Maria Teresa Arbide Garayar
Maria Teresa Arbide Garayar, (Maittere) (Oiartzun, Gipuzkoa, 1936ko azaroaren 22a) Mariaren Frantziskotar Misiolarien Institutuko (FMM) nazioarteko moja misiolaria eta urte luzez Kongregazioko ardura garrantzitsuak bete dituena.
Maria Teresa Arbide Garayar | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oiartzun, 1936ko azaroaren 22a (87 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania italiera frantsesa ingelesa portugesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | moja katolikoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijio-ordena | Franciscan Missionaries of Mary (en) |
Erlijio bizitzarako Maria Teresita del Niño Jesus izena hartu zuen. Tunisian, Erroman, Zairen, Suitzan, Madagaskarren, Frantzian... Hainbat proiektutan lan egin du. Horrez gain, aholkulari orokor kargurako hautatua izan zen, eta hori dela eta, hamabi urtez mundu osoan barrena ibilia da koordinazio lana egiten.
Bizitza
Oiartzungo Altzibar auzoan jaio zen, Torre izenez ere ezagutzen zen Bastero-berri etxean. Ama, Maria Garayar Rekalde izan zen eta aita Pedro Arbide Martiarena. Zazpi senideren artean, (bera jaio aurretik beste bi baziren hilak) txikiena. Gerra garaian jaio zen eta familiak nozitutako frankismoaren jazarpena bizitzea tokatu zitzaion. Zazpi urte zituela bi gurasoak kartzelatuak izan ziren Comète erresistentzia sarean kolaboratzeagatik. Familia giro goxo eta maitakorrean hazi izan zen. Bere senideak, hurrenez hurren, Juanita, Luxiano, Benantxio, Manolo, Bixente eta Nikolas izan ziren.
Haurtzaroa auzoan egin zuen. Lehen ikasketak auzoko eskolan burutu zituen eta 16 urterekin bukatu zituen ikasketa orokorrak Hondarribiko San José Hijas de la Cruz ikastetxean.[1] Lehenengo urtean barnetegi modalitatean jardun zuen eta ondorengoak modalitate irekiagoan erdi barnetegi modura. Bertan igarotako urteak ahaztezinak ditu, etxetik irtendako lehen esperientziak gozoak izan ziren beretzat. Oro har gaztaro zoriontsua igaro zuen, lagun giroan eta garaiko gazteen modura, herriko ekintzetan integraturik eta dantza, zinea, musika etab. oso gogoko zituela. Testuingurua hori izanda ere, garai horretan hasi zitzaion erlijioaren izaera mistikoa interesatzen. Isilean sakondu zuen errealitate hori eta une batean Donostiako fraide bati azaldu zizkion bere burutazioak. Hark ordea gazte-bizitza laikoan jarraitzera animatzen zuen, gazte bizitzaz gozatzera eta senargaiarekin jarraitzera behin betiko erabaki hartu baino lehen. Geroago konturatuko zen fraide jakintsu haren aholkuaren balioa zein izan zen: bere erabakia modu askean eta pertsonalean hartzeko eman zion askatasuna, biziki eskertuko ziona.
Misiolari bokazioa
Aspalditik zetorkion misiolari izateko grina. Zapalkuntza eta pobrezia non, han egon nahi zuen berak, behar gorrienean direnen ondoan laguntzen eta eurengandik ikasten. Etorri eta jarraitu nazazu lelo ezaguna bere barruan sumatzen zuen. Jesusen bizitzan asko sakondu zuen eta gero eta argiago zuen hori zela bere bidea. Mateo 16,15 ebanjelioko zatia gogoratzen du bereziki, bertan irakurtzen baita Eta zuretzat ni nor naiz? Jesusen galdera.
Hortik hasi zen misiolari bokazioa mamitzen, geroago argituko zitzaiona. Mariaren Frantziskotar Misiolariak.[2] kongregazio erlijioso kontenplatiboa eta misiolarian aurkituko zuen bere bizilekua. Kongregazio horretako moja zuen izeba, Aldakoko Teodora Arbide Martiarena, Indian zegoena eta bere aitaren arreba. Bere eskutik ezagutzen zuen Mariaren Frantziskotar Misiolarien Institutua. Kongregazio internazionala zen. Munduko lurralde askotan banatutakoa eta karismaren erdian, berriz, misiolaritza zuena. Iruiñean zuten komentura joan zen errealitatea gertutik ezagutzera eta erabateko konbentzimenduz hartu zuen moja izateko erabakia, bere bizitzaren muin eta zutabea gertatuko zena.
Ibilbidea
- 19 urterekin sartu zen nobiziotza egitera Iruñeako Mariaren Frantziskotar Misiolarien Institutuko komentuan. (Iruñeako txuriak bezala ere ezagutzen zirenak)[3]
- 21 urterekin Erromako nobiziotza internazionalean jarraitu zuen prestatzen, erizain ikasketak egiten zituen bitartean.
- 1957ko irailean, lehenengo botoak egin eta gero, Tunisiara bidali zuten misiolari lehen esperientzia egitera. Bertan Mutuellevilleko San Agustin Klinika Unibertsitarioan hiru urtez erizain modura jardun zuen lanean. Medikuntza ikasketak ere hasi zituen, geroago Erroman bukatuko zituenak.
- 1960ean Erroman Frascati hiriko Ospedale San Sebastiano egin zuen lana.
- 1966. urtean, 30 urte zituela Congo RDCra (bere garaian Zaire zena) bidali zuten eta Kinshasako Gombe hiriko Clinique Ngalieman[4] jardun zuen lanean, bi urtera beste destinoa eman zioten arte. Esan liteke hementxe bukatu zirela medikuntza alorreko zerbitzuak. Aurrerantzean beste arduretan murgilduta jarraituko zuen.
- 1968. urtean, Erroman ospaturiko Kapitulu Nagusian Kongregazioko Kontseilu Nagusirako aukeratu zuten beste zazpi kontseilarirekin batera. Gogorra egin zitzaion Kinshasako misio ederra utzi beharra, baina era berean aberatsa izan zen eman zioten misio berrian egindako esperientzia. Garai haietan 11.000 moja zituzten munduko bost kontinentetako 84 nazioetan banatuta eta aukera izan zuen Kongregazioko eremu osoa ezagutzeaz gain, aholkularitza eta koordinazio lanetan aritzeko. Bere arduren artean zegoen guztion formakuntza ziurtatzea, Fundazio berriak non egin aztertzea, misioak koordinatzea etab. luze bat. Gainera II.Kontzilioaren eraginez erlijio bizitzan aldaketa sakonak gertatzen ari ziren eta ondorioz gainkarga eta ardura handiagoa erantsi zitzaion bere eginkizunari. Hamabi urte igaro zuen ardura horretan, sei urte beteta beste seirako berrizendatu ondoren. Bere lan eremuan lurralde asko zeuden eta asko mugitzea tokatu zitzaion, hara nola, Amerikako hego nahiz erdialde guztia; Afrikako herrialde gehientsuenak, Europa eta Asiako Japonia, India eta Korea.
- 1984. urtean eta behin koordinazioko eginkizunak bukatuta, Jerusalemen urte bete igarotzeko aukera eskaini zion Kontseilu Orokorra berriak. Atseden egonaldi modura planteatu bazioten ere, ez zuen denbora esku-hutsik igaro; bederatzi hilabetez egon zen Jerusalemgo Eskola Biblikoan birziklatzen.
- 1985an Suitzara destinatu zuten. Hasieran etxeko arduradun nagusi modura baina laster eskatu zioten probintzial modura jardutea, hau da, Suitzako etxe guztien buru egitea. Bertan igarotako sei urteren buruan, Misiolari Animazioko taldean integratu zen elizak hala eskatuta. Berarekin batera beste moja bat zegoen, eta taldea osatzeko apaiza bat eta bi laiko gehiago. Esperientzia honek asko erakutsi zion eta balio izan zion ondoren iritsi zitzaizkion eskaera berriei erantzuteko.
- Madagaskarren 13 urte bete zituen, hauetako 8 probintzial modura. Exijentzi handiko ardura izan zen garai horretakoa ere. Komunitate asko zituzten, hiri, itsasertz eta oihanean banatuta. Bere gain zegoen postulatzaile berrien formazioa ziurtatzea eta hainbat proiektu bideratzea, tartean kale gorrian bizi zen jendearentzat auzo berri bat eraikitzea; emakumeentzako formazio programa martxan jartzea eta erizain eskola sortzea.
- 2004ean Erromara bueltatu zen, kasu honetan Ama Jeneralaren ordezkari modura. Aurreko eginkizunetan bezala, zerbitzu modura hartu zuen kargua, beretik emanez eta jasotzen zuen guztiarengatik eskertua. Kontziente da euren Institutuan ez dagoela jarduera espezifikorik eta guztiak direla garrantzizkoak.
- 2009ean Nantesen, Kongregazioko fundatzailearen etxean, komunitate-buru karguan pasa zituen 7 urte, etxea itxi zen arte. Etxea elizbarrutiaren zerbitzuan zegoen, erretiroak eta laikoen formazioari zuzendua batik bat.
- 2016ean Lionen, hiru urte pasa zituen nobiziotza-aurreko formazioa ematen.
2020tik Bordelen bizi da. Modu aktiboan erretiroa hartuta dauden ahizpekin batera osatzen du komunitatea. Ardura berriak ditu, kasu honetan OFS, Frantziskotar Orden Sekularreko gizon-emakume taldeari ebanjelioan eta Asisko Frantziskoren bidean laguntzeko eginkizuna eman diote.
Formazioa
Institututik jaso izan zuen bere formazioa. Denak modura, hasierako 6 hilabeteko erlijio-prestakuntza egin ondoren nobiziotza prestaketan igaro zituen bi urtez. Hortik aurrera beste hiru urteko prestakuntza espezifikoa, misioan bete beharreko lanbideari zuzendua.
Hizkuntzak
Ama-hizkuntza euskara du eta italierarekin batera, Institutuko hiru hizkuntza ofizialak menperatzen ditu: gaztelera, frantsesa eta ingelesa. Egondako lekuetako hizkuntza ikasten ahalegindu izan da beti eta ondorioz, portugesa, arabiera, lingala eta malgatxe hizkuntzetan mintzatzera ere iritsi zen. Gaitasun horrek balio izan dio hainbeste ekitaldietan aldibereko interpretazio lanetan aritzeko.
Elkarrizketa
Oiartzun 2000 Urtekariko elkarrizketa nagusia (12-16 orr)
FMM
Institutuan era askotako jarduerak egiten dituzte. Misiolariak dira, bere zentsu zabalean. Dauden lekuko herritarrekin partekatzen dute bizitza eta berau hobetzen ahalegintzen dira. Institutua 1877. urtean sortu zuen Hélène de Chappotin edo, erlijio izenez María de la Pasion zenak[5] Hark zabaldutako espiritualitate eta karismarekin jarraitzen du Maria Teresita del Niño Jesus mojak. 41 urtez mundu mailako ardura garrantzitsu asko bete ondoren, bere azken destinoa hartu du Bordeleko etxean.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «Hondarribia» hondarribia.egiluzetaldea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).
- (Gaztelaniaz) Franciscanas Misioneras de María. (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).
- Press, Europa. (2013-12-13). «Pamplona dedica la calle Las Blancas en Lezkairu a las Hermanas Franciscanas Misioneras de María» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).
- (Frantsesez) DADUTIC. «CLINIQUE NGALIEMA, HOPITAL GENERAL PROVINCIAL DE REFERENCE SECONDAIRE» cliniquengaliema.org (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).
- «Franciscanas Misioneras de María» www.franciscanos.org (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).