Margolaritza
Margolaritza edo pintura arte nagusien mota tradizionaletakoa da, azal batean (horma, papera, oihala, kristala, egurra eta abar) margoa edo pintura aplikatzean datzana. Margolana izena hartzen dute arlo honetan egindako irudiek, eta pintorea edo margolaria da arlo honetan lan egiten duen artista. Margolaritzari dagokiona eta bereziki margolaritzazko lanak piktorikoak direla esaten da.
Margolaritza eta teknika
Margolariaren lanaren emaitza erabilitako materialaren eta teknikaren araberakoa da.
Bost material oinarrizko erabiltzen dira margolan orotan: euskarria; koloregaiak edo pigmentuak; pigmentuok ore gotor bat osatuz elkartzen dituen aglutinatzailea; aglutinatzaileari gehitzen zaion disolbatzailea, erabilgarriagoa izan dadin; eta, azkenik, euskarriaren eta margo geruzaren artean zabaltzen den estalgarria edo bitarteko geruza.
Antzinatik margolan ororen oinarri materiala izan dira beti elementuok.
Material horietakoren bat aldatzeak, aglutinatzailea eta disolbatzailea aldatzeak batez ere, teknika aldatzea dakar.
Materialak
Euskarria higikorra izan daiteke edo finkoa izan daiteke horma edo sabai bat bezala.
Euskarriaren eta margoaren bitarteko geruzaren edo estalgarriaren helburua euskarria eta margoa babestea da, elkar ukitzean sor litezkeen kimika erreakzio kaltegarri eta suntsitzaileetatik babestea alegia. Geruza estalgarri edo babesgarri hori leunagoa edo zakarragoa izango da, margo geruzari zer itxura eman nahi zaion. Margotu ere egin daiteke, margolanaren koloreen arteko harremana edo, besterik gabe, margotze lana bera erraztearren.
Margo geruza jatorri mineral, organiko edo sintetikoko kolore pigmentuez osatua dago. Pigmentuek denek ez dute argia igarotzen berdin uzten, denek ez dute errefrakzio indize bera, handiagoa edo txikiagoa baizik, aglutinatzailearen arabera.
Hau da, errefrakzio indizea handitu ahala koloreak opakoagoak bihurtzen dira, eta gardenagoak, berriz, txikitu ahala. Argia aglutinatzailean zehar hedatzen da, eta, beraz, haren lodieraren eta duen pigmentu kopuruaren arabera aldatzen da errefrakzio indizea. Gel zeharrargi moduko bat izaten da: suspentsioan dauden pigmentuen artean argia igarotzen uzten du eta aldi berean, bernizaren antzera, babestu egiten da. Erdi Aroko olio egosiek eta akrilatozko erretxina zeharrargiek, polimerizazio bidez sortutako molekula handiak izanik, disolbatzaileak behar dituzte, baina disolbatzaile horrek ez du eraginik izan behar, pinturaren mugimendu mekanikoan ez bada.
Pintura lehortzeko behar den denbora gutxitzearren eta margo geruza babesgarri batez estaltzearren, margolari eta kimikariek berunezko eta manganesozko lehorgarriak gehitu zizkioten aglutinatzaileari, eta erretxinazko berniz natural eta sintetikoak egin zituzten.
Teknikak
Akuarelak eta gouacheak ur margo gomadunak erabiltzen dituzte: goma arabiarra aglutinatzaile gisa eta ura disolbatzaile gisa. Akuarelak aglutinatzaile gutxi izaten du eta gouacheak, berriz, asko. Hori dela eta, gouache teknikaz egindako margolanak opakoagoak dira eta gardentasun efektu gutxiago dute. Gardentasun efektuok, berriz, oinarrizkoak dira akuareletan. Akuarela ez da oso itsaskorra eta euskarriaren (papera) kolorearen eta egituraren efektuak azalarazten ditu. Argiak eta egurats gertakariek kalte handia egiten diote. Horregatik, kristalez babestu behar da eta argi biziak zuzenean joko ez duen leku batean jarri. Akuareletan, beraz, bertatik bertara egin behar da lan, eta damutasunik gabe, ez baitago zuzenketarako aukerarik.
Akuarela, hasieran, marrazkiak koloreztatzeko teknika bat baizik ez zen. XVIII. mendearen hasieran arte adierazpen autonomoa bihurtu zen Ingalaterran, eta olio pinturaren beraren bilakaera baldintzatu zuen, neoinpresionismoaren eta fauvismoaren jarraitzaileen artean gehienbat.
Gouachea akuarela suerte bat da, baina hura baino dentsoagoa, margulagoa eta hitsagoa. Lehortzen denean are gehiago histen da. Erdi Aroan gai naturaletatik ateratzen zituzten gouacherako pigmentuak; gaur egun, berriz, zenbait materialen sintesiz lortzen dira, zelulosaren sintesiaz, gehienbat. Pastela, berriz, pinturaren eta marrazkiaren arteko bat da. Akuarela bezala, marrazkiak koloreztatzeko erabili zen hasieran. Ez du ur beharrik margotzeko, pigmentu hautsez oratutako makilatxo moduko batzuk baitira margook. Italian asmatu zen XVI. mendearen hasieran, odol lapitzaren marrazki teknikaren aldaera gisa. Odol lapitzak ez bezala, pastelak aglutinatzailea (ura gomarekin edo eztiarekin) behar zuen, eta baita gogortzaileren (talkoa edo kaolina) bat ere. Erantsitako kaolin proportzioaren arabera, bi pastel mota bereizten dira: gogorra, trazu zorrotzez pintatzeko, edo biguna, ikatz ziriaren edo odol lapitzaren antzera pintatzeko. Pastela erabiltzeko, euskarriak zimurtsua behar du izan, materia ongi finka dadin. Teknika honen bilakaera, beraz, paperaren bilakaeraren parekoa izan da. Teknikaren bilakaera horretan aparteko garrantzia izan zuten paper tindatuek, paperaren arabera kolore batzuk edo bestek nabarmentzeko aukera ematen zutelako. XVIII. mendean, era guztietako paper mota bereziak azaltzean, Italiako eta Frantziako artistek beste pintura molde bat landu zuten, pastelaren teknikan prestalan gisa egiten ziren marrazkietatik eta zirriborroetatik bereizten eta benetako pinturara hurbiltzen zirela. Nolanahi ere, pastelaren mekanikak lotura estua izaten jarraitzen du marrazkiarekin, ez baita pintzelen beharrik, eta makilatxoekin zuzenean margotzen da.
Pastela oso materia hauskorra da eta lizuna har dezake erraz. Lanak hondatu ez daitezen, finkatzaileak erabiltzen dira eta, koloreen edertasunari antz emateko eragozpena bada ere, margoa kristalez estaltzen da.
Tenpera ere ur margoa da, pigmentua eta aglutinatzaile bat (kola, arrautza, erretxina edo olio emultsioa) uretan diluituz egiten den pintura. Gero, margoaren gainean, berniza ezartzen da eta horrek olio pintura baten itxura ematen dio.
Formula horren bidez edozein gainaldetan pintatzen zen: oholak, hormak, margo-oihalak eta, noski, pergamino eta paper gainean. Gehienetan, euskarriaren gainean, estalgarri geruza bat zabaltzen zen, pinturak hobeto hel zezan. Oholak kola eta igeltsuzko ore batean murgildutako lihozko oihal mehez estaltzen ziren. Horrela, denboraren poderioz egurra pitzatzen bazen ere margoa ez zen hondatzen. Tenpera pinturak, baina, eragozpen ugari zuen: ez zuen, adibidez, pintura geruzak bata bestearen gainean jarriz gardentasun efekturik lortzen uzten. Gainera, pintura hori berehala lehortzen da eta ezin zaio pintura freskoaz azken ukiturik eman.
XV. mendeaz geroztik pintoreen margolaritza teknika kutunena olioa izan zen.
Teknika hori besteak baino hobeto egokitzen zen pintura kontzepzio berrietara eta argi-ilunen efektuetan, antzeko bi tonu leuntasunez elkartzeko aukera ematen zuen. Halaxe lortu zen margoen fusioa, pintoren gehienen nahia.
Tradizioak dioenez, Van Eyck anaiek asmatu zuten olio pintura. Kontuak kontu, XV. mendeko flandriar margolari horiek olio-margolaritza erabiltzeko modu berria asmatu zuten. Izan ere, olioa lehendik ere erabiltzen zen pinturan, baina beste osagai batzuekin nahastuta, eta berniz babesgarri gisa, gainera. Olio egosia hura baino trinkotasun gutxiagoko disolbatzaile batekin (ura eta arrautza emultsio bat edo esentzia lurrinkor bat) elkartu ahal izatean lortu zen pintura mota horri etekin guztia ateratzea. Teknika berria eta tenperan zuten esperientzia baliatuta, Van Eyck anaiek margo geruza baten gainean hura erabat ezkutatu gabe beste bat zabaltzea lortu zuten, halako moduan ezen, optikaren efektuengatik, sekula ikusi gabeko tonuak lortu ziren.
Teknika berri hura berehala zabaldu zen. Leonardok, adibidez, sfumatoa asmatu zuen, olioa disolbatzailean nahastuta erabiliz. XVI. mendeko pintore veneziarrek, Tizianok gehienbat, lausotuaren teknika asmatu zuten; gero, barrokoko maisuek hobetu zuten. Handik hara pintura kolorezko orban multzoa bihurtu zen, eta lausotasunek, gardentasunek eta margo geruzaren egiturak berak sortzen zituzten efektuen bidez orbanok forma zehatza hartzen zuten behatzailearen begian.
Baina olioak ere bazituen eragozpenak. Denbora igarotzean horitu egiten zen eta zenbaitetan, herdoilduta, obraren jatorrizko margoak eraldatzen zituen.
XVI. mendean, olioaren erabilera zabaltzeaz gainera, margo-oihalak egurrezko armazoietan josita erabiltzen hasi ziren.
Hala, tamaina handiko lanak biribilkatuta garraia zitezkeen. Horrela erabiltzeak baina ez zion onik egiten oihalari, arrakala txikiak sortzen baitziren pinturan. Oihalaren geruza babesgarriagatik ere sortu zen arazorik, bai pinturaren olioak babesgarrian zehar irazita oihala erretzen zuelako, bai olioa desagertuz gero koloreek distira guztia galtzen zutelako.
Pinturagatik eta euskarriarengatik ez ezik pinturaren babesgarri zabaltzen zen bernizarengatik ere izaten zen arazorik: denbora igaro ahala horitu eta pitzatu egiten zen. Margolana bukatutakoan bernizik ez eman beharrik izateko, zenbaitetan pinturak berak izaten zuen berniza, baina halakoetan, koadroaren gainaldean aldaketarik izanez gero, galdu egiten ziren suspentsioan dauden pigmentuak, eta izugarri zailtzen ziren garbitze eta zaharberritze lanak.
Formula kimiko industrial berriei esker gaur egun ez da horrelako arazorik.
1840. urteaz gero olio pintura metalezko hodi estandarretan saltzen da.
Margo binilikoak eta akrilikoak erretxina sintetikoen erabileratik sortu ziren.
Pintura horiek, uretan nahastuta erabilita, tenperaren edota are akuarelaren antzekoak dira. Akrilato molekulei esker margo geruza gotor eta meheak ateratzen dira, oso kolore distiratsukoak. Margo horrek duen erretxinari esker margo geruzak bata bestearen gainean zabal daitezke. Eragozpen bat badu ordea, berehala lehortzen da. Edozein gainaldetan zabal daiteke, ez du aldez aurretik inolako babesgarririk behar.
Margolanen salmenta
Grafiko interaktibo honetan garestien saldu diren margolanak aurkezten ditugu:
Margolari ospetsuak
Pizkundekoak
Margolari klasikoen artean, Berpizkunde garaian nabarmendu ziren Leonardo da Vinci, Raffaello, Botticelli, Michelangelo eta Albrecht Durer handiak, besteak beste.
Barrokoak
Barrokoan bestela Rembrandt, Pieter Paul Rubens eta Diego Velázquez oso nabarmentzekoak dira.
Erromantikoak
Erromantizismoan azpimarratzekoak dira Eugène Delacroix, Jean-François Millet, Théodore Géricault eta Francisco Goya, besteak beste.
Modernoak
Arte modernoan, Edvard Munch, Vasili Kandinski, Gustav Klimt, Joan Miró eta Pablo Picasso, beste batzuen artean.
Euskal Herriko margolariak
Euskal artisten artean, Aurelio Arteta, Jose Luis Zumeta eta Menchu Gal dira aipagai, bereziki.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
Kanpo-estekak
- (Frantsesez)(Ingelesez) Parisko Louvre museoaren webgune ofiziala
- (Gaztelaniaz)(Katalanez)(Galizieraz) Madrilgo Pradoko museoaren webgune ofiziala