Mariñazelai baserria

Mariñazelai, bertakoek Mañarinzelai deitzen dute, baserri bat da, Aiako Andatza auzoan kokatua (Gipuzkoa, San Pedro errekako ibarraren erdialdean. Bertatik 250 metrora ipar-ekialderantz, Mañarinzelairen orubearen barne zegoen Manarinerrota aurkituko dugu, XVII. mendearen amaieran eraikia; 250 metro Hegoalderantz, Segurolako orube zaharra dago.

Mañarinzelai baserriaren ikuspegia, erre eta gero berreraikita

2005eko maiatzaren 11n, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

2007.en urtean sute bat jasan zuen, eta oso kaltetuta suertatu zen. Baserria berriro berreraiki zen ezaugarri arkitektonikoak ahal zen neurrian errespetatuz.

Ezaugarriak

Baserria 20 m x 20 m neurriko oinplano karratuko eraikina da, bi isurkiko zurezko estalkia eta fatxada nagusiarekiko bizkar elkarzuta ditu. Bi solairu eta ganbara ditu. Fatxada nagusia Ekialderantz begira dago eta harlandu gotikoarekin eraikita dago. Fatxada horren beheko solairuan dagoen sarrera nagusiak erdi-puntuko arkua dauka, dobela luze eta erregularrekin. Bestalde, erdi-puntuko arkua duen leiho gotiko bat du. Zementuz duela gutxi egindako kanpora ateratako balkoiak, hainbat dobelaren goialdea estaltzen du. Fatxada honetan bertan, kanpotik etxebizitzara zuzenean sartzeko zementuzko eskailera dago. Etxebizitza, eraikinaren Ekialdeko lehen solairuan dago. Beste fatxadak ere harlandu gotikoarekin egin zituzten. Mendebaldeko fatxada, atxikitako elementuek estaltzen dute ia osorik: eraikinaren barruko lastategira zuzenean sartzeko hormigoi armatuko arrapalak, eta hormigoiz ere eraikita dagoen terrazak; barruan, garajea eta oilategia daude. Eranskin horiek, sarrerako arku puntaduna eta erdi-puntuko bi leiho gotiko itxi dituzte.

Baserriaren fatxada, elementu gotikoekin

Barruko egitura, beheko solairuan, hormigoizkoa da. Lehen solairuak eta ganbarak, pieza bakarreko hamabi zutabek eusten duten jatorrizko zurezko egitura dute. Dolare gotiko bateko hiru zutabe ditu. Lotzen dituzten zutabe eta petraletan beso bikoitzak ditu, enara-buztanetan mihiztatuak. Dolare gotikoaren goialdeko uztarriak lotzen dituen bizkar bikoitza du. Era berean, jatorrizko gapirioak ditu. Fatxada nagusira atxikitako eranskinak, eskailera, balkoia eta atxikitako eranskina eta mendebaldeko fatxada hartzen duen aldapa monumentutik kanpo geratzen dira.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.