Maria Oianguren
Maria Alejandra Oianguren Jauregi —Txantxote goitizenaz ezaguna— (Bergara, Gipuzkoa, 1914ko otsailaren 9a - 2000ko azaroaren 8a)[1] euskal hezitzaile eta euskaltzalea izan zen. Emakume Abertzale Batzako kidea.
Maria Oianguren | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bergara, 1914ko otsailaren 9a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Bizilekua | Bergara Errenteria Tolosa Barakaldo Frantzia Anberes |
Heriotza | 2000ko azaroaren 8a (86 urte) |
Familia | |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea |
Kidetza | Emakume Abertzale Batza |
Bergarako lehen ikastolaren sortzailea izan zen. Espainiako Bigarren Errepublika garaian 1933. urtean Ariznoako Euzko-ikastola abiatu zuen San Pedro kalean Bergarako Batzokiko abertzaleen laguntzarekin.[2]
Bizitza
Heziketa
Bederatzi urte arte mojek herrian zuten eskolan aritu zen ikasten, ondoren partikular batean jarraitu zuen. Hamalau urterekin Donostiara (Gipuzkoa) joan zen magisteritzako ikasketak egitera. Ikasketa horiek egiten ari zela, Errenterian bizi izan zen senide batzuen etxean. Bere esanetan, Errenterian bilakatu zen euskaltzale eta abertzale, herriko batzokiaren inguruan batez ere.[3]
1932an ikasturtea amaitu, eta Donostian Elbira Zipitriarekin aritu zen, laguntzen eta ikasten. Tolosan ere aritu zen irakasle, Munita andereñoarekin. Garai horietan Altzora joaten zen euskara lantzera.
Herriko lehen ikastola
1933an Eusko Ikaskuntzak antolatutako udako ikastaroetara joan zen, Bergarako Udalak babestuta, eta urte berean, Bergarako lehen ikastola sortu zuen: Ariznoako Euzko-ikastola, San Pedro kalean, Aranzadi Ikastolaren aurrekaria izango zena. Bergarako Batzokiko abertzaleen laguntza izan zuen proiektua abiatzeko, Agustin Linazisoro eta Telesforo Monzonena bereziki.[4]
Lau eta bederatzi urte arteko berrogei bat haurren arduradun aritu zen. Eskola goiko plazan zegoen eta Maria Oianguren zen irakasle bakarra, baina Madalen Oianguren ahizpa ere laguntzaile aritzen zen. Hurrengo urteetan 62 ikasle izatera heldu zen eskola. Euskaraz irakurtzen, idazten eta kantatzen irakasten zuen bertan. Orduan zerabilten irakurgaien artean zeuden, besteak beste, Xabiertxo, Martin Txilibitu eta Loretegia.[5] Euzko Ikastola Batzako ikastoletako bat izan zen, Gipuzkoako lehenengoa; gehienak Bizkaian zabaldu zituzten eta.[6][7]
Erbestea
1936. urtean Espainiako Gerra Zibila hasi zen eta Bergaratik alde egin behar izan zuen. Bergara frankisten eskutan erori zenean, ikastola okupatu zuten. Bertako ikasmaterial guztia erre egin zuten.[8]
Barakaldon (Bizkaia) aritu zen ondoren irakasle, bertako ikastolan, gerra haraino iritsi arte. Ondoren Frantziara egin zuen ihes, han izan ostean Belgikara. Bertan elebitasunaren gaineko irakaspenak barneratu zituen. Atzerrian ere euskarazko klaseak ematen jarraitu zuen ihes egindako hainbat haurri.[9]
Itzulera
Frankismo garaian Belgikatik etorri zenean, hainbat urtez Bergaratik kanpo bizi izan behar izan zen, garaiko alkateak herrian bizitzea debekatu ziolako. 1976. urtean Joseba Larrañaga kultura eta hezkuntza zinegotziak eskola publikoan tituludun euskara irakasle bat behar zela eta eskola horretan aritzeko proposamena luzatu zion. Bertan aritu zen irakasle.[2]
2000. urteko azaroaren 8an hil zen.[1]
Maria Oianguren saria
2024an Bergarako Udalak Maria Oianguren saria jarri zuen martxan, bertan Bergarako euskarari buruzko ikerketa-proiektuak saritzen eta finantziatzen dira bi urtean behin. Udalaren esanetan, izena aukeratzearen arrazoia Bergaran euskararen erabilera sustatu duten emakume guztiak omentzea da.[10]
Erreferentziak
- «Berrigara 430» Berrigara 430: 30..
- Lan eta lan, emakumea Bergaran. Badihardugu Euskara Elkartea. Juan Martin Elexpuru Arregi, Idoia Etxeberria Elorza..
- Larrañaga Guridi, Amaia. (1985). Ariznoa Ikastola Batza. , 28 or..
- «Aberriaren balioak erein zituztenak - Debagoiena» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- «Aberriaren balioak erein zituztenak - Debagoiena» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- Bernardo Anaut: «Euzko Ikastola Batza», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- «Maria Txantxote eta erbestea Belgikara - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- Intxorta 1937 Kultur Elkartea. (2015). 1936ko gerra Bergaran. .
- «Bergarako lehenengo Ikastola - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-19).
- Maria Oianguren Saria. .