Marikaka isatsluze

Marikaka isatsluzea (Stercorarius longicaudus) Stercorarius generoko animalia da. Hegaztien barruko Stercorariidae familian sailkatua dago.

Marikaka isatsluze
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1) [1]
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaCharadriiformes
FamiliaStercorariidae
GeneroaStercorarius
Espeziea Stercorarius longicaudus
Vieillot, 1819[2]
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa39,2 g (pisua jaiotzean)
arra: 269,9 g (helduen pisua)
emea: 307,2 g (helduen pisua)
Zabalera1 m
Stercorarius longicaudus

Deskribapena

Marikaka isatsluzea, bere kolore eta isats bereizgarria direla eta, helduaroan erraz bereiz daitekeen espeziea da.

Helduaroan bizkarraldea grisa, burua beltza, sabela aldea zuria eta hegalen luma primarioak zuri disdiratsu baten kolorekoak ditu, hegan dagoen bitartean erraz antzematen den zuri disdiratsua. Isatzaren erdialdean bi luma oso luze ditu, isatsaren luzera dexente handituz, hortik bere izena. Helduek, ugaltze garaian, bere kumatze lurraldearen gainean airean geldiriko hegaldi kontrolatuak maiz egiten dituzte, belatz gorrien eta bestelako hegaztietan ere ezaugarria den hegaldi mota bat eginez.

Espezie honetako gazteak zailagoak dira beste espezieengandik bereiztea helduaroko berezko ezaugarriak oraindik garatu ez dituztelako. Gaztaroan bere hegoak argalagoak dira eta koloreak helduaroan baino amatatuagoak eta kontraste txikiagokoak dira, isats bereizgarria ere osorik garatu gabe daukate fase honetan eta beraz, hori guztia dela eta, gazteak, begi adituekin eta finekin behatzen ez badira, urrutitik txenadekin nahastea ez da zaila.

Hau da Stercorariidae familiako espezierik txikiena, 38 eta 58 cm bitarteko luzera du, sasoiaren eta adinaren arabera. Itsatsak 29 cm-rainoko luzera izan dezake, helduaroan udan 15 cm luze izan daitezkeen isatsaren erdialdeko bi luma bereziki luzeak kontutan hartuta.

Emeak arrak baino handiagoak eta astunagoak dira, espezie txiki honetan, eme helduen masa 300 gramotik gora inguru mugitzen da eta arren batezbestekoa 270 g inguruan dago.

Ugalketa

Espezie hau Eurasiako Goi Artikoan eta Ipar Amerikan ugaltzen da, Errusian, Alaskan eta Kanadan populazio garrantzitsuekin eta gainerako Artikoan populazio txikiagoekin. Migratzailea da, negua Atlantikoaren hegoaldean eta Ozeano Barearen hegoaldean igarotzen duena. Migrazioan dauden hegazti gazteek, batzuetan, presa txikiak ehizatzen dituzte bidean aurkitzen dituzten golf-zelai edo nekazal larreetan, eta, normalean, ez dira gizakien beldur.

Tundra lehorrean eraikitzen dute habia eta orbanez beteriko marroi-oliba koloredun bi arrautza erruten dituzte. Ugaltze garaian, habi inguruetan gurasoak uluka eta mokoekin triki-traka moduko hotsak egiten entzun daitezke.

Txitoek hilabete bat inguru (24-27 egun) betetzean hegan egiteko behar duten lumaje osoa garatzen dute. Heldutasun sexuala 4 urteren bueltan lortzen dute.

Ugalketa-denboralditik kanpo, itsaso zabalean igarotzen dute denbora gehiena, eta "kreeah" moduko ohi latza dute.

Banaketa eremua

Espezie honek artikoko eskualdetan igarotzen du uda eta negua ozeano australetik hurbil dagoen Hego Atlantikoko eta Hego Ozeano Bareako uretan igarotzen du. Distantzia handiko migratzailea da.

Bere Siberiako, Kanadako eta Alaskako artiko zonaldeko koloniak bereziki handiak dira. Europa mendebaldean Norvegian ere kumatu egiten da eta Groenlandiako zonalde ezberdinetan kolonia batzuk ere baditu.

Elikadura

Bere familiako guztiak bezala, marikaka isatsluzea espezie harrapari, oportunista eta kleptoparasitoa da. Bere tamainako edo txikiagoak diren bestelako itsas hegaztiei eraso egiten die arrainak eta bestelako harrapakinak osteko. Espezie hau, bere tamaina txikia dela eta, nahiko hegazti trebea eta bizkorra da airean, kaioei, txenadei eta beste motatako itsas hegaztiei sariak lapurtzeko bertute ona.

Baina lapurketaz gain, hegazti hau bere harrapakinak berak harrapatzeaz ere bizi da, gehienbat arrainak jaten ditu itsaso zabalean dagoenean (neguan) eta migrazio mugimenduetan berak harrapatutako arrainetaz bizi da, marikaken familiako beste espezie handiagoek baino gutxiago kleptoparasitatzen baitute migrazio mugimenduetan.

Arrainez gain, krustazeo, molusku, karraskari, arrautza, txitotxo txiki edo itsasoan zein kostaldean aurki eta jan dezakeen edozein sarraski edo soberataz ere elikatzen da, fruituak barne.

Kumatze garaian, leming karraskariak bere dietaren zati oso garrantzitsu bat dira, eta leming ugariko urteetan (leming-en hazkunde tasa eta populazioak urtez urte ezberdinak baitira, tarteka populazioak eta jaiotza tasak eztanda egiten duten urteekin) marikaka isatsluzearen kumaldiak arrakastatsuagoak dira.

Beraz, neguan eta migrazioan arrainak eta sarraskiak bere dietaren protagonistak diren moduan, kumatze garaian leming-ek eta beste hegaztien arrautzek osatzen dute bere dietaren zatirik handiena. Intsektuak ere harrapatzen ditu noizbehinka.

Azpiespezieak

Marikaka isatsluzeak bi azpiespezie ditu:[3]

  • Stercorarius longicaudus longicaudus Vieillot 1819
  • Stercorarius longicaudus pallescens Loppenthin 1932

Mugimenduak

Tundran edo artikoan kumatzen diren itsas hegaztien ezaugarrietako bat beren migrazio luzea da, espezie honen migrazioa ez da salbuespena. Milaka eta milaka kilometro egiten dituzte beren migrazioetan, Goi Artikoan igarotzen dute uda ugaldu ahal izateko, kumatze denboraldia bukatzen denean hegoak astindu eta airea hartzen dute negua Atlantikoko eta Ozeano Bareako hegoaldeko uretan igarotzeko. Udan berriro ere artikoan egon behar dute, beraz, negua bukatzen joaten den bezain pronto itzuliko migrazio mugimendu luzea egin behar dute, urte osoan zehar kilometro asko pilatuz.

Migrazio luzeenetako bat egiten duen espeziea da, ipar-txenadak, munduko errekorra duena migrazio distantzian, gutxigatik irabazten dio espezie honi migrazioan ibili beharreko distantziari dagokionez.

Leming-en populazio txikiko urteetan bere migrazioa aurreratu egiten du.

Lur-Itsaso mugimenduak

Itsas hegazti askok eta askok bezala, marikaka isatsluzeak bere bizitzako denbora gehiena itsasoan ematen du (itsasoaren azalean edo itsasoa airez zeharkatuz). Lehorrera ugaltze garaian bakarrik joaten da, habia egin eta kumatu ahal izateko, denboraldi horrek urtearen erdia baino dexente gutxiago okupatzen duelarik.

Euskal Herrian

Espezie hau Euskal Herrian ikustea oso zaila da, ez da Euskal Herrian kumatzen eta ez du Euskal Herrian igarotzen negua, beraz, migrazio mugimenduetan bakarrik behatu daiteke espezie hau, batez ere itsaso zabalean, zaila izanda ere.

Ekologia

Marikaken familiako itsas hegazti guztiak itsasoetako hegazti harrapariak dira, lur lehorrean arranoek eta belatzek jokatzen duten paper ekologikoa jokatzen dute, harraparitzarekin batera kleptoparasitismoa burutuz. Espezie hau familiako txikiena izanik, indarraz baino gehiago abiaduraz eta airean duen trebeziaz baliatzen da, bai harraparitzarako eta baita ere bestelako itsas hegazti txikiak jazarri eta beraien harrapakinak lapurtzeko. Sarraskiez eta hildako gorpuez zein itsasoan topa ditzaketen hondarrez ere elikatzen da.

Ezinbesteko espeziea da bere ekosistema garbi eta osasuntsu mantentzeko.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Marikaken familiako hegazti hau tamainaz txikia da familiako beste espezieekin konparatuta, beraz ezin ditu marikaka handiagoek jazartzen dituzten hegazti handiak jazarri eta beste itsas hegazti txikiagoekin konformatu behar da. Hala ere, behatua izan da bera baino handiagoak diren itsas hegaztiei erasoak egiten hauek gogaitu eta harrapatutako arrainak solta ditzaten. Abiaduraz baliatzen da bera baino handiagoak diren hegaztiak gogaitzeko eta harrapakinak osteko. Normalean 500 g baino gutxiagoko masa duten kaio txiki, antxeta eta txenadei erasotzen die beraien sariak lapurtzeko. Bera baino txikiagoak edo tamaina bertsukoak diren itsas hegazti espezie ezberdinetako ale helduak, gazteak, ahulak, txitoak edo arrautzak ere harrapatzen ditu, azken bi hauek, batez ere, gurasoen babesa irmoa ez dutenean. Lanperna-musua, ekaitz-txori txikia, ekaitz-txori handia, ipar-txenada, txenada arrunta eta pottorro txikia harrapakin potentzialak dira beren tamaina txikiagatik.

Harraparia izan arren, bere tamaina erlatiboki txikiak beste itsas hegaztietan etsaiak edukitzea dakarkio. Kaio handienak etsai eta arrisku potentzialak izan daitezke espezie honen gazteentzat eta arrautzentzat, baina batez ere marikaka espezie handiagoek suposa dezakete arrisku handiagoa.

Ugaztun harrapariek, hala nola azeriek eta erbinude zuriek ere espezie hau ehiza dezakete, batez ere zaurgarriagoak diren unean, kumatzean (lurrean harrapakin errazak baitira). Itsaso zabalean marrazo batzuen harrapakin ere bihur daitezke. Dena den, beren abiadura eta hegan egiteko duten abilezia bertute politak dira arrisku eta harrapari potentzialak saiesteko.

Kontserbazio egoera

Mundu mailan espeziea "kezka txiki" gisa katalogatuta badago ere IUCN-ren zerrendan, eta bere populazioak nahiko kopuru egonkorrean badaude ere, hegazti honen habitataren degradazioa, itsasoaren kutsadura eta munduan ematen ari den beroketa globala (berekizi lazgarria artikoan) arrisku potentzialak dira espezie honen biziraupenerako, beraz, arazo hauei guztiei aurre eginez soilik bermatu daiteke espezie honen eta artikoan bizi diren animalia guztien biziraupena.

Irudiak

Erreferentziak

  1. (Ingelesez)BirdLife International (2012) Species factsheet. www.birdlife.org webgunetitik jaitsia 2012/05/07an
  2. (Ingelesez) IOC Master List
  3. (Ingelesez) Zoonomen. Birds of the World -- current valid scientific avian names.. .

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.