Mario Balotelli
Mario Balotelli Barwuah (Palermo, Italia, 1990eko abuztuaren 12a -) italiar futbolaria da. Inter Milanekin Italiako Liga eta Manchester Cityrekin Premier Leaguea irabazi ditu eta Italiako selekzioarekin ere jokatzen du.
Biografia
Hastapenak
Ghanatik etorritak inmigranteen emea da eta Palermon jaio bazen ere Bagnolo Mellara (Bresciako probintzia) aldatu zen familia lan bila[1]. Lumezzane taldearen harrobian hasi zen futbolean jokatzen eta gazte mailan goleatzaile errekorrak ezarri zituenez lehen talde nagusiarekin egin zuen debuta 15 urte bakarrik zituela. Europako talde handiak ere ohartu ziren Balotelliren kalitateaz baina talde berean jarraitzea erabaki zuen harik eta 2006an Inter Milanek fitxatu zuen arte, jokalari gazte batek legez onarturiko topea ordainduz. 19 urtez azpiko taldean hasi zen jokatzen eta 19 gol sartu zituen 18 partidutan.
Italian eta Ingalaterran tituluak irabazten
2007an egin zuen debuta talde handiarekin eta jokatu zuen hiru denboraldietan Italiako hiru Liga, Kopa bat eta Superkopa bat irabazi zituen eta Txapeldunen Liga ere irabazi zuen[2].
2010an Manchester Cityk fitxatu zuen eta bi denboraldi egin zituen Ingalaterran. Lehenengoan Ingalaterrako Kopa irabazi zuen eta bigarrenean Premier Leaguea. Emaitzak bikainak ziren arren Balotelliren jokaerak talde ingeleseko agintariak ernegatu zituen eta jokalaria saltzea erabaki zuen[3].
Interrek berrreskuartu nahi izan zuen baina AC Milanek diru gehiago eskaini eta fitxatu egin zuen. Urtebete egin zuen han eta ondoren Ingalaterrara itzuli zen Liverpoolen jokatzera. Berriz ere jokaera arazo ugari sortu zituen[4] eta urtebete egin ondoren AC Milanera itzuli zen utzita. 2016an Frantziako Ligara joan zen eta OGC Nizan aritu zen hiru urtez. Ordutik aurrera Italian, Turkian eta Suitzan ibili zen, jarraitasun handirik gabe eta emaitza apalak lortuz.
Italiako selekzioa
18 urte izan arte italiar naziotasuna lortu ez zuenez ezin izan zuen gazte mailako selekziotan jokatu, dagoeneko jokalari ezaguna bazen ere. 17 urte betetzear zela Ghanako selekzioarekin lagunarteko bat jokatzeko deia jaso zuen baina Balotellik uko egin zion, bere nahia Italiako selekzioarekin jokatzea baitzen.
2010ko abuztuaren 10ean egin zuen debuta Boli Kostaren aurkako partidan. 1-0 galdu zuten italiarrek. Italiako selekzioan jokatzen zuen afrikar jatorriko hirugarren jokalaria izan zen. 2012ko Eurokopan selekzioko goleatzaile nagusia izan zen (3 gol) eta finalerdietan Alemania kanporatuko zuten bi golak sartu zituen[5]. Finalean espainiarrak izan ziren txapeldun.
2013an FIFA Konfederazio Kopa jokatu zuen eta hirugarren postuan gelditu zen Uruguairi penalti jaurtiketatan irabazita. 2014ko Munduko Futbol Txapelketan ere jokatu zuen baina taldeak ez zuen lehenengo fasea gainditu.
Palmaresa
- Inter Milan:
- UEFAko Txapeldunen Liga (1): 2012
- Italiako Liga (3): 2007-08, 2008-09, 2009-10
- Italiako Kopa (1): 2009-10
- Italiako Superkopa (1): 2008
- Manchester City:
- Ingalaterrako Liga (1): 2011-12
- Ingalaterrako Kopa (1): 2010-11
- Community Shield (1): 2012
Taldeak
Taldeak | Urteak |
---|---|
Inter Milan | 2007-10 |
Manchester City | 2010-13 |
AC Milan | 2013-14 |
Liverpool | 2014-16 |
AC Milan | 2015-16 |
OGC Nice | 2016-19 |
Olympique Marseilla | 2019 |
Brescia Calcio | 2019-20 |
AC Monza | 2020-21 |
Adana Demirspor | 2021-22 |
FC Sion | 2022- |
Erreferentziak
- Williamson, Laura. (2010-08-04). «Mario Balotelli's double life: The bitter family feud that haunts the £29m Manchester City target» Mail Online (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
- (Gaztelaniaz) «6 futbolistas que no recordabas que hubieran ganado la Champions» Mundo Deportivo 2017-06-03 (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
- (Gaztelaniaz) Vargas, Iván. (2012-11-13). «El Manchester City se harta de Mario Balotelli» Fichajes.com : Información sobre los fichajes y actualidad del mundo del fútbol (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
- (Gaztelaniaz) «"La actitud de Balotelli en el Liverpool fue una vergüenza"» TNT Sports 2020-05-12 (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
- (Gaztelaniaz) UEFA.com. (2012-06-28). «Balotelli desmantela a Alemania en la EURO 2012» UEFA.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).