Maria Tadea Verdejo y Durán
Maria Tadea Verdejo y Durán, "Corina" izengoitiaz ezaguna, (Cascante, 1831ko urriaren 28a - Zaragoza, 1854), poeta nafarra izan zen. Erromantizismoko idazlea, oso gazte hil zen, 23 urtekin. Madrilen La Mujer (Emakumea) astekaria sortu zuen. Bere ideia asko feminismoaren aurrekaritzat hartu izan dira.
Maria Tadea Verdejo y Durán | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Cascante, 1830 |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Zaragoza, 1854 (23/24 urte) |
Heriotza modua | : kolera |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Mugimendua | erromantizismoa |
Biografia
Cascante jaioa, Ingeniarien Brigadier baten alaba zen, Nicolás Verdejo; ama Águeda Durán zen. Nahiz eta sei anai-arreben hirugarrena eta neska izan, aita bere hezkuntzaz asko kezkatu zen; garaian hori ez zen oso ohikoa. Aita militarra izanik Nafarroatik Mallorcara eraman zuten eta hango eskola batera eraman zuten lehen ikasketak egiteko. Baina aita, komandantea ordurako, paralisi gogor batek astindu zuen eta familia Nafarrora itzuli zen. Cascanten berriro ere, musikari eta margolaritzari ekin zien gaztea. 1951an familia Zaragozara joan zen eta hiri horretan idazleak bere lehenengo lanak plazaratu zituen: "Oda a S. M. la reina doña Isabel II" (1852) eta Ecos del corazón. Baita idatzi zuen drama historiko bat, Catalina Cornaro. Azken antzerki-lan hori estreinatu behar zuen baina 1852ko otsailean Zaragozan izan ziren matxinadak eta, proiektua bertan behera gelditu zen. Handik gutxira aita hil zitzaion. 1854an amarekin eta bi ahizpekin Madrilera joan zen baina sei egunetara ama hil zen. Urte berean, Madrilen, La estrella de la niñez, Gertrudis Gómez de Avellaneda idazlearen hitzaurrearekin liburua argitaratu zuen. 1854an kolerak jota hil zen. 1855an bere biografia argitaratu zen: Biografía de la distinguida poetisa María Tadea Verdejo Durán (Zaragoza: Antonio Gallifa, 1855).[1][2]
La Mujer
La Mujer astekaria Madrilen argitaratu zuen, 1851ko abuztutik 1852ko urria arte. Aldizkariaren lema hau zen: "periódico escrito por una sociedad de señoras y dedicado a su sexo" (Emakumeen elkarte batek idatzitako egunkaria eta haren sexuari eskainita). Aldizkariaren kolaboratzaileak, beste batzuen artean, hauek ziren: Ángela Grassi, Rogelia León, biak erredaktoreak; Rosa Butler, Josefa Moreno Nartos, Venancia López, Robustiana Armiño, kolaboratzaileak. Artikuluak gai desberdinei buruzkoak ziren: hezkuntza, lana, morala, emakumeen eskubideen defentsa. Azalean beti orri osoko editoriala agertzen zen. Gai horiekin batera, aldizkarian ere kondairak, poesiak, eleberriak e.a. biltzen ziren. Aldizkariak bultzatutako kanpainen artean ezagunena prostituzioaren aurkako bat izan zen; kanpainak aste batzuk iraun zuen eta bertan emakumeentzako zentro baten beharra aldarrikatzen zen.[3] Orokorrean, emakumeen heziketaren beharra azaltzen zen behin eta berriro.
Estiloa
Oso joera erromantikoa zuen Cascanteko idazleak. Haren poesia oso handietsia eta apasionatua zen. Hala ere, Emilia Pardo Bazán idazleak, nahiz eta beste estiloko egilea izan, laudatu zuen bere lana. Kritikari askorentzat feminismoaren aurrekaria izan zitekeen María Verdejo nafarra.
Obra
Aldizkarietan eta egunkarietan poema ugari argitaratu zuen. Horiekin batera bi liburu plazaratu zituen:
- Ecos del corazón. Zaragoza: Imprenta A.Gallifa, 1853.
- La estrella de la niñez: compendio de moral escrito para la educación de las niñas. Madril, 1854.[4] Liburu honetan poesia eta prosa nahasten da.
- Catalina Cornaro, drama historikoa, argitaratu gabea.
Ikus, gainera
- Erriberar ezagunak