Manu Muniategiandikoetxea

Manu Muniategiandikoetxea (Bergara, 1966) gipuzkoar margolaria da.

Manu Muniategiandikoetxea
Bizitza
JaiotzaBergara, 1966 (57/58 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerakmargolaria

Arte Ederretan lizentzia eskuratu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (1990), eta Donostiako Artelekun osatu zuen prestaketa bertan eginiko hiru urteko egonaldian. Berehala hasi zen beka, sari eta laguntzak eskuratzen. 1991n, esaterako, Gipuzkoako Artista Hasiberriei eskainitako saria irabazi zuen, baita Bizkaiko Foru Aldundiak deituriko "Bizkaiko Artea" lehiaketako hirugarrena ere. 1995ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sorkuntzarako laguntza eta beka jaso zituen, baita Greziako Germination beka ere, besteak beste. 1996an lehenengo sariak irabazi zituen Lizarrako Pintura Bi Urtekoan eta Valentzian ematen den Bancaja Sarian.

1995ean egin zituen bere aurreneko bakarkako erakusketak, eta orduz geroztik, Euskal Herrian ez ezik, Espainiako zein atzerriko hainbat hiritan aurkeztu du bere lana, bakarka zein talde-erakusketetan. 2000. urtean, adibidez, Valentzian, Berlingo Art-Forum azokan, Madrilgo Arco Arte Garaikidearen Azokan, Iruñean, Bilbon, Bartzelonan eta Ourensen egon ziren bere lanak ikusgai, eta artearen merkatuan proiekzio handia lortu zuen. Sari eta ezagutza aldetik ere garrantzitsua izan zuen 2000. urtea: Caja de Madridek deitutako Generación 2000 deialdian lehenengo saria eskuratu zuen Espacio con espejos lanagatik, eta Eusko Jaurlaritzak deitzen duen Gure Artean banatzen diren hiru sari nagusietako bat lortu zuen, Palés izeneko lanarekin. Harrezkero lanean eta erakusketak egiten jarraitu du.

Bere lanetan ez zaie gai zehatz batzuei lotzen, baina azken urteotakoetan asko nabarmentzen dira hainbat objekturi buruzko sailak (aulkiak, eraikinak, kutxak...), objektu horiek ikuspuntu askotatik birsortuz, gehienetan kolorearen erabilera indartsuez eta ironia puntu batez, neurri handi zein txikitan. Teknologia berriak ere erabiltzen ditu bere lanerako.

Erreferentziak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.