Maritxu Urreta
Miren Arantzazu Urreta Zulaika (Donostia, Gipuzkoa, 1915eko irailaren 10a – Donostia, Gipuzkoa, 2018ko abuztuaren 13a)[1], Maritxu Urreta izenaz ezaguna, euskal itzultzaile, ilustratzaile eta argazkilaria izan zen.
Maritxu Urreta | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1915eko irailaren 10a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 2018ko abuztuaren 13a (102 urte) |
Familia | |
Aita | Mikel Urreta |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa frantsesa italiera alemana gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | itzultzailea, ilustratzailea, argazkilaria eta idazlea |
Kidetza | Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea |
Bizitza
Maritxu Urreta Zulaikaren benetako izena Miren Arantzazu zen, baina Maritxu izena erabili ohi zuen. Mikel Urreta Etxebeste eta Maria Zulaikaren alaba zaharrena, bere ondoren beste hiru seme alaba jaio ziren, Mikel, Carmen eta Rosario. Amaren anaietako bat, Jose Gonzalo, Aita Donostia kaputxinoa izan zen.
Oso txikitatik jakin-min handia izan zuen. Donostiako San Bartolome ikastetxean egin zituen ikasketak eta ondoren frantsesa eta ingelesa ikasten ibili zen Madrilgo Escuela Central de Idiomas izenekoan. 1935ean Londresera joan zen ingelesa ikastera. Gerra Zibila hasi zenean Urreta Zulaika familia osoak Donostiatik alde egin behar izan zuen eta 1940 arte Azkainen egon ziren.
Donostiara itzuli zirenean, Maritxuren kezketako bat euskara sakontzea zen eta Maria Dolores Agirrerekin euskara lantzeko aukera izan zuen. Ondoren, bien artean Jose Luis Muñoyerroren bi antzezlan euskaratu zituzten Lartaun eguzki-semea (1960) eta Ilargian ere euskeraz (1967).
Marrazkilaria ere izan zen, gerra aurreko urteetan Txiki Zabalo ilustratzailearen ikasle izan zen. Resurrección María Azkueren Euskalerriaren Yakintza bildumako bigarren liburukian, Ipuin ta irakurgaiak (1942), Urretaren bi ilustrazio agertzen dira, Laminen azkena[2] eta Meza misteriozkoa.[3]
Bestalde, aipatutako Jose Luis Muñayorren bi liburu ere ilustratu zituen: Pasos sobre el fuego (1965) eta Agirrerekin euskaratu zuen Ilargian ere euskeraz (1967).
Argazkigintza eta mendia izan ziren Maritxuren zaletasun handiak. 7.000 argazkiko bilduma osatu zuen eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko (1948) kide beteranoetakoa izan zen. 1976ean Elkarteko buletinaren editorialak euskaratzeari ekin zion. Mendizaletasunak bultzatuta, Club Vasco de Camping Elkartearen (1950) sortzailetako bat izan zen.[4]
EIZIEko kide izan zen eta 1996an ohorezko bazkide izendatu zuten.[5] eta Itzulpen Antologia 2 libururako Alice Duer Miller (1874-1942) idazlearen The White Cliffs poema euskeratu zuen Itsas-malda zuriak izenburuarekin.[6]
2018ko abuztuaren 13an hil zen, Donostiako bere etxean, 102 urterekin.[7][8]
Erakusketa
- 2024ko urtarrilean Gailurretan izan gaitun erakusketa zabaldu zuten Iruñeko Planetarioan 1924tik bidea urratu duten Euskal Herriko emakume alpinista eta eskalatzaile aitzindariei buruzkoa.[9]
Erreferentziak
- 102 urterekin zendu da Maritxu Urreta itzultzaile eta ilustratzailea El Diario Vasco, 2018-08-13, 2018-08-14an ikusia
- Mirentxu Urreta: Laminen azkena. Resurrección María de Azkue: Euskalerriaren Yakintza 2, 218. orld.
- Mirentxu Urreta: Meza misteriozkoa. Resurrección María de Azkue: Euskalerriaren Yakintza 2, 247. orld.
- Errimaia 74 zk. 2011, 6. orld.
- Juan Mari Lekuona: Itzultzaile emerituak. Itzulpen antologia 2, 11-14 orld.
- Maritxu Urreta: Itsas malda zuriak. Itzulpen antologia 2, 91-153 orld.
- Uranga, Amagoia Gurrutxaga. «Ertz askoko emakume ezohikoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
- Azkune, Onintza Irureta. (2018-09-02). «Irakastea baino ikastea nahiago zuen bizizalea» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
- «Gaitun, baita mendian ere» Berria 2024-01-15 (Noiz kontsultatua: 2024-01-16).
Bibliografia
- Nerea Azurmendi: Maritxu Urreta, 1915''. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua, 2005. Bidegileak bilduma