Marie La Cécilia
Marie La Cécilia, Marie David izenez ere ezaguna (Scye, Saona Garaia,1839ko abenduaren 1a - Paris, 1922ko urtarrilaren 29a), maistra izan zen, eta 1871n Parisko Komunan aktibista errepublikanoa.[1] La Cecilia André Léo feministak sortutako Emakumeen Eskubideak Aldarrikatzeko Elkarteko idazkaria izan zen.[2]
Marie La Cécilia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Grangeret |
Jaiotza | Scye, 1839ko abenduaren 1a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Parisko 16. barrutia, 1922ko urtarrilaren 29a (82 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Napoléon La Cécilia (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea eta Communarda |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Parisko Komuna |
Biografia
1839an jaio zen Saona Garaiko Scyen. Marie Grangereten alaba naturala izan zen. Jaio eta hilabete batera, Charles Justin David[oh 1] nekazariak alabatzat aitortu zuen, eta abizena eman zion Marieri.[3]
Mariek Louise Michel ezagutu zuen gau-eskolak hartzen zituen lanbide-ikastetxean.[4]
1869an, Marie David André Léok sortutako Emakumeen Eskubidea Aldarrikatzeko Elkarteko idazkari bihurtu zen. Elkarteak Daviden etxean bertan zuen helbidea. Han harremanak izan zituen Augustin Verdure Parisko Komunako ekintzailearekin eta bere arreba Carolinerekin[1], eta baita Léon Richer eta Maria Deraismes[4] feministekin. Léok neskentzako eskola laikoa sortzeko proiektua zuen, eta bertan, David izatekoa zen kontabilitate-irakaslea.[5] Hala ere, 1870eko gerra uztailaren 19an hasi eta asmoa bertan behera gelditu zen.[4]
Antzinako Montmartre udalerriko Houdon kaleko 4. zenbakian elkarrekin bizi izan ondoren,[5] 1870eko irailaren[2] 3an, Frantziaren kapitulazioaren biharamunean, Napoléon La Cécilia koronelarekin ezkondu zen. Horren ondorioz, Maríe La Cecilia izena hartu zuen.
1871ko martxoaren 18ko altxamenduaren ondoren, Napoléon La Céciliak koronel kargua lortu zuen eta Émile Eudes jeneralaren Estatu Nagusiko buru izendatu zuten.[4] Senar-emazteak Houdon kaleko 5. zenbakira bizitzera joan ziren, eta han, martxoaren 28an, Marie La Cécilia ume batez erditu zen haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean.[5][6] Alaba, Marguerite Isabel Marie Paulina, laster hil zen, ordea, handik bi hilabetera, Parisko Komunaren amaiera ekarri zuen aste odoltsuan bertan[5]. Egun horietan hainbat zurrumurru entzun ziren Marie La Céciliaren ustezko heriotzari buruz, bera, bere senarrak jasan zezakeen edozein xantaia saihestearren, ezkutaturik egon zen bitartean.[5]
Komunaren porrotaren ostean izan zen errepresiotik ihes egiteko, Marie La Céciliak erbestera joan behar izan zuen. Lehenengo, Belgikara joan zen; han, senarrarekin elkartu zen. Gero, Luxenburgora[4] joan ziren. 1871ko uztailaren 20an, Víctor Hugo bisitatu zuten. Idazlea Vianden zegoen familiarekin erbesteraturik. La Cécilia koronelak espioi baten heriotzari buruzko gerra-gertaerak argitu nahi zituen Victor Hugorekin.[4] Horren ostean, senar-emazteak Londresera joan ziren. Han Napoléon La Céciliak eskolak eman zituen Londresko New Cross auzunean Royal Navyren zerbitzuan.[7] Londresen Mariek seme bat izan zuen, Vindex Châteaudun, 1872ko uztailaren 7an.[2] Garai hartan senarraren osasun-egoera eskasa zenez, familia Egiptora joan zen 1877an, bere osasunak hobera egingo zuelakoan.[4] Baina tuberkulosiak jota hil zen 1878ko azaroaren 25ean.[4] Marie La Céciliak etxera itzultzeko zailtasun finantzarioak izan zituen, eta horregatik, laguntza eskatu behar izan zion Victor Hugori.[1]
Berriro Parisen zela, poliziak, bere iragan iraultzailearen aitzakiarekin, etengabe zelatatzen zituen Marieren ibilerak, eta horregatik maiz aldatu behar izan zuen bere helbidea.[4]
1879ko martxoaren 5ean, Édouard Lockroy, Étine Carjat eta Charles Callet-ek, Georges Clemenceau buru zutela, hitzaldi bat antolatu zuten Marieri ekonomikoki laguntzeko.[4][5]
1880ko abuztuan, Marie La Céciliak Komunan jardun zuten Londresko borrokalari errefuxiatu zaharren bilera antolatu zuen[8] bere etxean bertan, Noyers kaleko 37. atarian[4]. Garai berean, 1880ko ikasturtearen hasieran, Perche kaleko 5. zenbakian zegoen neskentzako eskola baten zuzendaritzaren ardura hartu zuen.[4]
Marie La Céciliak, 1881eko martxoaren 19an, hitzaldi bat eman zuen Komunaren hamargarren urteurrena ospatzeko Saint-Denis kalean egin zen bazkarian. Hitzaldi horretan, emakumeen emantzipazioan Komunak izan zuen eragin positiboa aldarrikatu zuen.[4]
1882an, irakasle-lanpostu bat lortu zuen inguru militar batzuetan zituen harremanei esker.[4]
1890. urtearen hasieran, neskato gaizkileei laguntzeko erakunde bateko arduraduna izan zen Allier departamentuko Yzeure herrian. Han lau urtez egon ostean, Parisera itzuli zen.[5] Parisen Pavée kaleko 24 zenbakian bizi izan zen eta irakasle jardun zuen. Ez zuen eten André Léorekin zuen posta-harremana.[5]
1899ko otsailaren 27an Aldizkari Ofizialean argitaratutako dekretu baten bidez, Marie La Céciliari 'officier d'académie' irakasle titulua eman zioten ume behartsuen alde eginiko lanagatik.[9] Honela idatzi zuen Gaston Da Costa komunardoak 1905ean argitaratutako bere 'La Commune vécue: 18 mars-28 mai 1871' liburuan: "La Cécilia oraindik bizi da. Semea Ingalaterran dago gaur egun, eta ohorezko lekua du Inteligentzian. Aitaren lanbide bera du, filologo ezaguna baitzen.»[10]
Marie La Cécilia 1922an hil zen, bere Parisko etxean (Parisko 16. barrutian), Chardon-Lagache kaleko 1 zenbakian.[11]
Esker ona
- 1909an argitaratutako Victorine Brocher-en memorien hitzaurrean aipatua da.[12]
Oharrak eta erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Template:Marie La Cécilia» artikulutik itzulia izan da, 2022-03-02 data duen 191558505 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-03-02 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
Oharrak
- Hau izan daiteke 1858an Parisen hil zen pertsona bera (1858ko uztailaren 25eko egoera zibileko fitxa, Paris ancien 9e, Parisko Artxibategiak).
Erreferentziak
- (Frantsesez) Audin, Michèle. (2022-05-16). «Marie David femme La Cécilia» www.commune1871.org (Les Amies et Amis de la Commune de Paris 1871) (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).
- (Frantsesez) Gaudin, François. (2021-06-05). LA CÉCILIA Marie [née DAVID Marie, Charlotte. ] Maitron/Editions de l'Atelier (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).
- Jaiotze akta, 14. zk., 1839ko abenduaren 1a, Scye, Saona Garaiko Artxibategia (ezagutzaren aipamen marjinalarekin)
- (Frantsesez) Cerf, Marcel. (2021). «Napoléon et Marie la Cécilia» www.commune1871.org (Les Amies et Amis de la Commune de Paris 1871) (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).
- (Frantsesez) «Marie David, femme La Cécilia» La Commune de Paris 2017-09-08 (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).
- Jaiotza-akta, 2974 zk., 1874ko irailaren 1a, Paris 18, Parisko artxiboak.
- Jules Vallès, Œuvres, Roger Bellet Gallimard-ek apailaturiko edizioa, Bibliothèque de la Pléiade, 1975, 1940. or.
- (Ingelesez) Debra Kelly eta Martyn Cornick-ek arg.. A history of the French in London. Liberty, equality, opportunity.. UNIVERSITY OF LONDON. SCHOOL OF ADVANCED STUDY. INSTITUTE OF HISTORICAL RESEARCH.
- (Frantsesez) «Journal officiel de la République française. Lois et décrets» Gallica 1899-02-27 (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).
- (Frantsesez) Da Costa, Gaston (1850-1909) Auteur du texte. (1903-1905). La Commune vécue : 18 mars-28 mai 1871. T. 3 / par Gaston da Costa, condamné à mort par les Conseils de guerre versaillais.... (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).
- «Heriotz agiria (jaiotza data eta tokiarekin)» archives.paris.fr (Visionneuse - Archives de Paris) (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).
- (Ingelesez) Syson, Lydia. (2015). Citoyennes: women of the Paris Commune | Lydia Syson. Lydia Syson webgunea. (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).