Maria Kristina zubia
Maria Kristina zubia Donostian dagoen zubia da. Urumea ibaia zeharkatzen duen Donostiako hirugarren zubia da. Erdialdeko Frantziako etorbidea eta Gernikako Arbolaren pasealekua elkarlotzen ditu. Santa Katalina zubia eta Mundaiz zubiaren artean kokatzen da.
Maria Kristina zubia | |
---|---|
Maria Kristina zubia. Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Koordenatuak | 43°19′02″N 1°58′42″W |
Historia eta erabilera | |
Izenaren jatorria | Maria Kristina Austriakoa |
Arkitektura | |
Materiala(k) | harria |
Dimentsioak | 88 () m |
Gurutzatzen du | Urumea |
Zubibegiak | 3 |
Izena Maria Kristina Austriakoaren omenez du, Espainiako erregina eta erregeordea zena.
Historia
1893an leku honetan aldi batetarako egurrezko pasabide bat eraiki zen, honen bidez Erdialdea, Iparraldeko geltokia, zezen plaza eta antzinako belodromoa (Atotxako futbol zelaia) elkarlotzen zirelarik. Zubiaren diseinua Antonio Palacios Ramilo arkitektoarena izan zen.
1905eko urtarrilaren 19an, zubiaren inaugurazio eguna bezperan, egurrezko pasabidearen zeharkako zirkulazio etenarazi zen, geroago pasabidea erausteko asmoz. Azkenik, urtarrilaren 20an, San Sebastian egunez, zubia behin betiko inauguratu zen. Inaguzario gonbitean garai hartako hizkera erabiliz honako hau adierazi zen:
« | "Urtarrilaren 20ean, arratsaldeko 3etan, Maria Kristina zubiaren inaugurazioko ekitaldi seriora eta ondoren Udaletxean burutuko den te dastaketara... berorri gonbidatzeko ohorea dut. Udal Txit Goreneko alkatea. Lebita edo uniforme." | » |
Aurrezki Kutxak interesik gabeko ehun urtetarako kredituaz zubiaren eraikitze lanak ordaindu zituen. Ribera eta Zapata jaunak proiektuaren gauzatzaileak izan ziren, aurrez, proiektuaren egileak Marcelo Sarasola udal ingeniaria eta Jose Goiko udal arkitektoa izan zirelarik.
Eraikina
Zubiaren ezaugarri nagusia mutur banatan lau obelisko monumental izatea zen, bakoitzak 18 metroko garaiera eta euren gailurrean Pablo Alzola ingeniariaren gidaritzapean burututako eskultura multzoak zituztelarik (Bakea eta Aurrerapenaren ikur), Paris hiriko Alexandro III.a zubiaren kopia gisa. Garai hartan sekulako berrikuntza zen hormigoi armatuz eraikia izan zen. Hiru zubibegi zituen, bakoitza 24 metro zituelarik. Zubiak denera 20 metro zabal eta 88 metro luze zituen.
Ekitaldia
Zubiaren inagurazioa ospakizun handi batentzako aitzakia izan zen. Arratsaldeko hiruetan La Unión musika bandaren emankizuna hasi zen. Ondoren infanteriako bi musika bandek jo zuten. Jarraian Udal Musika Banda, udalbatza eta kazetariak Arraindegia kaletik abiatu eta zubira etorri ziren, guztien buru eta Maria Kristina Austriakoa erreginaren ordezkari gisa Jose Elosegi alkatea zihoan. Euren ibilbide guztiko balkoian abagune hartarako espreski apainduak izan zirelarik. Eguraldi txarra egin ezkereoko kasuan, ibilbide hura tranbia zerbitzu berezi batean burutzea aurreikusia ere izan zen.
Inguruko kaleetan jendetza handia zegoen eta elizetako kanpai jotzeak elizgionen etorrera iragarri zuen.
Gero, Donostiako Orfeoia eta 110 haurrez osatutako Donostiako Udal Musika Akademiako abesbatzak Jose Juan Satesteban maisuak gertakari ekitaldi honetarako espreski konposatutako ereserkia bat jo abestu zuten.
Arratsaldeko sei eta erdietan ia auzotar gehienak programatuak zeuden su artifizalak eta suzko zezena ikusteko asmoz Iparraldeko geltoki ingurura bertaratu ziren. Aurretik Udalak sokamuturra ospatzeko debekuaren aurka donostiarrek protesta gisa hiru urtez hiriko jairik ospatu gabe egon ziren, Udalaren arabera sokamuturra "hiri handi batentzat baino herri txiki bateko egokiagoa" omen zen ospakizuna baitzen. Ondorioz, 1902ko urtarrilaren 14an jende gazteak haserre bizian farola, dendetako erakuslehio, egoitza ofizial eta egunkarietako egoitzei harrika egin zien.
Halere, zubiaren inaugurazio egunean halako iskanbilak gertatu ez zitezen poliziak aurrez neurriak hartu zituen. Suzko zezenaren alboan hamar makildun gauzain zihoazen, eta haietatik metro gutxira beste horrenbesteko gauzain kopurua. Guzti honek auzotarren protesta zaratatsua piztu zuen. Modu honetara inaugurazio eguna amaitu zen.
1984an zubia erabat berreraikia izan zen 1985eko urtarrilaren 20an, San Sebastian egunez, berreinauguratu zelarik, ekitaldi hartako buru Carlos Garaikoetxea lehendakaria izan zen.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
- Maria Kristina zubia Euskomedia webgunean (Gaztelaniaz)
- María Cristina zubia PDF 2.500 KB