Marga Andurain
Marguerite Clérisse —ezagunagoa Marga Andurain (frantsesez: Marga d'Andurain) izen-deiturez— (Baiona, Lapurdi, 1893ko maiatzaren 29a - Tanger inguruko itsasoa, Ozeano Atlantikoa, 1948ko azaroaren 5a) emakume espioia eta abenturazalea izan zen.
Marga Andurain | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Baiona, 1893ko maiatzaren 29a |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Heriotza | Tanger, 1948ko azaroaren 5a (55 urte) |
Familia | |
Aita | Maxime Clérisse |
Ezkontidea(k) | Piarres Andurain |
Seme-alabak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | abenturazalea, idazlea, espioia, merkataria, drug dealer (en) , bidaiaria eta oroitzapen-idazlea |
Bizitza
Marguerite Clérisse Baionan sortu zen 1893. Aita Baionako Epaitegi Nagusiko Maxime Clérisse epailea zen, eta ama Marie Hiriart, Baionako notario eta sendagile ospetsuen familia bateko alaba eta Arnaut Oihenart euskal idazle zuberotarraren ondorengoa[1]. Ttipi-ttipitik liskarretan eta kalapitetan sarturik ibili zen, eta horregatik eskualdeko eskola erlijioso guztietatik kanporatu zuten. Hori dela eta, Hondarribiko ursulinen eskolara bidali zuten. Antza, han bukatu zituen ikasketak. Eta dirudienez Marga izena eskola horretan erabiltzen hasi zen.
Nortasun handiko neska zen, eta gizonak bereganatzeko dohain berezia omen zuen. Hamazazpi urte zituela, bera baino hamabi urte zaharragoa zen Piarres Andurain lehengusuarekin ezkondu zen. Anduraindarrak jatorriz zuberotarrak ziren, Andurain-Mayte gazteluko familiakoak[2]. Piarres Clement Andurain Maitieren lehengusua zen, Zibero ezizenez ezagututako euskal idazlea. Berehalaxe, senar-emazte berriak Argentina aldera abiatu ziren negozioak egitera. Panpan erosi zuten ganadu-ustiapenerako etxaldea. Negozioa ez zen ondo atera eta bi urte berantago, dirua xahutu ondoren, Baionara itzuli ziren. Beste bertsio baten arabera Teodoro Jauregi pilotari markinarrarekin egin zuen Argentinako buelta.[3]
1925ean, aita hildakoan, zegokion herentzia zatia jaso eta Euskal Herria utzirik, Egiptora joan zen. Kairon edertasun-areto bat zabaldu zuen. Jakes semeak dioenez, Margak Ingalaterrako Inteligentzia Zerbitzurako ezkutuko lana egiten zuen, eta horretara joan zen Kairora. Semearen ustetan, Mary Stuart edertasun-aretoa haren egiazko jardueraren estalkia besterik ez zen. Aretoari esker, Marga lasai ederrean mugitzen zen ofizial britainiarren emazteen artean.
1920ko hamarkadako Kairo hartan Anduraingo konde-kondesak arrunt ezagunak ziren hiriko giza- eta kultura-ekitaldi guztietan. Kairo eta Alexandriako Jai-Alaien kudeaketan parte hartu zuen bere lagun Teodoro Jauregi pilotariarekin batera, eta haren bertsioaren arabera, Txina aldera Jai-Alaia zabaltzeko ideiaren sorreran ere parte hartu zuen.[3] Edertasun-aretoak arrakasta ikaragarri handia erdietsi zuen eta bertara joaten ziren ofizial britainiarrekin ezkonduriko andre egiptoarrak, goi mailako damak eta baita Egiptoko errege familiako zenbait kide ere, Fuad I.a erregearen emaztea, Nazli Sabri sultana, eta Fauwzia, Pertsiako lehen emazte zena, haien artean zirelarik.
Halako batean, Brault baroiak, harekin eta Haifan, inteligentzia zerbitzuburu zen W.F. Sinclair maiorrarekin, Palestinara joatera gonbidatu zuen, eta bi aldiz pentsatu gabe, harantz abiatu zen aipaturiko lagun horiekin batera. Bidaia horretan, Palestina, Lur Santua eta Siria bisitatu zituen, Sinclair maiorrarekin batera. Badirudi, denboralditxo batez, Sinclairrek eta Margak harreman estuak eduki zituztela. Ekialde Hurbileko frantses agintariek Marga Andurain ingeles etsaiaren aldeko zelataritzat hartu zuten. Sinclairren eskutik, Palmirara iritsi zenean, Margak huraxe zela bere ametsetako bizitokia pentsatu zuen. Kairora itzulita, edertasun-aretoa saldu eta senarrarekin batera Palmirara bihurtu zen. Garai hartan, Palmira hagitz herrixka txikia zen, eta bertan gotorturik bazen frantses guarnizio bat. 1930ean, Margak herriko hotel bakarra erosi zuen, Zenobia erregina mitikoaren izenaz birbataiatu eta euskal altzari ederrez hornitu ondoren, berriro zabaldu zuen. Bertan, garaiko pertsonai ospetsu zenbaitek hartu zuten ostatu, besteak beste Agatha Christie, Lawrence Arabiakoa edota Alfonso XIII erregea.
Hiru urte berantago, sekulako abentura otu zitzaion. Mekara joan nahi zuen. Horrela eginez gero, Mekan sartzen zen lehen emazteki mendebaldarra izanen zen. Abentura berria ongi burutzeko senarraz dibortziatu eta Palmirako Soleiman el Dekmari gameluzain beduinoarekin ezkondu zen. Ezkontza faltsu hori egin ahal izateko, musulman bihurtu zen. Handik zenbait astetara Meka alderantz abiatu zen. Itsaso Gorriko Jidda portuan lehorreratzean, mendebaldarra zela ikusirik, gobernadorearen haremean sartu zuten, Mekan zegoen senar beduinoa bila etorri bitartean.
Badirudi Soleiman ez zegoela prest Margarekin egindako komenentziazko esposatze hura errespetatzeko, eta horregatik ez omen zuen deus egin baionarra haremetik ateratzeko. Ustekabean, esku mertzenario ordaindu batek Soleiman hil zuen, eta Jiddako agintariek Margari leporatu zioten beduinoaren hilketaren ardura. Hori dela eta, hiriko presondegiko ziega ilunetan espetxeratu zuten. Kontsul frantsesaren esku-sartzeak harrikaturik hiltzetik libratu zuen, baina ezin izan zuen deus egin kanpora bidal ez zezaten. Piarres senarra eta Jakes semea Palmirako hotelaren jarduera kudeatzen gelditu ziren.
Parisen, urtebeteko erbestealdia igaro ondoren, senarra eta semea berriro ikusi ahal izan zituen, eta senarraren eskariz Piarresekin esposatu zen berriz ere. Handik gutxira, esku ezkutu batek Piarres Andurain erail zuen hotelaren inguruetan, eta berriz ere, Marga susmopean gelditu zen. Susmo txar horietatik ihes egin nahian, 1937an Siria utzi zuen betiko. Senarraren heriotza bortitzaz gain, Margaren maitale izandako hiruzpalau gizonen hilketa ere egozten zizkioten. Dena den, inoiz ezin izan zuten deus frogatu baionarraren kontra.
Bigarren Mundu Gerrak Marga eta Jakes semea naziek okupatutako Parisen hartu zituen bete-betean. Margak bere txaleta ofizial alemaniarrentzako luxuzko prostituzio-etxe bilakatu zuen, eta opio trafikatzaile gisa aritu zen. Jakes semeak, bitartean, erresistentzian jardun zuen. Alemaniarrek gerra galdu behar zutela ikusirik, Paris utzi eta Aljerrera joan zen. Han zegoela, harremanak finkatu zituen De Gaulleren aldekoekin, eta horri esker, gerra bukatu zelarik, Frantziara itzuli ahal izan zen eta Kosta Urdinean bizitzen jarri. Zenbait hilabete geroago, bere iloba gaztea zen Raymond Clérisse erailik azaldu zen, eta horren hilketa Margari leporatu zioten, herentzia bat zela eta, harekin liskarretan baitzebilen. Aipatu hilketa zela eta, Marga kartzelan sartu zuten berriz ere, baina bere aurkako probarik ez zenez gero, handik gutxira kanporatu behar izan zuten.
Bizibidea ateratzea ez zitzaion batere erraza, eta urrearen kontrabandoari ekin zion. Horretan ari zela, Tangerren, 1948an, bere belaontzian esku ezezagun batek hil eta, itsasora jaurtikiz, desagerrarazi zuen betiko. Bere semearen arabera Intelligence Serviceko "Untxi Xuria" goitizeneko batek hil zuen Raymond Cleérissen, honen maitalearen, hilketa mendekatzeko.[4]
Denetik esan da emakume honetaz, eta hari buruz hitz egitean Euskal Herriko Mata Hari, Palmirako erregina, Basamortuko kondesa, Lawrence Arabiakoaren maitalea, hogei hilketako kondesa eta halako goitizenak ezarri izan dizkiote. Berak bere burua definitzeko bi hitz erabiltzen zituen soilik: euskal herritarra eta abenturazalea. Historian ageri diren euskal herritar emakume abenturazale gutxietako bat da, Katalina Erauso moja alferezarekin batera.
Bibliografia
- Marga Andurain: Le mari passeport. Jean Froissart, Paris, 1947.[5]
- Dokumentala (2016) "Mujeres viajeras - Marga D'Andurain (Las mil y una Marga)" http://www.rtve.es/alacarta/videos/mujeres-viajeras/mujeres-viajeras-marga-dandurain-mil-marga/3530680/
- Marie Cecile de Taillac: La comtesse de Palmire. Belfond, Paris, 1999. ISBN-13: 978-2714436603.
- Cristina Morato: Cautiva en Arabia. Plaza & Janés, Bartzelona, 2009. ISBN 9788401305573
Erreferentziak
- Cristina Morato: Cautiva en Arabia. Plaza & Janés, Bartzelona, 2009. Lehen kapitulua.
- (Ingelesez) «File:Blason Fr famille Andurain-de-Maytie (Soule).svg - Wikimedia Commons» commons.wikimedia.org (Noiz kontsultatua: 2018-10-21).
- (Gaztelaniaz) Luz sobre los frontones en Egipto |. (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
- (Frantsesez) Drôle de mère - Jacques d'Andurain. (Noiz kontsultatua: 2017-11-24).
- (Frantsesez) LE MARI PASSEPORT - Jacques d'Andurain. (Noiz kontsultatua: 2017-11-24).