Maria Garaiar Rekalde

Maria Garaiar Rekalde (Hernani, Gipuzkoa, 1893ko urriaren 22a Oiartzun, Gipuzkoa, 1983ko azaroaren 15a) Comète erresistentzia sareko kolaboratzailea izan zen. Frankisten errepresioa nozitu zuen.

Maria Garaiar Rekalde

Bizitza
JaiotzaHernani, 1893ko urriaren 22a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaOiartzun, 1983ko azaroaren 15a (90 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
JarduerakEtxekoandrea eta kolaboratzailea
KidetzaComète sarea

Bizitza

Maria Garaiar Rekalde (bataio agirian, Maria Salome Antonia Garayar Recalde) Hernaniko Lizarraga baserrian jaio zen, eta Oiartzunen eman zuen ia bizitza osoa, gazte zela Joxe Rekalde osabak bere etxerako ekarri eta gero. Altzibar auzoko Torre izenez ere ezagutzen zen Bastero-berri etxean zuten ostatua, sagardotegi modura ere funtzionatzen zuena. Han bizi izan zen, negozioa itxi eta alaba Juanita eta haren hiru semerekin Elizalde auzora aldatu zen arte. Aldako baserriko Pedro (Periko) Arbide Martiarenarekin ezkondu zen 1915eko abuztuaren 10ean, eta zazpi seme-alaba izan zituzten: bi neska eta bost mutil. Senarra lanbidez kontratista zen, eta Oiartzungo alkate izan zen 1926ko otsailaren 13tik 1928ko urriaren 9a arte (Oiartzun, 1975).[1]

Comète sarea

Comète sarea Bigarren Mundu Gerraren garaian Belgikan, Frantzian eta Euskal Herrian soldadu eta hegazkin pilotu aliatuei Erresuma Batura helarazten laguntzen zien erresistentziaren sare antolatu bat izan zen.

Comète Sareko pasabideak

Andrée de Jonghek (Dedée) (1916-2007) sortu zuen sarea 1941ean, eta kolaboratzaile sare zabalari esker (1700 lagunekoa aipatzen da) lortu zituzten hiru urteren buruan 770 hegazkinlari nazien eskuetatik salbatzea. Bidean geratutakoak ere izan ziren: nazien errepresioaren ondorioz 216 kide edo kolaboratzaile hil ziren, tartean hiru euskaldun.

Londresko bidean Euskal Herriko mugatik pasa ziren hegazkinlariak 288 izan ziren:[2]

  • 1941ko abuztutik 1942ko abuztura, 36.
  • 1942ko abuztutik 1943ko abuztura, 76.
  • 1943ko abuztutik 1944ko ekainera, 176.

Mugalari lanetan, Dedéerekin batera, Hernaniko Altzueta baserriko Florentino Goikoetxea ibili zen,[3] baita Manuel Iturrioz orexarra ere.[4] 1943ko urtarrilaren 15ean Gestapok Urruñako Bidegain-Berri baserrian Dedée atxilotu zuenean, Jean-François Nothomb haren laguna izan zen, Franco ezizenez ezaguna, Oiartzungo bidaiak ordezkatu eta zuzendu zituena, ibilbide bera eginez.[2]

Comète sareko kolaboratzaile

Maria Garaiar Oiartzungo Comète sareko kolaboratzailea izan zen. Bere senarrak zuzenean ez zuen parte hartzen, nahiz eta kartzelara Mariarekin batera sartu zuten. Mariak beste laguntzaile batzuk erabiltzen zituen. Bere seme-alabetan zaharrenaz baliatzen zen hainbat lan ttiki egiteko, eta anaia Francisco (Pako) Garaiar eta haren emazte Claudia Escudero ere sarean sartuta ibili ziren.

Bidasoa zeharkatu ondoren, bi gordeleku erabiltzen zituzten Oiartzunen. Mendiz bidea egin ondoren Ergoien auzoko Iriartetarren Sarobe baserrian[5] artatzen zituzten eta ondoren Altzibar auzoko Arbidetarren Bastero-berrin, Mariaren etxean gordetzen ziren. Zerbait jan eta atsedena hartzen zuten bitartean, Donostiako bidaia antolatzeaz arduratzen zen Mariaren taldea. Bernardo Aracamaren etxea izaten zuten hurrengo gordeleku segurua eta lan horretan Severino Ortego taxilariaren laguntzarekin ere kontatzen zuten.

Atxiloketa eta kartzelaldia

1943ko azaroaren 13an Bizkaiko Brigada Mugikorreko eta Madrileko Brigada Politiko-Sozialeko agenteek Bernardo Arakama atxilotu zuten Donostian. Handik egun batzuetara, azaroaren 28an, polizia Altzibarren agertu eta Pedro Arbide, Maria Garaiar emaztea eta Claudia Eskudero koinata atxilotu zituzten. Guztiak sartu zituzten preso Ondarretako presondegian eta bertan egon ziren 1944ko maiatzaren 31n libratu zituzten arte. Pako Garaiarrek, aldez aurretik abisua jasota, atxiloketa ekidin eta gordetzea lortu zuen. Pedro eta Mariak zazpi seme-alaba zituzten eta alaba zaharrenaren kargu geratu ziren, gurasoak kartzelan egon ziren bitartean. Pako eta Klaudiaren bost seme-alabak, berriz, beren senideen artean banatu zituzten, ama kartzelatik atera zen arte. Epaiketarik gabe askatu zituzten denak, baina Josemari Iturriotzek Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak[6] liburuan aipatzen duenez, Arbidetarrek 250.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuten. Isuna ordaintzeko, familiako ondasunak saltzea beste irtenbiderik ez zuten izan.

Nahasbidea: Oiartzunen, bi Maria Garaiar

Oiartzunen bi Maria Garaiar azaltzen dira. Bata, Txipito baserrian jaiotako sindikalista (2019 urtekaria 101 or.);[7] eta bestea, biografia honetan azaltzen dena. Modu okerrean lehenengoari atxiki izan zaio Comète sarean aritu izana, baina berez Comète sarean kolaboratzaile izandakoa bigarrena —Maria Garaiar Rekalde— izan zen.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «OIARTZUN aldizkariaren aurkibide orokorra: zenbakiak 1-21.- 1956/1959 eta 1975/1991 urteak. Indice general de la revista 'Oiartzun': números 1 al 21 .- Años 1956/1959 y 1975/1991» www.soinuenea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  2. (Gaztelaniaz) JIMÉNEZ DE ABERÁSTURI CORTA, Juan Carlos. (2006-07-28). «De Bruselas a Londres pasando por Oiartzun y Rentería: El itinerario de la red Comète» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  3. Askatasunaren bidea.. .
  4. (Gaztelaniaz) «Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak» Alberdania Argitaletxea (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  5. «Iriarte Rekalde, Pako - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  6. (Gaztelaniaz) «Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak» Alberdania Argitaletxea (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  7. (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2019 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.