Marmoladako serac-jausia
Marmoladako serac-jausia izotz-erortze handi bat izan zen, Marmolada mendian gertatu zena, Italiako Dolomitetan, 2022ko uztailaren 3an. Punta Rocca tontorrera igotzeko bidean gertatu zen, Marmoladako glaziarreko serac bat apurtu zelarik, eta hainbat mendizale harrapatu zituen azpian;[1] 9 lagun hil ziren, 7 zauritu eta lau desagertu.[2]
Marmoladako serac-jausia | ||
---|---|---|
Mota | hondamen natural | |
Data | 2022ko uztailaren 3a | |
Kokaleku | Marmolada | |
Herrialdea | Italia | |
Pertsona hilak | 11 | |
Pertsona zaurituak | 8 | |
Aurrekariak
Marmolada Dolomitetako glaziarrik handiena da. Marmolada mendiaren (3.343 metro) iparraldeko isurialdean dago, 2.700 eta 3.300 metro arteko garaieran, eta 2013an 1,9 kilometro koadroko eremua hartzen zuen. Beti ere, Izotz Aro Txikitik azalera galera izan du,[3] eta azken hamarkadetan joera hori areagotu da berotze globalaren ondorioz.[1]
Serac-jausia gertatu baino lehen, bero bolada luzea izan zuten Italia iparraldean, gutxienez astebetez. Marmoladako glaziar osoa elur geruza batek estaltzen zuen ekainaren 12ra arte. Bero boladak elurra urtu, eta izotza agerian utzi zuen. Hortaz, lehenago elurrak guztiz estaltzen zuen glaziar horren erdia baino gehiago agerian gelditu zen. Beroaren adibide bat da, esaterako, Marmoladaren tontorrean 10 graduko tenperatura izan zela uztailaren 2an.[3]
Serac jausia
2022ko uztailaren 3an, 13:45 aldean, glaziarreko serac bat apurtu eta jausi zen. Castiglioni Marmolada aterpetxeko kudeatzaileetako baten erranetan, "hots handia entzun dugu, eraisketa baten modukoa. Gero, elur eta izotz jausi bat ikusi dugu ziztu bizian, eta hor konturatu naiz zerbait larria zela". Lekukoen arabera, glaziarra bitan zatitu eta 300 metro zabal zen izotz geruza bat jausi zen, bidean harrapatzen zuen guztia aurretik eramanez.[4]
Punta Rocca tontorretik gertu zen ezbeharra, eta bete-betean harrapatu zuen tontorrera igotzeko erabiltzen den ohiko bidea; ondorioz, hainbat mendizale harrapatu zituen azpian.[4] Italiako agintariek zazpi pertsonaren heriotza baieztatu zuten hasieran, eta hamahiru desagerturen berri eman zuten. Erreskate zerbitzuak helikopteroekin eta droneekin ibili ziren desagertutakoen bila.[2] Ingurua hustu egin zuten, glaziarraren zati gehiago eror zitezkeelakoan. Gorpuak izotzetatik atera, eta Canazei herriko kirol jauregira eraman zituzten. Zaurituak Trento, Bolzano, Belluno eta Treviso hirietako ospitaletara eraman zituzten.[4]
Biktimak
Uztailaren 6an, erreskate zerbitzuek bi desagerturen gorpuak aurkitu zituzten; horiek kontuan harturik, bederatzi izan ziren gutxienez hildakoak.[2]
Erreferentziak
- Torner Zabala, Jon. Dolomitetako glaziarraren urtzea, larrialdi klimatikoaren beste adierazle bat. Argia, 2022ko uztailak 4, CC BY-SA 4.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-7-6).
- Berasategi Otamendi, Gorka. Bederatzira handitu da Dolomitetako glaziarrean hildakoen kopurua. Berria, 2022ko uztailak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-7-6).
- Petxarroman, Iñaki. Eñaut Izagirre: «Izotz urtzearen eta prezipitazio uren presioak eragin du hondamendia». Berria, 2022ko uztailak 5, CC BY-SA 4.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-7-6).
- Ordoñez Garmendia, Jon, Iruretagoiena, Hodei. Zazpi behintzat badira Dolomitetako glaziarrean hildakoak. Berria, 2022ko uztailak 5, CC BY-SA 4.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-7-6).
Kanpo estekak
- Gutxienez hamazpi dira Dolomitetako glaziarrean desagertuak, berriatb, youtube.com