Mapa
Mapa bat eskualde bateko edozein aldagai irudikatzen duen adierazpen grafikoa da, normalean bi dimentsioko planoan. Hala ere, esferikoak izan daitezke munduko bolak bezala. Aldagai horiek mota askotakoak izan daitezke eta mapa mota definitzen dute. Mapa bat marrazterako edo interpretatzerako orduan, pertsona orok eskala kontuan hartu behar du.
Ezagutzen diren mapa zaharrenak zerua irudikatzen duten arren, lurraldea irudikatzen duten mapak dira ohikoena aspalditik. "Mapa" hitza latinetik dator, Mappa mundi elkarketatik, non mappa-ren esanahia 'zapia' den[1].
Historia
Mapak giza asmakizun garrantzitsuenetariko bat izan dira urtetan zehar, gizakiei bidea emanez munduan zeharreko bideak eta nabigazioa azaltzeko. Labar-pinturetan eta harrietako grabatuetan azaltzen diren lehen mapak ahaztu gabe, antzinako Babilonian, Grezian eta Erroman, Txinan eta Indian sortzen dira lehen mapa zehatzak. Bi dimentsioko mapak dira ohikoenak, baina, Grezia klasikoaren aroan ere baziren hiru dimentsioko esferatan, globotan, proiektatutako mapak.
Mercatorren proiekzioa, Gerardus Mercator geografo flandestarrak garatua, asko erabili zen XX. mendearen bukaera arte lurraren bi dimentsioko proiekzio estandar gisa, proiekzio zehatzagoak egin ziren arte. Mercator izan zen, halaber, atlas kontzeptua, mapa-bilduma gisa, zabaldu zuen lehena.
Geografia
Kartografia esaten zaio mapa geografikoen elaborazioari, eta kartografoa horretan aritzen denari. Errepide mapak dira seguruena gaur egun gehien erabiltzen direnak, baina mota askotako mapak daude.
Mapa motak
Mapa mota ugari daude irudikatutakoaren arabera:
- Burdinbide mapa: eskualde bateko burdinbideak erakusten dituena.
- Errepide mapa: eskualde bateko errepideak irudikatzen dituena.
- Hizkuntza mapa: hizkuntza baten hedapena adierazten duen mapa.
- Mapa geologikoa: lurrazaleko arroken eta egitura geologikoen mapa.
- Mapa fisikoa: eskualde baten ezaugarri fisiografikoak erakusten dituena.
- Mapa hidrografikoa: urez beteriko sailak eta ibaiak erakusten dituena.
- Mapa plubiometrikoa: eskualde baten euri-ur kopurua erakusten duena.
- Mapa politikoa: eskualde baten banaketa administratiboa eta politikoa erakusten duena.
- Mapa turistikoa: turistei zuzendutako zonalde bateko mapa.
Ohiko mapa guztiak mapa geografikoak dira, baina gaur egun hedaduraz bestelako mapak ere osatzen dira: garun-mapak, DNA mapak
Erreferentziak
- (Ingelesez) Alington, Gabriel. (1996). The Hereford Mappa Mundi. Gracewing, 9 or. ISBN 9780852443552..