María Josefa Cerrato Rodríguez
María Josefa de los Reyes Cerrato Rodríguez (Arroyo de San Serván, Badajoz, 1897ko urtarrilaren 6a – Calamonte, Badajoz, 1981eko apirilaren 30a) albaitaria izan zen.[1] Aitzindari izan zen arlo horretan. Espainian albaitaritzako unibertsitate-titulua lortu zuen lehen emakumea izan zen, eta Europako hirugarrena. Bere ikasketak bikain egin zituen, eta 1925ean Kordobako Albaitaritza Eskola Berezian titulua lortu zuen, gaur egungo Kordobako Albaitaritza Fakultatean.[2]
María Josefa Cerrato Rodríguez | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | María Josefa Cerrato Rodríguez |
Jaiotza | Arroyo de San Serván, 1897ko urtarrilaren 6a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Calamonte, 1981eko apirilaren 30a (84 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Kordobako Unibertsitatea Santiago de Compostelako Unibertsitatea Granadako Unibertsitatea Madrilgo Goi Mailako Errege-Musika Kontserbatorioa |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | albaitaria, irakaslea eta farmazialaria |
Biografia
María Josefaren familiak herriko errementegia kudeatzen zuen, eta garai hartan nahitaezkoa zen negozio hori albaitari batek zaintzea. Aitona eta aita albaitariak izan ziren, eta ama maistra, baina aita erretiratzean, neba, familiako negozioan nagusi zenak, ez zuen albaitari ikasketarik eta itxi egin beharko zukeen albaitaririk ezean.[3] Aitak María Josefa animatu zuen unibertsitatean matrikulatzera, albaitari-titulua lortzeko. Garai hartan, emakumeek debekatuta zuten karrera hori ikastea, eta, beraz, 1923an, Maria Josefak Instrukzio Publikoko Ministerioaren baimen berezia lortu behar izan zuen. Baimen horretan, bere gaitasun fisikoak bermatzen zituen ziurtagiri medikoa ere gehitu beharra izan zuen.[2]
Madrilgo Kontserbatorioan solfeo ikasketak egin zituen, batxilergoa Badajozen eta bertan lortu zuen Irakasle Titulua. Esparragosa de los Lares-en maistra-lanpostua lortu zuen oposizioetan, baina, geroago, eszedentzia eskatu zuen Sevillako Unibertsitatean sartzeko prestatzen hasteko. Farmaziako lehen hiru kurtsoak egin zituen Granadako Unibertsitatean.[1] Kordobako Albaitaritza Eskola Berezian ikasle libre gisa matrikulatu zen 1924an eta lizentziatura 1925eko ekainaren 6an lortu zuen. 1926ko otsailaren 16an Badajozko Albaitarien Elkargo Ofizialean eman zuen izena. Albaitari-karrera amaitu ondoren, Santiagora joan zen, eta han Santiagoko Unibertsitateko Farmaziako gainerako ikastaroak egin zituen.[2][3] Ez zen lehena izan Albaitaritzan matrikulatzen, Justina González Morilla Maria Josefa baino lehenago matrikulatu baitzen Leongo Unibertsitatean, baina 1928an amaitu zuen karrera. Maria Josefak lehenago amaitu ahal izan zuen, Farmazian gainditutako irakasgai batzuk baliozkotu baitzitzaizkion.[4]
Kalamonteko albaitari, maisu eta farmazialari lanetan aritu zen 1926tik 1967ra bitartean.[3][2]
Omenaldiak
- Espainiako lehen albaitari-emakumearen albistea Andaluzia ilustratua aldizkariko ohar grafikoen atalean agertu zen. Aldizkari hori Kordoban argitaratu zen, 1925eko ekainean, eta Revista de Higiene y Sanidad Pecuarias aldizkariaren 1925eko 80. alean.[1]
- Kalamonten, 1975eko maiatzean, kale bat eskaini zioten.[1]
- 1967an erretiroa hartu ondoren, Badajozko Albaitarien Elkarte Probintzialak Albaitaritzako Urrezko Domina eman zion.
- 1978an, Albaitari Titularren Elkarteak omenaldia egin zion Meridan.
- 1979an Albaitarien Emazteen Elkarteko ohorezko lehendakari izendatu zuten.[2]
Erreferentziak
- Bartolomé, Pilar. (27 de noviembre de 2016). «María Cerrato: la primera veterinaria de España» eldiadecordoba.es.
- Prego Meleiro, Carlos. (21 de septiembre de 2017). «Las pioneras que conquistaron Veterinaria» mujeresconciencia.com.
- Castaño Rosado, María. «Primeras Mujeres Veterinarias Españolas» www.historiaveterinaria.org.
- Giganto, Teresa. (13 de octubre de 2016). «La mujer de los Oteros que nació antes de tiempo» lanuevacronica.com.