Sharks in the Western Atlantic Ocean. Current Biology.
- National Geographic
- Pelagic Shark Research Foundation. PSRF Shark Image Library. PSRF.
- Martin, R. Aidan. Biology of the Basking Shark(Cetorhinus maximus). "ReefQuest Centre for Shark Researc".
- The Shark Trust. Basking Shark Factsheet. The Shark Trust.
- Compagno, Leonard J. V.. (1984). Sharks of the World: An annotated and illustrated catalogue of shark species known to date. FAO.
- Whale shark. Icthyology at the Florida Museum of Natural History.