Manuel Calvo Aguirre
Manuel Calvo Aguirre (Portugalete,1816ko abenduaren 24a – Cadiz, 1904ko martxoaren 16a) enpresaria eta esklabo trafikatzailea Kuban, egindako dirutzarekin ongile aritu zen Portugaleten.[1]
Manuel Calvo Aguirre | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Portugalete, 1816ko abenduaren 24a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | 1916ko martxoaren 16a (99 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | esklabo-trafikatzailea |
Biografia
Galiziako Matías Calvo eta Ondarruko Josefa Aguirreren semea. Comillaseko II. markesaren arabera, hamabi urte zituela Manuelek aitarekin lanean hasi zen, kostazain Kantabriako kostaldean. 1834an Habanarako bidea hartu zuen Nautikako ikasketak amaitu ondoren.[2] Maria Rosario Caballero alargun aberatsarekin ezkondu zen, baina ez zuten seme-alabarik izan.[2] 1835ean 450 esklabu garraiatzen zituen itsasontzia harrapatu zuten, itsasontzia Manuel Calvo Aguirreren izenean zegoen inskribatua.[3] 1864ean azukre-lantegi bat zuen jabetzan, Flor de Sagua izenekoa. Cuerpo de Voluntarios eta Casino Español delakoaren sortzailea izan zen. Antonio López y López-en, Comillasko I.go markesa, bazkidea izan zen bai Banco Hispano Colonial eta bai Compañía Trasatlántica Española delakoan, konpainiaren lehendakari-ordea izatera heldu zen. Patricio Satrústegui ere Calvoren bazkidea izan zen.[4]
Beste enpresari batzuekin batera, Partido Español delakoa sortu zuen.[2] Kubako Independentzia Gerraren testuinguruan Portugaletera bueltatu zen.[4] Kubatik bere esklabuak ziren Casilda eta Salomé izeneko emakumeak ekarri zituen berarekin, ondoren askatu zituenak.[5]
1901ean bere azken borondateak idatzi zituen. Ondarearen gehiengoa Comillasko II. markesari utzi zion, hurrengoa utzi zion bere jaioterriari:
la casa Hotel valorada en 400.000 pesetas y la propiedad de la ubicada en la calle Aguiar nº 96 (La Habana) al fallecimiento de su usufructuaria. (Hotel etxeak, 400.000 pezetetako balioa du, eta Aguiar kaleko 96 zenbakian (Habanan) dagoenaren jabetza).[6]
1869an hotel bat eraikiarazi zuen eta hostalaritzan aritu zen berau kudeatuz, 1902an hoteleko irabazi guztiak pobreen alde izango zirela eta haiei zuzendutako jangela bat prestatuko zuela adierazi zuen publikoki. Egun, Gran Hotel Puente Colgante delakoa dago lur eremu horretan.[6]
1904ean Portugaleteko Udaletxeak batzorde bat sortu zuen Manuel Calvoren ondarea kudeatzeko, batzordearen kideak dira Andra Maria basilikako abadea, Portugaleteko alkatea eta udaletxeak hautatutako zinegotzi bat. 1920an Fundación Manuel Calvo sortu zuten.[2]
Cadizen bizi bazen ere Portugaleten hilobiratu zuten, Pandoko hilerrian Comillaseko II. markesak panteoi nabaria eraiki zion eta bertan irakur daiteke:
Al insigne patricio Don Manuel Calvo y Aguirre. Defensor de los intereses españoles en Las Antillas y bienhechor de Portugalete. (Manuel Calvo y Aguirre patrizio ospetsuari. Espainiako interesen defendatzailea Las Antillasen eta Portugaleteko ongilea).[2]
Bibliografia
Jon Ander Ramos eta Ana Isabel Ugalde Gorostiza (2023). Manuel Calvo y Aguirre, entre el hotel y la casa de los pobres de Portugalete. Vasconia: Cuadernos de historia - geografía, 47, 11-52.
Erreferentziak
- «Iragan ilunak auzitan jarri du gaurko aberastasuna» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
- «Manuel Calvo Aguirre | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
- (Gaztelaniaz) j.a. (2022-06-20). «Dos historias de esclavistas» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
- «CALVO Y AGUIRRE, Manuel - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
- (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-09-29). «La diáspora negra desmonta el relato hegemónico blanco» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-10-09).
- (Gaztelaniaz) Arlucea, Ana Vega Pérez de. (2020-09-29). «El hotel que dio de comer a los pobres en Portugalete» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).