Maravillas Lamberto
Maravillas Lamberto Ioldi (Larraga, Nafarroa Garaia, 1922ko ekainaren 28a – 1936ko abuztuaren 15a) Espainiako Gerra Zibilean Nafarroan eraildako nerabea izan zen. Herriko militante sozialista zen Vicente Lamberto aitarekin batera atxilotu zuten, Espainiako gerra zibilaren hasieran. Guardia Zibila haren bila etxean azaldu zenean, Maravillas alabak aitarekin joan nahi izan zuen. Udaletxean bahiturik, Maravillas behin eta berriz bortxatu ondoren aitarekin batera erail zuten, falangistek, hamalau urte eskas zituela.[1] Haren gorpua biluzik txakurrei eman zioten eta gorpuzkiak erre zituzten. 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen ondoren Espainian izan zen basakeriaren eta errepresioaren adibide bihurtu da.
Maravillas Lamberto | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Maravillas Lamberto Yoldi |
Jaiotza | Larraga, 1922ko ekainaren 28a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Larraga, 1936ko abuztuaren 15a (14 urte) |
Heriotza modua | : Exekuzio estrajudiziala bala zauria |
Hiltzailea | falangista |
Familia | |
Aita | Vicente Lamberto |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | gerra-krimenaren biktima |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
Bizitza
Maravillas Lamberto, Vicente Lamberto Martínez UGTko nekazari militante eta Paulina Yoldiren hiru alaben arteko zaharrena, 1922ko ekainaren 28an jaio zen Nafarroako Larraga herrian.
Erailketa
1936ko uztailaren 18an, Espainiako Bigarren Errepublikako gobernuaren aurkako estatu-kolpea eman zen. Nafarroa izan zen konspirazioa sortu zen lurralde nagusietako bat, bai esparru militarrean, bai zibilean. Militarren aldetik, Emilio Mola jenerala Iruñeako gobernadore militarra izan zen eta Infanteriako 12. Brigadako agintaria zen. Alde zibilean, Elkarte Tradizionalista eta Errekete Karlistaren presentzia izan zen gehiengoa. Nafarroa lehen unetik egon zen matxinatuen menpe eta bere lurraldean ez zen ekintzarik edo gerrarik egin.[2]
1936ko abuztuaren 15eko goizeko hiruretan, Artaxoako postuko Guardia Zibileko bikote bat, bi zibil lagun zituela, Falangeko Julio Redín Sanz kidea, eta "Larragako txurro-saltzailearen semea" izenez ezaguna zen erreketea Lamberto familiaren etxeko atea jo zuten Vicente Lamberto Martinez (Maravillas Lambertoren aita) eramateko. Helburua kontzeju etxera eramatea eta galdeketa egitea zen, ustez bere militantzia politikoagatik, aurrez Larragatik kanporatzeko mehatxua egin zioten. Maravillas, 14 urtekoa, 10 urteko bere ahizpa Pilarren gela berean lotan zegoen. Etxeko beste gela batean Josefina ahizpa, 7 urtekoa, eta Vicenteren emaztea, Paulina Yoldi, zeuden. Ahizpa Pilarrek gogoratuko zuenez, aita udaletxera galdetzera eramaten zutela esan zietenean, Maravillasek haiekin batera joatea eskatu zuen, eta horrela egin zuten.[3][4]
Vicente herriko udaletxearen azpian zegoen kalabozoan itxi zuten. Maravillas, berriz, idazkaritzaren goiko geletara igo zuten, eta han behin eta berriz bortxatu zuten, zeraman arropa guztia urratuz. Bortxatzaileen artean Larragako Udaletxeko idazkaria zegoela diote. Goizeko bostak aldera, Vicente eta Maravillas kamioian eraman zituzten Ibirikura (Larragatik 40 kilometrora), eta Etxarri Aranatzen gelditu zuten ibilgailua. Han berriro bortxatu zuten Maravillas, oraingoan aitaren aurrean, eta biak hil zituzten. Neskatoaren gorpu biluzia zakurretara bota zuten. Maravillasen hiltzaileek euren ekintzen erakustaldi publikoa egin zuten baina ez zuten inolako errepresaliarik jaso. Arras zaila izan da aztarnak aurkitzea, Maravillasen gorpua elementuen eraginpean egon zen denbora luzez deskonposizio egoeran sartu zen eta ezinezkoa izan zen lurperatzea. Gainera, Ibiriku herriko biztanleek gasolinaz erretzea erabaki zuten txakur eta animalia gehiagok usteltzen ari zen gorpua jaten jarrai ez zezaten.
Familian izan zuen eragina
Handik gutxira, Guardia Zibilak berriro erregistratu zuen Maravillas-en familiaren etxea. Nahi zuen guztia konfiskatuz eta Paulina Yoldi ama atxilotu zuen. Maravillas-en amak militar baten etxea zerbitzari lanetan aritu behar izan zuen orduan eta bi ahizpak familia Maravillas bortxatu zuenetako baten familiarekin bizitzera behartu zituzten. Ondasun familiarrak herriko bizilagun batzuen artean banatu ziren, esate baterako, behorra Larragako okindegian geratu zen, Vicentek dirua zor ziola argudiatuz.
Lamberto familia betiko markatu zuten gertaera horiek. Josefina, bost urte geroago, moja-komentu batean sartu zen. Aurrekari familiarrak zirela eta, Karatxiko komentu batera bidali zuten. Han, Pakistanen, debekatuta zuen gainerako mojekin tratua izatea eta ezin zuen beste hizkuntzarik ikasi bertakoekin tratua saihesteko. Franco diktadorea hil ondoren, Madrilera itzuli zen, eta hor eraildako aita eta arrebaren memoria berreskuratzeko interesa piztu zitzaion. Komentuko Ama Nagusiak, "zerbait egingo zutela" uste zuenez, Josefinari komentutik ateratzea debekatu zion. 1992an, komentua 46 urtez egon ondoren, erlijio bokazioa galdu, komentua utzi eta Iruñera joan zen. [5]
Josefina Nafarroako Fusilatu, Eraildako eta Desagertuen Senitartekoen Elkartearen (AFFNA-36) sortzaileetako bat izan zen. Ahizparen eta aitaren hilketen kasua Buenos Airesko epaitegi batera eraman zuen; beraz, 2014. urtea Frankismoko krimenen aurkako Argentinako kereila delakoan sartu zen.[1]
Gaur egungo omenaldiak
Larragako agintari politikoek behin eta berriz uko egin zioten biktima honi omenaldirik egiteari, ez eta Gerra Zibilean herrian hildako 45 biktimei ere. Udalak kale bat berari eskaintzeko eskaerari uko egin zion 2008ko irailean (UPN alderdiaren hurbileko zinegotzi independenteek eta Nafarroako Alderdi Sozialistak aurka bozkatu zuten).[6] Hala ere, Ahaztuak 1936-1977 kolektiboak 2008ko urriaren 26an ehunka lagunek parte hartu zuten biktima horiei guztiei omenaldia egin zien. "Auzolan Elkartea" elkartearen fatxadan, Maravillas Lamberto neskatoari eta fusilatuen gainontzekoei eskainitako plaka bat jarri zen. [7] Azkenik, 2012ko apirilaren 28an, Maravillas Lamberto jaio zen etxean kale horren zati bati izena ematen dion plaka jarri zuten [12] . Maravillasen ahizpa bakarra, Josefina, omenaldi horietan egon ondoren 2022ko ekainaren 7an hil zen Iruñean [8]
2007an Fermin Balentzia kantautore nafarrak, frankismoaren biktimei eskainitako beste abesti batzuen artean, neska honi eskainitako "Maravillas" izenburua duena publikatu zuen .[9][10]
2008an argitaratutako Xabier Montoia musikari eta idazle gasteiztarraren "Golgota" eleberriak kontatzen ditu gertaera horiek.[11]
2009an Berri Txarrak taldeak Maravillas kanta eskaini zion Payola diskoan.[12] Aretxabaletako Nhil taldeak abesti horren beste bertsio bat plazaratu zuen 2020an Aztarnak albumean.[13] Eta Berri txarrak taldeak zuzeneko bertsio bat grabatu zuen Madrilen Maravillas zuzenean (Madril, 2019.11.09) izeneko diskoan.[14]
2017ko abenduaren 2an, Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxea irekitzeko ekitaldi ofizialean, jakitera eman zen gunearen izen berria Maravillas izango zela, Maravillas Lambertoren omenez. Ekitaldian Maravillasen ahizpa Josefinak parte hartu eta ahizparen izena ematea eskertu zuen, memoria historikoa beharrezko tresna dela esan zuen, iraganeko krimenak ez ahazteko.[15]
2018ko otsailaren 10ean, Joseba Asiron alkatearen aginduz, Iruñeko Udalak bere izenean plaza bat inauguratu zuen Lezkairu auzo modernoan. Plaza berri horrek 13.000 metro koadro ditu, Gazteluko plazaren antzera, berdegune eta kulunkariekin. Inaugurazio ekitaldian Josefina izan zen eta udaletxeko agintariek ere parte hartu zuten.[16]
2019ko urtarrilean Gaztetxea husteko Nafarroako Gobernuaren ahaleginean, okupatzaileek omenaldia egin zioten, eta haren ahizpa Josefina bertaratu zen, eskerrak emateko.
2020an LEIZEAK rock taldeak abesti bat eskaini zion Maravillasi, letran Maravillas gaztetxeari erreferentzia eginez, baita Maravillas Lambertori ere.[17] Urte berean estreinatu zen "Florecica" dokumentala, non Josefina Lambertok faxismoak bortxatu eta erail zuen bere ahizpa Maravillas gogoratzen zuen.[18]
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Albin, Danilo. (2018). «Maravillas Lamberto, la niña violada y asesinada por falangistas, jamás será olvidada en Pamplona» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2023-08-17).
- (Gaztelaniaz) Pozo, Jesús Martínez Ruiz del. (2020-09-21). «Maravillas Lamberto - una niña violada y asesinada en la Guerra Civil» Khronos Historia (Noiz kontsultatua: 2023-08-17).
- (Gaztelaniaz) Moreno, Gorka. (2012). «Maravillas, violada y asesinada junto a su padre en 1936, tendrá su propia calle en Larraga. (1ª PARTE)» EL INFORMADOR (Web Archive gunean jasoa, orijinala ezabatua dago).
- (Gaztelaniaz) Moreno, Gorka. (2012). «Josefina Lamberto Yoldi, hermana de Maravillas, muerte, dolor y marginación en vida desde 1936 (2ª PARTE)» EL INFORMADOR (Web Archive gunean jasoa, orijinala ezabatua dago).
- (Gaztelaniaz) Egaña, Iñaki. (2007). «Karachi - Memoria» web.archive.org (http://www.euskaldunak.info)+(Noiz kontsultatua: 2023-08-18).
- (Gaztelaniaz) Gerindabai. (2008-09-27). «Gerinda Bai: EL AYUNTAMIENTO DE LARRAGA NIEGA UNA CALLE A MARAVILLAS LAMBERTO» Gerinda Bai (Noiz kontsultatua: 2023-08-18).
- (Gaztelaniaz) «Larraga recordó a los olvidados del 36. Diario de Noticias Navarra ::: El periódico de todos los navarros. Sociedad» web.archive.org 2011-12-18 (Noiz kontsultatua: 2023-08-18).
- (Gaztelaniaz) .
- (Gaztelaniaz) Balentzia, Fermin. Maravillas. (Noiz kontsultatua: 2023-08-18).
- (Gaztelaniaz) «Maravillas (Fermin Balentzia)» Memoria Histórica y Educación 2017-01-25 (Noiz kontsultatua: 2023-08-18).
- Montoia, Xabier. (2008). Golgota. ELKAR ISBN 978-84-9783-635-7. (Noiz kontsultatua: 2023-08-18).
- BERRI TXARRAK - Maravillas (Official video). (Noiz kontsultatua: 2023-08-18).
- Nhil. (2020). «Aztarnak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-24).
- Berri Txarrak. (2020). «Maravillas zuzenean (Madril, 2019.11.09)» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-24).
- (Gaztelaniaz) «Inaugurado el Gaztetxe de Alde Zaharra que pasará a llamarse Maravillas» Ahotsa Info 2017-12-02 (Noiz kontsultatua: 2017-12-03).
- «Iruñean dago Maravillas Lamberto» Berria 2018-02-10 (Noiz kontsultatua: 2018-02-10).
- MARAVILLAS - LEIZEAK (Bideoklipa). (Noiz kontsultatua: 2023-08-18).
- (Gaztelaniaz) FLORECICA ESTRENO. ENS VEIEM DEMÀ PRODUCCIONS 2020-09-19 (Noiz kontsultatua: 2023-08-18).
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) «Maravillas Lamberto ya tiene plaza en Iruñea», Naiz, 2018-02-10.
- (Gaztelaniaz) Maravillas Lamberto, 82 años de ausencia. naiz.eus
- (Gaztelaniaz) Josefina Lamberto: “Recuerdo a mi madre pidiendo limosna” elsaltodiario.com
- Emotivo recuerdo a Maravillas Lamberto a los 82 años de su asesinato YouTuben
- Inauguración de la Plaza Maravillas Lamberto YouTuben
- Canción dedicada a Maravillas YouTuben