Mariatxi
Mariatxi (gaztelaniaz: mariachi, /maˈɾjatʃi/ ahoskatua) Mexikoko musika-genero herrikoia da. Mariatxi taldeak normalean bi biolin edo gehiago izaten ditu, hainbat neurritako gitarrak, eta batzuetan harpa bat eta tronpeta pare bat.[1]
2011n UNESCOk Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu zuen.[2]
Bi aldaera ezberdintzen dira:
- Tradizionala: XIX. mendean nekazari ingurunean sortua eta jantzi xumeekin jo ohi dena. Batez ere sokazko instrumentuak erabiltzen dira, hots, gitarrak, gitarroiak, biolinak, bihuelak, kontrabaxuak eta baita harpak ere. Ez da tronpetarik erabiltzen, zenbait tokitan klarineteak ageri badira ere.
- Modernoa: XX. mendean hedatu zen aldaera, gaur egun famatuena dena. Mariatxi tradizionalean erabiltzen diren instrumentuez gain, tronpetak ere ageri dira eta garrantzi handia dute. Horrez gain, janzkera dotoreagoak darabiltzate musikariek, charro jantziak edo bertako zaldizkoen jantziak, alegia.
Hitzaren jatorria
Mariatxi hitzaren jatorria ez dago argi, eta hiru hipotesi eztabaidatzen dira. Hipotesi zaharrenak inbasio frantsesean kokatzen du jatorria. Horren arabera, frantsesezko marriage (ezkontza) hitzetik letorke; frantsesek horrela izendatzen zituzten musika talde horiek, ezteietan askotan jotzen baitzuten. Beste batzuen ustez maien hizkuntzatik letorke, zeinetan mariamchi hitzak "nire odolkideak" esan nahi baituen. Azkenik, Mexiko erdialdeko Otomi tribuaren hizkuntzan "festa eguna" esan nahi duela azpimarratzen dute batzuek, hitzaren jatorria han kokatuz.
Erreferentziak
- Lur entziklopedietatik hartua.
- INAH. (2011-11-27). UNESCO Reconoce al mariachi como patrimonio de la humanidad. .