Maria Veleda

Maria Carolina Frederico Crispim, Maria Veleda ezizenez ezagunagoa (Faro, São Pedro, 1871ko otsailaren 26aLisboa, Santa Engrácia, 1955eko apirilaren 8a), irakaslea, kazetaria, ekintzaile feminista, errepublikanoa, pentsalari librea, masoia eta espiritualista portugaldarra izan zen. Umeen hezkuntzaren, emakumeen eskubideen eta ideal errepublikarren aldeko borrokan aitzindaria izan zen. Horrez gain, lehen talde feminista garrantzitsuenetako baten buruetako bat izan zen, Liga Republicana das Mulheres Portuguesas (LRMP) erakundearena, hain zuzen.[1]

Maria Veleda

Bizitza
JaiotzaSetúbal eta Faro, 1871ko otsailaren 26a
Herrialdea Portugal
 Portugalgo Erresuma
Lehen hizkuntzaportugesa
HeriotzaLisboa eta Faro, 1955eko apirilaren 8a (84 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakportugesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, editorea eta sufragista
Izengoitia(k)Maria Veleda

Biografia

Maria Carolina Frederico Crispim 1871ko otsailaren 26an jaio zen, Rua da Parreiran, garai batean Faroko São Pedroko parrokia izan zen auzunean. Familia katolikoa zuen. Aita João Diogo Frederico Crispim izan zen, Faroko Antzerki Elkarteko kultura-zuzendaria, eta ama, Carlota Perpétua da Cruz. Biak jabe aberatsak ziren, baina aurrerago beren ondasunak galduko zituztenak. Maria Carolinak, gaztetan, moja izateko gogoa adierazi zuen. Aitaren aldeko aitona-amonak Diogo Frederico Crispim eta Guiomar Teresa ziren, eta amaren aldekoak Manuel da Cruz eta Maria de Jesus.[2]

Oso goiz hasi zen lanean lehen hezkuntzako irakasle gisa eskolak ematen; hasiera batean, bere jaioterrian jardun zuen, eta gero, hezkuntza pribatuan, Algarve eta Alentejoko hainbat tokitan. Horrela, amari eta neba txikiari lagundu ahal izan zien, 1882an aitaren ustekabeko heriotzaren ondoren egoera ekonomiko larrian baitzeuden.

Hemeretzi urte zituela eman zion hasiera bere ibilbide literarioari O Distrito de Faro egunkari probintzialean poesia, ipuinak eta eleberriak argitaratuz. Hasierako prosa eta bertso lanen maila literarioa ez zen oso aipagarria, baina laster nabarmendu zen bere estiloaren heldutasuna. Handik aurrera, bere literatur lanak hedapen handiagoa izan zuen herrialde osoko prentsan egingo zituen kolaborazio eta ekarpenei esker. Beste batzuen artean, honako aldizkari eta egunkari hauetan argitaratu ziren bere lanak: A Tradição (1899 / 1904), Ave Azul (1899 / 1900 ) [3], Nova Aurora (1900 / 1904), O Círculo das Caldas (1901 ), Germinal (1901/1902), Lisboa Elegante (1902), Sociedade Futura (1902/1904), O Independente (1902/1906), O Cruzeiro do Sul (1903), O Diário Ilustrado, A Vanguarda, O Mundo, O Repórter, O Século, A Pátria de Luanda edo Almanaque das Senhoras-en. Lan literarioak alde batera utzi barik, bere errepertorioa gai feminista eta hezitzaileetara ere zabaldu zen. Pedagogia arloan, Francesc Ferrer i Guàrdiaren eskola modernoaren pentsamenduarekin bat egin zuen eta gogotsu defendatu zuen. Urte horietan, Francisco Xavier Cândido Guerreiro (1871 1953) abokatu, dramaturgo eta poeta ezagutu zuen, eta harekin maitemindu eta elkartu egin ziren, Ez ziren ezkondu, ordea, Mariaren ustez halakorik ezin baitzen egin "gizartearen konbentzioei men egitearren, ezpada maitasunagatik". Urte hartan bertan, Luís Frederico Viegas adoptatu zuen, 14 hilabete besterik ez zuen umea, Mariaren gurasoen landetxeko etxezainaren zurtza.

Maria Veledaren erretratua.

1899an, Ferreira do Alentejoko Odivelas herrixkan, bere seme biologiko Cândido Guerreiro Xavier da Franca jaio zen. Umearen aita pontekoa bere adopziozko anaia, Luís Frederico, izan zen.[4]

1902an, haurrentzako ipuin bilduma bat argitaratu zuen: «Cor-de-Rosa» (Arrosa Kolorea). Hilero hilero argitaratzen ziren bildumaren 12 faszikulu, arrakasta handia izan zutenak eta azkar agortu zirenak. Urte berean, «Emancipação Feminina» (Emakumearen emantzipazioa) liburuxka ere eman zuen argitara. Bertan, bere ideal errepublikanoak eta feministak goresten zituen.[5] Handik gutxira, Maria banandu zen Francisco Cândido Guerreirorengandik, zeina 1909an Margarida Sousa Costarekin ezkonduko zen Loulé-n.

1905ean, hogeita hamalau urte zituela eta Maria Veleda ezizenez, Lisboan finkatzea erabaki zuen, bere ama eta bi seme-alabak berekin eramanda. Hasieran, irakasle lanetan aritu zen babes-etxe batean eta gero eskola pribatu batean, baina handik kaleratu zuten tuberkulosia zuela susmoa zutelako. Denbora luzez bizi izan zen bere familiaren bizimodua aurrera ateratzeko zailtasun ekonomiko handiekin, eta gainera, garaiko gizarte kontserbadorean, emakume independentea eta ama senargabea izateagatik aurreiritziek markatua. Hala ere, handik gutxira, eskolak ematen hasi zen irakasle-errejidore gisa Alves Torgo errepublikarrak zuzendari zuen 'Dr. Afonso Costa' Ikastetxe Errepublikanoan, Lisboako Arroios auzunean. Ikastetxe horretan, gauez, bi ikastaro antolatu zituen, guztiz doakoak, emakumeei irakurtzen eta idazten irakasteko. Bertan, Monarkiaren azken urteetan, Maria Veledak topo egin zuen Portugalgo mugimendu errepublikanoaren hainbat pertsonaia garrantzitsurekin, hala nola Magalhães Lima, Ricardo Covões, Afonso Costa, Manuel de Arriaga, Bernardino Machado, António José de Almeida, Alexandre Braga, Teófilo Braga edo Ana de Castro Osório eta bere senarra Paulino de Oliveira. Garai horretan, bere interesak literaturatik aldentzen joan ziren eta aktibismo sozialaz eta kausa feminista eta politikoez biziki arduratzen hasi zen, eta baita emakumeen emantzipazioari eta bi sexuentzako hezkuntza integralari buruzko eztabaidetan eta hitzaldietan parte hartzen ere.[6] Hurrengo urteetan 'António José de Almeida' eta 'Boto Machado' Zentro Errepublikanoetan irakatsi zuen.

1906an, Pentsamendu Askeari atxiki zitzaion eta masonerian sarbidatua izan zen, 'Humanidade' Logian, Angústias izen sinbolikoarekin, kontzientzia askatasunaren eta antiklerikalismoaren hedatzaile handienetako bat bihurtuz. Urtebete geroago, Maria Veleda Pentsamendu Askearen Lehen Kongresuaren antolakuntza batzordearen kide egin zen, José França, Augusto José Vieira, Lourenço Correia Gomes eta Francisco Teixeirarekin batera. Horrez gain, Grupo Português dos Estudos Feministas (Portugalgo Ikasketa Feminista Taldea) elkartearen sortzaileetako bat izan zen. 1908ko Portugalgo Carlos I.a erregearen hilketaren ondoren, Mariaren errepublikaren aldeko propagandista lana areagotu egin zen.

"A Mulher e a Criança" hileroko aldizkaria, Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikarrak 1909an argitaratua eta banatua.

1909. urtean Liga Republicana das Mulheres Portuguesas (Emakume Portugaldarren Elkarte Errepublikanoa) erakundearen kide egin zen.[7] Elkartea Ana de Castro Osório kazetari eta idazleak eta Carolina Beatriz Ângelo eta Adelaide Cabete medikuek sortu zuten, eta laster Adelaide Cunha Barradas, Amélia França Borges, Ana Maria Gonçalves Dias, Camila Sousa Lopes, Fausta Pinto da Gama, Filomena Honorina da Costa, Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque Pinho eta Rita Dantas Machado ere, beste hainbat eragile feministaren artean, kide egingo ziren. Maria Veledak lehen hiru buruzagi nagusiekin harreman oso estua izan bazuen ere, ez zen erakundearen antolakuntza-batzordearen kide izan, António José de Almeida buruzagi errepublikanoari, 1919tik aurrera Errepublikako presidentea izango zenari, Maria 'iraultzaileegia' iruditzen zitzaiolako, eta horrek elkartearekin bat egin zezaketen emakume kontserbadoreagoak uxatu zitzakeela uste zuelako. Hala eta guztiz ere, mugimenduaren barruan oso aktibo jarraitu zuen, eta Obra Maternal ekimena sortu eta bultzatu zuen, abandonatutako edo moralki arriskuan zauden umeei harrera egiteko eta heziketa egokia emateko xedeaz, eta baita LRMP Talde Dramatikoa ere, zeinentzat hainbat antzezlan idatzi baitzituen. Azkenik, 1910ean, Lenia Loyo Pequito eta Ana Maria Gonçalves Diasekin batera, A Mulher e a Criança aldizkaria zuzentzeko aukeratua izan zen.[8]

O Século egunkariaren gehigarria (1910 -05-12) Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikanoko sufragistei buruzkoa (5. Ana de Castro Osorio ; 6. Maria Veleda ; 7. Beatriz Paes Pinheiro Lemos ; 8. Maria Clara Correia Alves ; 13. Sofia Quintino ; 14. Adeleide Cabete ; 15. Carolina Beatriz Angelo ; 16. Carmo Joaquina Lopes)

1910eko urriaren 5ean Errepublika ezartzean, Liga Republicana das Mulheres Portuguesas-en militatzen zuten feminista errepublikanoek erregimen politiko berriari euren aldarrikapenak aurkezteko garaia iritsi zela ikusi zuten. Egoera berriak, baina, desadostasunak eragin zituen mugimenduaren barnean, batez ere. Maria Veledaren eta Ana de Castro Osório buruzagiaren artean. Elkarteko kide kontserbadoreek —'elitea' osatzen zutenak, Maria Veledaren aburuz, eta Osórioren aldekoak—, Gobernuarekin tirabirarik sortu ez zedin, emakumeentzat murrizketez beteriko boto eskubidea proposatu zuten. Horren arabera, bakarrik bozkatu ahal izango zuten zergak ordaindu eta gutxieneko heziketa zuten adin nagusiko emakumeek. Maria Veledaren ustez, baldintza horiek emakumeen boto-eskubidea murrizten zuten eta, ondorioz, emakume portugaldarren artean zegoen desberdintasun egoera areagotuko zen. Mariak argudiatu zuen gehiengoak ez zuela hezkuntzarako aukerarik izango autonomia ekonomikoa izateko edo gizonezkoengandik erabat askatzeko. Bere iritziz, inkoherentea zen emakumeei botoa emateko eskubidea aitortzea baina soil-soilik zergak ordaintzen zituztenentzat edo intelektualtzat hartzen zirenentzat. «Injustizia litzateke pertsona batzuei denona den eskubide bat ukatzea. Emakumeek, aberatsak edo pobreak, intelektualak edo analfabetoak, gizonezkoen berdintasunean botoa eman behar dute”. Haren ustez, "dena" eskatu beharko litzateke eta "dena" eman ezean, "ezer" ez litzateke onartuko.[9] Bi alderdien arteko tentsioa zela eta, 1911n, Ana de Castro Osóriok LRMPko kargua utzi zuen eta Maria Veledak hartu zuen bere lekua. Handik aurrera, erakundearen buru izan zen, gehiengo handi baten sostenguarekin, eta A Madrugada aldizkaria zuzendu zuen. Urte berean, Grupo das Treze (Hamahiruen Taldea) taldea sortu zuen.[10] Sinbolikoki hamahiru emakumek osaturik, ezjakintasunari eta sineskeriei, iluntasunari, dogmatismo erlijiosoari eta kontserbadorismoari aurre egin nahi zieten, eragin negatiboa baitzuten gizarte portugaldarrean eta emakumearen emantzipazioa eta giza aurrerapena eragozten baitzituzten..

Berrogeita lau urte zituela, 1915ean, LRMPrekin harremanak hautsi zituen, Ligak apartidismoa, inongo alderdiarekiko loturarik gabe, defendatzen zuelako. Handik gutxira, Alderdi Demokratikoan sartu zen, eta disidente talde batekin batera, urte bereko azken hiruhilekoan, Associação Feminina de Propaganda Democrática elkartea sortu zuen, Afonso Costaren ekimen politikoaren alde egiteko asmoz, Costa oso politikari errespetatua eta miretsia baitzen militante errepublikano, feminista eta masonikoen artean. Geroago, bat egin zuen Joaquim Pimenta de Castroren gobernu diktatoriala bota zuten konspiratzaile iraultzaileekin eta Portugalen Lehen Mundu Gerran sartzea defendatu zuen presio taldean sartu zen.[11]

1916 inguruan, existentziaren zentzuarekiko kezkak eraginda, espiritualismo eta esoterismo kontzeptuekin harremanetan hasi eta espiritismo filosofiko, zientifiko eta esperimentalari atxiki zitzaion. Grupo das Sete sortu zuen, gero Centro Espiritualista Luz e Amor izango zena, eta Portugalgo I. Biltzar Espiritistaren bultzatzaileetako bat izan zen 1925ean. Horrez gain, Portugalgo Federazio Espiritistaren sorreran parte hartu zuen 1926an. Garai horretan, A Asa, O Futuro eta A Vanguarda Espírita aldizkariak sortu zituen, eta herrialde osoko prentsa espiritualistan kolaboratu zuen.

Maria Veledak ilusioa erabat galdu zuen Portugalgo Lehen Errepublikako gobernuek garatu zuten politikarekin, emakumeen boto-eskubidea aitortzeko promesa bete ez zutela eta azken unean ezegonkortasun handia eta barne desadostasun asko izan zituztela ikusirik. Horren ondorioz, eta Noite Sangrenta-ko (Gau Odoltsua) gertaerek — António Granjo, Carlos da Maia eta António Machado Santosen hilketak eragin zutenak — oso txundituta, Veledak aktibismo politiko eta feminista utzi zuen 1921ean.

Ondoren, urte batzuetan ikuskari delegatu gisa segitu zuen lanean Tutoria da Infância-n, eta 1950ean República egunkarian argitaratu zuen bere “Oroitzapenak”.[12]

Bihotz-gutxiegitasunaz hil zen, 84 urte zituela, bere etxean bertan, General Roçadas etorbidean, 5. zenbakian, beheko solairuan, Lisboan, eta Alto de São João hilerrian lurperatu zuten.

Esker onak

Santo António dos Cavaleiros-eko oinarrizko hezkuntzako eskola batek Maria Veleda izena darama. [13]

1976an, Lisboako Udalak Maria Veleda idazle eta aktibista omendu zuen, Carnide auzuneko Quinta dos Condes de Carnide inguruko kale bati bere izena ezarriz. Haren izena Portugalgo beste hiri batzuen toponimian ere agertzen da: Tavira, Sintra, Faro, Charneca da Caparica, besteak beste.[14]

Erreferentziak

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, portugesezko wikipediako «Maria Veleda» artikulutik itzulia izan da, 2021-12-16 data duen 62615144 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2021-12-16 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. (Portugesez) Leal, Ernesto Castro;Zúquete. (2013-03-04). Grandes Chefes da História de Portugal. Leya ISBN 978-972-47-4492-6. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
  2. (Portugesez) Barata, Filomena. (2011-10-04). «Maria José Franca, As Mulheres da República: Maria Veleda» aeppea - Angola em Portugal; Portugal em Angola (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  3. Correia, Rita. (2011). Ficha histórica: Ave azul : revista de arte e critica (1899-1900). Hemeroteca Municipal de Lisboa.
  4. (Portugesez) Esteves, João; Osório de Castro, Zília. (2013). Feminae, Dicionário Contemporâneo. CIG - Comissão para a Cidadania e a Igualdade de Género.
  5. (Portugesez) Samara, Maria Alice. (2007). Operárias e burguesas: as mulheres no tempo da República. A Esfera dos Livros ISBN 978-989-626-064-4. (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  6. (Portugesez) Esteves, João. (2010). «Maria Veleda (1871-1955) - Memórias e percursos de uma propagandista republicana - Lagos da República» lagosdarepublica.wikidot.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  7. (Portugesez) Monteiro, Natividade. Maria Veleda. Centro de Documentação Elina Guimarães (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  8. (Portugesez) «Maria Veleda» www.fmsoares.pt (Fundação Mário Soares | Aeb | Crono | Biografias) (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  9. (Gaztelaniaz) Ballesteros García, Rosa María. (2001). El movimiento feminista portugués: del despertar republicano a la exclusión salazarista, 1909-1947. Universidad de Málaga ISBN 978-84-7496-867-5. (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  10. (Portugesez) «O GRUPO DAS TREZE - Comemorações, da UMAR, do Centenário da República» www.umarfeminismos.org (UMAR - União de Mulheres Alternativa e Resposta) (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  11. (Portugesez) «Maria Veleda: Professora, feminista, republicana, livre-pensadora e espiritualista. 1871-1955» biografias.netsaber.com.br (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  12. Guerreiro da Franca, Maria José. (2020). Maria Veleda, uma mulher de Sempre e para Sempre. .
  13. «Escola Básica Maria Veleda – Agrupamento de Escolas José Afonso, Loures» www.mariaveleda.net.
  14. (Portugesez) «Código Postal» Código Postal (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).

Bibliografia

  • VASCONCELOS, Manuela. Portugalgo Mugimendu Espiritistaren Figura Handiak .

Ikus, gainera

  • Feminismoa Portugalen

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.